Samurretako bat

Hercules Bigarren Mailako taldearen aurka jokatuko du Osasunak Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketan

mikel rodriguez
2009ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Hercules Bigarren Mailako taldea egokitu zaio Osasunari Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Hamasei taldek osatutako zozketan, hamabi Lehen Mailako taldeak ziren, hiru Bigarren Mailakoak eta bakarra Bigarren B Mailakoa. Aukerak zeintzuk ziren ikusita, beraz, gorritxoei samurretako bat egokitu zaiela erran daiteke. Bartzelona, Sevilla, Valentzia edo Vila-Real taldeak saihestu dituzte, eta final-laurdenetarako sailkatzea lortuz gero, Santanderko Racingen edo Bigarren B Mailako Alcorconen aurka jokatu beharko dute. Itzuliko partida etxean jokatzeko balizko abantaila du Osasunak, gainera; joanekoa Alacanten (Herrialde Katalanak) jokatuko da heldu den urtarrilaren 6an, eta itzulerakoa Iruñean handik astebetera, urtarrilaren 13an. Halere, bere txikian, errespetu osoa merezi duen taldea da Hercules, final-zortzirenetarako sailkatu diren Bigarren Mailako talde guztiek bezala, Lehen Mailako bat bidean utzi baitu: Almeria. Eta futbolean, arrain txikiak handia jan dezakeen lehiaketarik badago, hori Kopa da.

Horretaz jakitun agertu zen atzo Jose Antonio Camacho Osasunako entrenatzailea, Herculesi buruz mintzatzerakoan: «Aurkari zaila da; bere mailan ongi jokatzen du, hagitz ongi sailkatuta dago eta gorantz doa». Bigarren Mailan igoera postuetan dago Hercules, Cartagena eta Realarekin berdinduta, 26 punturekin. Hamalau jardunalditan bi partida galdu ditu soilik, biak etxetik kanpo. Garaipen ikusgarririk ere lortu du: Realari 5-1 irabazi zioenekoa, adibidez. Bigarren Mailako sailkapena hagitz aldakorra izaten da jardunaldiak pasatu ahala, baina oraingoz, igoerarako hautagai sendoa dela erakutsi du Alacanteko taldeak.

Itzuliko partida Iruñean jokatuko da, eta hori ontzat jo zuen Camachok, baina horregatik «konfiantzarik» ez dela eduki behar zehaztu zuen. Izan ere, final-hamaseirenen itzulikoan, Herculesek Lehen Mailako Almeriaren zelaira joan behar izan zuen etxean lortutako abantaila defendatzera; eta defendatu ez ezik, handitu ere egin zuen, 0-1 irabazita.

Bigarren Mailako Albacete eta Huesca, eta Lehen Mailako Almeria dira Herculesek Kopatik kanporatu dituen taldeak. Halere, Ligan du helburu nagusia, eta bereziki, mailaz igotzean. Horregatik, ordezko jokalari dezentek osatu ohi du Kopako hamaikakoa.

Kopan, inoiz ez elkarren aurka

Hiru euskal herritarrek jokatzen dute Herculesen, hirurak Athleticeko jokalari ohiak: Unai Albak, Joseba del Olmok eta Sendoa Agirrek. Alba ordezko atezaina da, eta Ligan jokatu ez badu ere, Kopan lau partida jokatu ditu titular gisa. Del Olmok ez du Ligan partidarik jokatu titular gisa, baina Alba bezala Kopan lautan jokatu du hasieratik. Sendoa, berriz, ohikoa da Ligako hamaikakoan, baina Kopan aulkitik atera ohi da. Andrija Delibasic Realeko jokalari ohi montenegroarra ere Herculesen ari da, baina Kopan ez du jokatu, oraingoz.

Bertzalde, estatistika zaleentzat aipatu beharra da Kopan Osasuna eta Hercules ez direla inoiz lehiatu elkarren aurka. Ligan, hemezortzi aldiz jokatu dute: hamar aldiz Lehenengo Mailan eta zortzi aldiz Bigarren Mailan. Osasunak zazpi aldiz irabazi du, bortz aldiz galdu eta sei aldiz berdindu. Historian, beraz, parekotsu ibili dira. Azkenekoz, 1998-99ko denboraldian, Osasuna Lehen Mailara igo zenekoan jokatu zuten elkarren aurka. Iruñean hutsean egin zuten, eta Alacanten bana. Gorritxoek nahikoa dute hori errepikatzearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.