Rubialesi urruntze agindua ezartzeko eskatu du fiskaltzak

EFFko presidente ohiak Auzitegi Nazionalean deklaratu du, eta leporatutako bi delituak ukatu ditu.

Luis Rubiales atzo, Auzitegi Nazionalean. SERGIO PEREZ / EFE.
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen atzo, Munduko Futbol Koparen finalean Jennifer Hermosori eman zion muxuaren aferan. Inputatuta deklaratu zuen, baina leporatzen dizkioten bi delituak ukatu zituen. Esan zuen jokalariaren onespena zuela muxu emateko, eta ez zuela Hermoso edo haren inguruko inor presionatu bere alde egiteko.

Auzitegi Nazionalean dago auzia, Espainiaren mugetatik kanpo gertatu zelako, Sydney-n. Bi delitu leporatzen dizkio Fiskaltzak: sexu eraso abusua eta derrigortze delitua. Hitzordua baino ordubete lehenago iritsi zen Rubiales auzitegira, Olga Tubau abokatuarekin batera. Parte guztien galderei erantzun zien, baina ez sartzean ez ateratzean ez zien kazetariei adierazpenik egin. Ikusmin handia piztu zuen deklarazioak.

Deklarazioa amaitzean, fiskaltzak badaezpadako bi neurri hartzeko eskatu zion epaileari. Rubiales Hermosorengandik gutxienez 500 metrora urruntzeko agindua, eta auzia amaitu bitartean harekin harremanetan jartzeko debekua. Gainera, hamabostean behin epaitegira joan beharko du sinatzera.

Bestalde, atzo egin behar zuen lehen prentsaurrekoa Montse Tome hautatzaile berriak. Haren aurreneko deialdiaren berri eman beharra zeukan entrenatzaileak. Baina Munduko Txapelketa irabazi duten 23 jokalarietatik 21ek eta beste hainbatek planto egin zuten, eta ohar bat zabaldu zuten. Espainiako Futbol Federazioan aldaketa gehiago egon arte ez dira deialdi batera itzuliko. Hori dela eta, hautatzaileak ez zuen prentsaurrekorik eman, ezta deialdirik egin ere.

Hau da, besteak beste, atzo zabaldutako oharrean jokalariek eskatu zutena: emakumeen futboleko organigrama berregituratzea, lehendakaritzaren bulegoa eta Idazkaritza Nagusia berregituratzea, EFFko presidentearen dimisioa, komunikazio eta marketin arloa berregituratzea, eta integritate zuzendaritza berregituratzea. Irene Paredes, Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi, Elene Lete, Maite Oroz, Ainhoa Moraza eta Oihane Hernandez sinatzaileen artean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.