Sadar bi hilabetez ixtea proposatu du Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak

Batzordeak dio Getaferen aurkako partidaren bezperan ateak irekita eginiko entrenamenduan, «dozena bat bengala» piztu zirela harmailetan, eta «zale talde ultra baten» ikurrak erakutsi. Osasunari «neurrigabea» iruditzen zaio proposamena.

Osasunako jokalariak eta zaleak Getaferen aurkako partida aurreko entrenamenduan. IÑAKI PORTO / EFE
Osasunako jokalariak eta zaleak Getaferen aurkako partida aurreko entrenamenduan. IÑAKI PORTO / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 4a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sadar bi hilabetez ixtea proposatu du Kirol Eremuko Indarkeriaren, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Espainiako Batzordeak. Horrekin batera, Osasunari 200.000 euroko isuna jartzeko ere eskatu du. Getaferen aurkako azken partidaren bezperan, talde gorritxoak entrenamendua egin zuen Sadarren, ateak irekita, jokalariek zaleen babesa jasotzeko. Hala, batzordeak salatu du zaleak zelaira sartzeko egindako kontroletan irregulartasunak izan zirela. Maiatzaren 22an gertatu zen hori. Osasunak ohar batean adierazi du zigor proposamena «bidegabea eta proportzionaltasunaren kontrakoa» dela. «Ez dator bat gertatu zenarekin. 5.000 zale inguru bildu ziren, eta ez zen liskarrik edo istilurik izan»

Batzordeak txostenean azaldu duenez, «dozena bat bengala» piztu zituzten harmailetan: «Horrek arriskuan jarri zituen zaleak». Gainera, esan du «zale talde ultra baten» banderak erakutsi zituztela: «Jokalariak harmailetara gerturatu ziren, eta talde horren banderak eta bufandak jarri zituzten soinean». 

Indarkeriaren Aurkako Batzordearen arabera, gertatutakoak kirolean indarkeriaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako 2007ko legea urratzen du, «oso modu larrian», gainera. «Klubari 50 zigor jarri baino gehiago jarri dizkio diziplina batzordeak, hegoaldeko beheko harmailan abestutako hainbat kanturengatik. Bertan kokatzen da Indar Gorri taldea».

Osasunak berehala erantzun du. «Ez gatoz bat zigor proposamenarekin. Entrenamendua segurtasun eta babes neurri egokiak hartuta antolatu zen, bildu zen jendearen araberakoak. Are gehiago, segurtasun pribatua kontratatua genuen, eta osasun zerbitzuak ere bertan egon ziren. Helburu bakarra zuen entrenamenduak: jendeak taldeari babesa ematea Getaferen partidaren aurretik».

Klub gorritxoaren arabera, proposamenak ez du bakarrik kluba zigortzen, baita egun hura «pasioz eta errespetuz» bizi izan zuten milaka zaleak ere. «Ulertezina» egiten zaie, «halako neurri ezohiko bat» hartu nahi izatea. 

Jasotzen ari diren tratua ere salatu du Osasunak. «Kezkatuta gaude azken urteetan jasotzen ari garen tratuarekin. Mingarria eta justifikaezina iruditzen zaigu. Etengabe jasotzen ari gara zigor eskariak eta proposamenak, eta horri lotutako txostenak. Aldea dago beste klubak jasotzen ari diren tratuarekin. Beraz, zilegi iruditzen zaigu galdetzea zergatik geratzen ari den hori. Klubaren zale eta bazkideen kontrako mehatxu bat da». Halaber, ez dute ulertzen zergatik zigortzen dituzten klubak zale batzuen jarrerarengatik. 

Osasunak gogorarazi du beti errespetatu dituztela «elkarbizitza eta kirolaren balioak». Hala, klubak argi utzi du  «irmo» defendatuko dituztela bazkideen eta zaleen eskubideak. «Bidegabea eta proportzionaltasunik gabea iruditzen zaigun edozein neurri salatuz egingo dugu. Gure zaleek, gure historiak eta Nafarroak errespetua merezi dute. Ez gara isilik geratuko» 

Realari 120.000 euroko isuna jartzea ere proposatu du, kirolguneetara sartzea debekatua zuten bi zaleri Espainiako Kopako finalerako sarrerak saltzeagatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE