Nairo Quintanak (Movistar) Espainiako Vueltako lehen esprinta izan behar zuena zapuztu zuen atzo. Gaur, ordea, esprinterren taldeak adi egon dira, eta helburua bete dute: hirugarren etapako garaipena azken metroetan erabakitzea. Bada, Sam Bennett (Bora) izan da azkarrena Alacanten (Herrialde Katalanak). Irlandarrak erraz irabazi du, Edward Theuns (Trek) eta Luka Mezgecen (Mitchelton) aurretik. Haien atzetik iritsi da Jon Aberasturi (Caja Rural), eta oso lan ona egin du. Fernando Gaviria (UAE), berriz, ez da lehiatu, atzean geratu baita azken kilometroetan.
Irlandar bat garaile, eta beste irlandar bat lider. Izan ere, sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan lehen postuetan, eta Nicolas Rochek (Sunweb) eutsi egiten dio maillot gorriari. Bi kolonbiar ditu atzetik, Quintana eta Rigoberto Uran (Education First), bi eta zortzi segundora, hurrenez hurren. 22ra dago, berriz, Mikel Nieve leitzarra (Mitchelton), laugarren postuan.
Esprintaz gain, eguneko ihesaldia ere izan zuen etapak. Hector Saezek (Euskadi-Murias), Angel Madrazok eta Diego Rubiok (Burgos) etapa hasi eta segituan egin zuten aurrera. Sei minutu pasatxoren aldea izan zuten, baina tropelak harrapatu egin zituen helmugarako 37 kilometro inguru falta zirela.
Gaur, laugarren etapa jokatuko dute, Cullera eta El Puig artekoa (Herrialde Katalanak), 175,5 kilometrokoa. Oronet Hirugarren Mailako mendatea igoko dute, ia sei kilometrokoa eta %4,5eko pendizekoa. Helmugatik urrun dago, 50 kilometro pasatxora. Itxuraz, egun aproposa da esprinterrentzat eta etapa ehiztarientzat.