REALA

Sakona da arazoa

Lehen zatian gaizki eta bigarrenean are okerrago jokatuta, Realak ondo merezita galdu du Elxen zelaian.

jon eskudero
2015eko apirilaren 20a
22:52
Entzun

Audientzian datu eskasak dituela eta, azken denboraldian sarturik dago Goenkale telesail historikoa. Nonbait, ikusgarriagoak dira futbol partidak. Audientziek hala diote behintzat. Bada, Goenkaleren ordu beretsuan jokatu dute Realak eta Elxek jardunaldiko azken partida, eta Goenkale ikusteko hautua egin duenak ez du damu handirik izango. Ez horixe. Lo hartzeko moduko partida jokatu baitute Elxek eta Realak. Hitz batean: txarra. Ordea, partida txarra jokatuta ere puntuak lortzeak gozatu ohi du zapore gazia. Reala ez da horretarako gai ere izan, baina. Hasi eta buka, gaizki jokatu du, eta aurkariak ezer askorik egin gabe lortu ditu hiru puntuak. Mailari eusteko borrokan oso garrantzitsu egingo zaizkion hiru puntuak, hain zuzen. Realak, bere aldetik, liga ahalik eta ondoen amaitzea izango du helburua. Gaur baino hobeto jokatuta amaituko ahal du bederen. Bestela, udan erabaki gogorrak etortzeko arriskua egongo baita.


Lehenengo minutuetatik bertatik igarri da gauzak ongi egiteko gai zen taldeak asko izango zuela irabazita. Elx ez da talde distiratsua, ezta kalitate handikoa ere, baina hastapeneko ordu laurdenean hark hartu du aginte makila. Gol arriskurik sortu gabe, hori bai. Hortik aurrera, bere lekua hartu du Realak. Intentsitate gehixeago ipini dio jokoari, eta jokaldiak jostea izugarri kosta arren, sentsazio hobeak azaldu ditu. Ordea, unerik onenean, 1-0ekoa egin du Elxek, Jonatashen eskutik. Markelek zelai erdian baloia galdu, eta buruz burukoan ederki asmatu du aurrelari brasildarrak. 18. minutuan aurreratu da Elx.
Realak azkar erantzun du, hurrengo jokaldian gola egitetik gertu egon baita Xabi Prieto. Erremate ustela egin du. Dena den, gora etorri dira txuri-urdinak, eta berriro ere Prieto azaldu da, 30. minutuan. Canalesek eta De la Bellak jositako jokaldiari ez dio amaiera ona eman. Halaxe heldu da atsedenaldia, 1-0ekoarekin.

Bistakoa zen Realak bazituela aukerak emaitza on bat lortzeko, eta bigarren zatirako itxaropentsu egotea zilegi zen.
Ordea, bigarren zatia ahazteko modukoa jokatu du. Lehenengoa baino txarragoa oraindik ere. Korapiloa askatu ezinik ibili da, eta Vela zein Agirretxeren presentziak ez du ezertarako balio izan. Elxek aski izan du txukun egotea merezitako garaipena lortzeko. Realak berriz,  badu zer hobetua eta zer hausnartua. Sei partida falta ditu liga amaitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.