euskal Herriko Itzulia

Samuel Sanchez izan da garaile Arraten

Usartza igo ondoren, azken kilometroan egin du salto Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, eta metro batzuk irabazita helmugaratu da lehen postuan. Sailkapen nagusiaren buruan ez dago aldaketa handirik, eta Joaquim Rodriguezek jarraitzen du lider.

2011ko apirilaren 7a
18:12
Entzun

Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa, Arrateko gainan. Azken kilometroan metro batzuk irabazi ditu txirrindulari espainiarrak, eta tropelari aurrea hartuta, garaipena eskuratu du, iaz bezala. Aurretik azken kilometroan Andy Schleckek eta Vinokurovek egin dute salto, aurretik zihoan Xavier Tondorekin bat egin nahian. Tropelak hiruak harrapatu ditu, ordea, eta Sanchezek lortu du garaipena. 

Tropela bat eginda iritsi da eguneko azken mendatera: Usartza, lehen mailakoa. Frank Schleck eta Xavi Tondo jarri dira bost kilometro faltan aurretik, eta helmugarako hiru kilometro faltan Movistar taldeko kataluniarrak 15 segundoko aldea zuen. Bakarrik iritsi da Usartzako gainera Tondo, baina tropelak bizi jarraitu du. Usartzako igoera oso bizia izan da, baina gaurko etapak ez ditu sailkapen nagusian alde handirik sortu, espero ez bezala. Joaquim Rodriguzek jarraitzen du lider, eta denbora berean Sanchez bera Andreas Kloden bigarren eta Sanchez hirugarren daude.

Hiru txirrindulari 19. kilometroan egin dute ihes , baina Eibarren harrapatu ditu tropelak. Michael Albasini (HTC-High Road), Maxim Belkov (Vacansoleil) eta Julian Sanchez Pimienta (Caja Rural) aritu dira ihes eginda. Atzean Katuxa eta Euskaltel-Euskadi elkarrekin lanean hasi direnean, ordea, aldea nabarmen murriztu dute, harrapatu arte; hamabi minutukoa ere izan da iheslarien abantaila.

Ixua igotzen hasita Amets Txurrukak (Euskaltel-Euskadi) tropeletik ihes egin du, eta Tony Martin (HTC), David Arroyo (Movistar) eta Giampaolo Carusso (Katuxa) gehitu zaizkio. Tropelak, ordea, azkar erantzun eta harrapatu ditu iheslariak. Talde guztiak euren faboritoen alde aritu dira lanean, eta horien aukerak babesten aritu dira, Usartzako igoerarako gordetzeko.

Beroa eta mendateak tartean, luze egin zaizkie azken kilometroak txirrindulariei. Azken 70 kilometroetan lehen mailako bi mendate (Ixua eta Usartza, azken hori helmuga baino kilometro eta erdi leheneago), bigarren mailako bi (Karabieta eta San Migel) eta hirugarren mailako bi (Miñota eta Areitio) zeharkatu dituzte. 179 kilometro zeuzkan guztira etapak. Amurrion hasi da, 12:47etan.

Erdia egin du Euskal Herriko Itzuliak, eta aurreneko etaparen bukaeran bezala daude gauzak sailkapen nagusiaren aurrealdean. Joaquim Rodriguezek jarraitzen du lider. Etzi amaituko da Itzulia, Zallan, 24 kilometroko erlojupekoarekin. Bihar 177 kilometroko etapa izango dute txirrindulariek, eta tartean Urkiolako mendatea igo beharko dute, lehen mailakoa; bigarren mailako beste mendatea bat eta hirugarren mailako bost ere igo beharko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.