Pilota

Salbuespenik ez Aitor Zubietarentzat

Enpresen Ligak uko egin dio atzelariaren partida atzerapen eskaerari

Aitor Zubieta, urtarrilean Markina-Xemeinen jokatutako partidan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko apirilaren 7a
15:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Enpresen Ligak ezetz esan dio Aitor Zubietari. Etxarriko atzelariak bi eskuetako kailuak minduta dituen arren, igandean jokatu beharko du finalerdietako ligaxkako azken partida, Eibarren. EPELek binakako txapelketaren arautegia hartu du oinarri eskaerari ezetz egiteko. Izan ere, aurtengoan garbi zioen finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia ezin zela apirilaren 12tik aurrera jokatu. Iaz, aldiz, Irujori eskaera bera onartu ziotenean ez zen halakorik ageri. Beraz, salbuespenik ez Zubietarentzat.

Atzelariak itxaropena zuen, atzerapenen inguruko salbuespenak oso ohikoak izan direlako azken urteetan, baina oraingoan enpresak ez dira malguak izan. Zubietak «epeak agortuko» ditu jokatu edo ez erabaki aurretik. Pilota aukeraketa ostegunean da. Ordezkapena egiteko aukerak gutxi dira, aurretik txapelketan aritutako atzelariek ezin dutelako jokatu, eta Asegarcek hainbat atzelari dituelako minduta. Partida oso garrantzitsua da, Berasaluze-Zubietak eta Ezkurdia-Zabaletak kanporaketa petoa jokatuko dutelako. Irabazleek finala jokatuko dute.

Bestalde, eta finalari dagokionez, Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak adierazi du Bilboko pilotalekua dela final hartzeko «aukera gehien» duena.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.