Unai Garcia. Osasunako jokalaria

«Sadarrek lagunduta, Reala ezustean harrapatu nahi dugu»

Iragan sasoian orkatilan izandako lesioa atzean utzita, futbol gose handiz dago. Bere burua Lehen Mailan finkatu nahi du, minutuak pilatuta. Derbiak zirrara eragiten diola aitortu du.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Azken bi sasoietan, jauzi handia egin du Unai Garciak (Ezkirotz, Nafarroa, 1992). Tarte horretan, Espainiako 2. B Mailan utzita aritu ostean, Lehen Mailan jokatzea lortu du. Maila gorenean lehenago jokatutakoa da, baina bere burua hasiberritzat dauka. «Partida bakarra izan zen, azken jardunaldian, eta jada jokoan ezer ez genuela. Benetako debuta Malagan izan nuen». Liga berdinketa baliotsu batekin hasi ondotik, taldea konfiantza handiarekin dakusa, eta nabarmendu du Realaren aurka irabaztera irtengo direla.

Zer aho zapore utzi du taldean Malagaren aurkako berdinketak?

Aho zapore oso ona, batez ere ez genekielako maila emateko gai izango ginen. Azken batean, askorentzako debuta zen Lehen Mailan; beraz, normala zen ziurgabetasun hori edukitzea. Partida amaitzeko bost minutu falta zirela berdindu eta puntu bat lortzeak sentipen oso onak utzi dizkigu.

Mezu garbia igorri zenuten: prest zaudete lehiarako.

Partida oso serioa jokatu genuen, eta sari on bat lortu. Agerian utzi genuen sasoi-aurreko sentipenei ez zaiela hainbesteko garrantzirik eman behar, lagunarteko asko galdu arren ligako lehen partidan gai izan baikinen aurkari zail baten kontra lehiatzeko.

Sasoia, dena den, hasi besterik ez da egin. Astez aste, erregulartasunari eutsi beharko diozue helburuak betetzeko.

Lehen jardunaldian ongi ikusi da Bigarren Mailatik gatozen taldeak indartsu gaudela. Mailari eustea garesti egongo da. Baina, tira, taldean nahiago dugu helburu jakinez ez hitz egin. Neurketaz neurketa joatea da gure asmoa. Ahalik eta postu onena lortzen saiatuko gara. Denboraldi amaieran ikusiko da zer lehiatan gauden murgildurik.

Joan zen denboraldian kostata igo zineten, ligan seigarren izan eta kanporaketetan gailenduta. Ez da harritzekoa izango aurten sufritzea tokatzen bazaizue…

Ez, ez da harritzekoa izango. Azken-aurreko neurketa galdu ostean, kanporaketetatik at gelditzear izan ginen, baina, azkenean, Oviedori irabazi eta zortea alde edukita, seigarren bukatu genuen. Sailkatzeko hainbeste sufritu izanak asko lagundu zigun, moralez gainezka iritsi baikinen. Bide zaila egin behar izan genuen igoera lortzeko, eta aurtengoa ere ez da samurra izango.

Ahal den gutxien sufritzeko asmoz, oraingoz zazpi jokalari ekarri dituzue. Zer traza?

Itxura ona hartzen diet. Esaterako, Fran Meridak gola sartu zuen Malagan, eta Jaime Romero izan zen, De las Cuevasekin batera, golaren jokaldia sortu zuena.

Erdiko atzelari posturako lau jokalari zaudete. Normalean partidako hiruk jokatzen duzuela kontuan harturik, ez dago beste inoren beharrik?

Postu horretarako lau jokalari peto gaude, bai, baina Oierrek ere joka dezake. Gainera, kontuan izan behar da zenbait partida, ziurrenik, lauko defentsarekin jokatuko ditugula. Beraz, gaudenekin molda gaitezke. Dena den, ez litzaiguke batere gaizki etorriko beste erdiko atzelari bat ekartzea.

Zer moduz iritsi zara liga hasierara?

Ilusio handiarekin, Lehen Mailan debutatu duten gainontzekoak bezalaxe. Egia da nik duela hiru urte jokatu nuela lehen partida, baina azken jardunaldian izan zen, jada jokoan ezer ez genuela. Hortaz, neure burua hasiberritzat jotzen dut. Lehen Mailak asko eskatzen du, baina uste dut maila badudala onenen artean aritzeko.

Zer helburu jartzen diozu zeure buruari aurtengo sasoirako?

Lehenengo gauza kategoria berrian minutuak hartzea da. Beteranoek garbi utzi digute Lehen Maila prozesu bat dela, pixkanaka joan beharra dagoela. Uste dut hasiberriok gorengo mailara egokitu eta bertan finkatzeko oinarriak baditugula.

Duela bi denboraldi, 2. B Mailan aritu zinen, eta, orain, Lehen Mailan zaude, Osasunako jokalari garrantzitsu bihurtuta. Nola bizi izan duzu jauzi hori?

Tudelanon utzita aritu ostean, iragan sasoian entrenatzaileak bere konfiantza eman zidan, eta asko jokatu ahal izan nuen. Eta orain hemen naiz, Lehen Mailan. Egia da dena oso azkar gertatu dela, baina jauzia normal-normala egin zait.

Iragan sasoiak, dena den, orban bat ere izan zuen zuretzat: orkatilan izandako lesioa.

Bai. Lesioa bigarren itzulia hasi eta nahiko laster izan nuen, eta hasieran uste zena baino larriagoa izan zen. Denboraldi amaierarako itzuli nintzen, baina, aurreikusi baino lehenago osatzen saiatu, eta uste dut ez nintzela puntuan iritsi. Taldekideak sasoi betean zirenez, azken neurketetan nahi baino protagonismo txikiagoa izan nuen. Kanporaketak ez jokatzearen arantza gelditu zait.

Aurrera begira jarrita, gaur Reala izango duzue aurkari. Zer sentipen dituzue?

Neurketa zaila izango da, Realak talde puska baitauka. Dena den, asko kostako zaie Sadarren irabaztea. Topikoa dirudien arren, esan beharra dago gure zaleek sekulako laguntza ematen digutela. Etxean jokatzen dugunetan, indartsu sentitzen gara, eta estutu egiten dugu. Badakigu Realaren kontra garaipena lortzeko aukerak izanen ditugula.

Etxeko lehen partida, eta derbia. Neurketa berezia izango da.

Taldean nabaritzen dugu zerbait. Sadarreko giroa ikustekoa izango da. Oso gogotsu gaude.

Zeintzuk izan daitezke garaipena lortzeko gakoak?

Estutzera irtengo gara. Giroak lagunduta Reala ezustean harrapatzea espero dugu. Defentsan akatsak ekiditen saiatuko gara. Duten kalitatearekin edozein jokalditan egin ahal digute min; beraz, kontzentrazioari eutsi beharko diogu une oro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.