Sabastian Saweren marka: zientzia, prestakuntza eta zapatilak

Igandean bi ordu baino gutxiagoan egin zuen Londresko maratoia, eta, hala, mugarri bat ezarri. Iraitz Arrospidek eta Martin Fizek azaldu dute baldintzak egokiak izan arren zirkuitua ez zela hori lortzeko egokiena. «Izugarria da egindakoa».

Sabastian Sawe helmugaratzen, igandean, Londresko maratoian. NEIL HALL / EFE
Sabastian Sawe helmugaratzen, igandean, Londresko maratoian. NEIL HALL / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko apirilaren 30a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sabastian Sawe atletak kirolean mugarritzat jotzen den balentria lortu zuen igandean, Londresko maratoian: probaren 42,195 kilometroak 2 ordutik behera egitea: 1.59.30. Yoif Kejelchak, bigarren sailkatuak ere lortu zuen balentria hori, handik hamaika segundora iritsi baitzen helmugara: 1.59.41. Hirugarrenak, Jacob Kiplimok, halaber, ez zuen aparte izan: 2.00.28. Hirurek hobetu zuten aurreko munduko marka. 2.00.35. Marka horien atzean zenbait aldagai daude: izan zituzten eguraldiaren baldintzak, erabili zituzten oinetakoak eta, batez ere, zientziak lagunduta eta muturreraino zainduta egindako prestakuntza. Duela hamarkada batzuk ezinezko zirudiena egiteko modua eman du horrek guztiak. Iraitz Arrospide eta Martin Fiz maratoilariek argi dute, gainera, hiru korrikalariek dagoeneko buruan izango dutela hurrengo marka: «Egin dutena ikusita, pentsa daiteke helburua zera izango dela: marka beste 30 segundo jaistea». Elia Kipchogek erretiroa hartu eta gero, hiru horiek  eta John Korirrek —berriki Bostongo maratoia irabazi du— maratoian «aro berri bat» hasiko dutela uste du Fizek: «Behin baino gehiagotan ikusiko ditugu bi ordutik behera».

Arrospide Hondarribiko 10 kilometroko lasterketan ari zen lehiatzen, eta ezin izan zuen maratoia zuzenean ikusi. «Sawek egin duena ikaragarria da, sekulakoa. Bi orduren langa minutu erdi jaitsi du, eta hori asko da». Ez zuen uste Sawe izango zenik hori lortuko zuena: «Kejelchari eta Kiplimori aukera gehiago ikusten nizkien, eskarmentu handiagoa dutelako atletismoko distantzia luzeetan: 10.000 metrokoan, maratoi erdian... Gainera, denbora ikusgarriak egindakoak dira. Kiplimok, adibidez, munduko marka du maratoi erdian». Fizek azken kilometroak ikusi ahal izan zituen, eta Kejelchak eta Kiplimok egindakoa ere nabarmendu nahi izan du: «Hiruren arteko lehia azpimarratuko nuke, uste baitut lehia horrek ere ekarri zuela halako balentria. Marka nork lortuko zuen erreparatu gabe, hirurak bete-betean aritu ziren. Gauzak hain estu ez daudenean, zailagoa da halako zerbait lortzea». Marka Kiplimok lortuko zuela pentsatzen zuen Fizek. «Baina Saweren ibilbidea ere kontuan hartzeko modukoa zen. Aurretik hiru maratoi zituen korrituak: Valentziakoa, Londreskoa bera eta Berlingoa, eta guztietan irabazi egin zuen».

«Gorputza jartzeko duen modua eta oinkada ikusita, esan dezakegu Sawek korritzeko oso modu eraginkorra duela. Energia gutxi kontsumituz, oso bizkor egiten du korrika, eta hori erabakigarria da azken txanpara indartsu iristeko»

IRAITZ ARROSPIDE Maratoilaria

Biak bat datoz Londresko maratoia ez dela egokiena markak ezartzeko: «Eguraldiaren baldintzei eta ibilbideari erreparatuta, Berlingoa, Chicagokoa eta Valentziakoa egokiagoak dira», nabarmendu du Arrospidek. Ondorengoa erantsi du Fizek: «Londreskoak desnibel handiagoa dauka, eta, Tamesis ibaiaren ertzean korritzen denez, hezetasun handiagoa izaten da». Beraz, are balio handiagoa ematen diote lortutakoari.    

Datu ikusgarriak

Sawek orduko 21 kilometroko abiaduran korri egin zuen «Edozein pertsona lasterka jarri, eta ez lituzke 100-150 metro egingo abiadura horretan. Bada, pentsa zer den 42 kilometro egitea», azaldu du Arrospidek. Datuak are ikusgarriagoak dira distantzia txikiagoetan begiratuta. Lehenengo bost kilometroetan, kilometro bakoitza egiteko 2.51 behar izan zuen; azken biak egiteko, berriz, 2.40: Fiz: «Horrek erakusten du behetik gora egin zuela lasterketan». Maratoi osoa kontuan hartuta, kilometroa 2.49an egin zuen batez beste. 

Marka horren atzean dauden arrazoiak aztertzen hasi dira berehala. Biek argi dute eguraldiaren baldintzek lagundu egin ziotela. «Hezetasuna ohi baino txikiagoa izan zen, eta batez ere haizea alde izan zuten. Gainontzean ezinezkoa da halako denbora bat lortzea», berretsi du Fizek. Arrospidek, berriz, Saweren korritzeko moduari erreparatu nahi izan dio. «Gorputza jartzeko duen modua eta oinkada ikusita, esan dezakegu korritzeko oso modu eraginkorra duela». Bada, zer esan nahi du horrek? «Energia gutxi kontsumituz, oso bizkor egiten du korrika, eta hori erabakigarria da azken txanpara indartsu iristeko. Pisuz beste biak baino arinagoa da, eta altueraz txikiagoa. Horrek ere lagundu egiten dio». Buruz ere «oso bizkorra» dela uste du Fizek. «Erritmoari eusten jakin zuen bigarren erditik aurrera, eta hori oso garrantzitsua da. Izan ere, halako markak ez dira lortzen maratoiaren lehen partean, baizik eta bigarrenean». Bestalde, nabarmendu du gaur egun atletak lehenago hasten direla maratoietan korrika egiten: «Gure kasuan, beste distantzia batzuetan aritzen ginen aurretik. Orain, berriz, asko zuzenean maratoiarekin hasten dira. Horrek ere laguntzen du».

«Gu beste distantzia batzuetan aritzen ginen aurretik. Orain, berriz, atleta asko zuzenean maratoiarekin hasten dira. Horrek ere laguntzen du»

MARTIN FIZ Maratoilaria

Bestalde, garai batean maratoilariek egiten zuten prestakuntzak ez du zerikusirik gaur egungoarekin. Gauzarik txikiena ere zaindu egiten dute. Horien artean, bada eragina izan duen arlo bat: elikadura. Urtebetez zientzialari talde batek Saweren metabolismoa ikertu zuen. Sei egonaldi egin zituzten Kenyako Rift haranean. Bertan, haren energia gastua aztertu zuten, laktato probak egin zizkioten eta karbohidratoak xurgatzeko zuen ahalmena ikertu zuten. Gainera, haren digestio sistemaren tolerantzia landu zuten. Horren helburua zera zen: haren gorputzak glukogenoa pilatzeko eta karbohidratoak barneratzeko zuen ahalmena hobetzea. Glukogenoarekin, nekea atzeratu eta erritmo bizian korrika egiteko ahala hobetzen da. Karbohidratoak barneratzeko ahalmena hobetuz, berriz, urdaileko arazoak izateko arriskua gutxitzen da.   

Lasterketa aurretik zera gosaldu zuen: bi ogi xerra eztiarekin eta te infusio bat. Gainera, hidrogel bat hartu zuen. Edari horrek karbohidratoak kapsulatzen ditu, hala urdaileko arazorik ez izateko. Litro erdi bat hartu zuen lasterka hasi aurretik. Lehian ari zen bitartean ere hartu zuen: bost kilometroan behin, hain zuzen. Gainera, lasterketa hasi aurretik, karbohidratoak dituen 25 gramoko gel bat ere hartu zuen, eta, maratoi erdira iritsi zenean, beste gel bat kafeinarekin. 

Erabili zituen oinetakoek ere izan zuten zerikusia markan. «Azken urteetan eman den aurrerapausorik nabarmenena da. Zapatilak askoz arinagoak dira, eta, karbono plakari esker, korrikalariak asfalto gainean korrika egitean izaten duen higadura txikiagoa da. Horri esker, neke gutxiago pilatzen du giharretan». Bat dator horrekin Arrospide: «Zapatilei esker, lasterkari batek 2-3 minutu hobetu dezake bere denbora». Sawek erabilitako zapatilak Adidas markakoak dira, eta 500 euro balio dute. Kirol marka horrek inoiz egindako arinenak dira: 97,27 gramo pisatzen dute, eta karbonoarekin, gomarekin eta aparrarekin eginda daude. Lehen aldia da 100 gramo baino gutxiago pisatzen duten zapatilak egiten dituztela. Tankera horretako lehen oinetakoak 138 gramo pisatzen zuen.

SABASTIAN SAWEREN DENBORAK

  • 1-5. kilometroak: 14.14 (14.14).
  • 6-10. kilometroak: 14.21 (28.35).
  • 11-15. kilometroak: 14.35 (43.10).
  • 16-20. kilometroak: 14.11 (57.21).
  • 21-25. kilometroak: 14.20 (1.11.41).
  • 26-30. kilometroak: 14.22 (1.26.03).
  • 31-35. kilometroak: 13.54 (1.39.57).
  • 36-40. kilometroak: 13.42 (1.53.39).
  • 41-42. kilometroak: 5.51 (1.59.30).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA