Saltsa ez da amaitu

Bayernek dio Athleticek eman behar dizkiola Osasunari 800.000 euro Javi Martinezen fitxaketagatik

Erredakzioa
Iruñea
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Bayern Munichek argi dauka: Athleticek ordaindu behar dizkio 800.000 euroak Osasunari Javi Martinezen fitxaketa tarteko. Zuri-gorriek 2006an fitxatu zuten nafarra, eta UEFAren estatutuen arabera, beheko mailetan jokalariarekin egindako lanagatik, 800.000 euro jasotzea dagokio Osasunari. Bayernek 40 milioi euro ordaindu dizkio Athletici, eta alemaniarrek argi daukate ez dagokiela eurei ordaintzea. «Kontu honek ez dauka zerikusirik Bayernekin», adierazi du Uli Hoenessek, taldeko presidenteak.

Bitartean, zain dago Osasuna. Nafarrek ez dute jarri inolako salaketarik, baina hilabeteko epean espero dute jasotzea diru kopurua. «Itxarotea dagokigu guri», argitu du Miguel Artxanko presidenteak. «Gaiari dagokion guztia aztertu dugu, eta lasai gaude gu. Tokatzen zaionak hilabete dauka ordaintzeko». Abuztuaren 29an fitxatu zuen Bayernek Javi Martinez, eta, beraz, irailaren 29an beteko da hilabeteko epea. Hortik aurrera, egoera aztertuko luke Osasunak. Dena den, Kirola Arbitratzeko Epaitegian argitzen dira, normalean, horrelako arazoak. Bayernek jokalariaren klausula ordaindu duenez, Athleticen ustez ez da izan fitxaketa, eta Osasunak ezingo luke jaso ordainik.

Javi Martinezen auzian, Osasunaren egoera berean dago Izarra. Nafarrak talde horretan jokatu zuen benjaminetan, baina artean ez zegoen federatuta. Espainiako Futbol Federazioak bere garaian argi utzi zion Izarrari ez zuela ordainik jasoko Bayernek jokalaria fitxatuz gero, baina Izarraren abokatu taldea ez da iritzi berekoa. Lizarrako taldearen arabera, 600.000 euro inguru dagozkie eurei ere —326.000 euroko aurrekontua dauka taldeak—.

Iruñea aldean, beste hiru jokalariren kasuak ere gertutik zaintzen ari dira. Izan ere, Osasunak 20.000 euro jaso ditzake Realak Arsenali Carlos Vela fitxatu izanagatik, 100.000 euro Manchester Cityk Benficari Javi Garcia fitxatu izanagatik, eta 300.000 euro Chelseak Marseillari Cesar Azpilikueta fitxatu izanagatik.

Javi Martinez Lezaman, gauez

Javi Martinezen ustezko bisita batek ere nahikoa zalaparta sortu du Bilbon. Webgune baten arabera, jokalaria Lezaman agertu zen igande goizaldeko 02:00etan, gauzak jasotzera. Zaindariek bi lagun ikusi zituzten, antza, hesia pasatzen, Martinez tartean. Jokalariak berak gezurtatu egin zuen atzo hesia saltatu izana. «22:30-23:00 artean joan nintzen, sarrera nagusitik sartuta, eta ez lapurren gisan. Harrigarria da batzuek horrelako kontuak sinestea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.