Euskara

San Jose eta Beñati babesa azaldu diete

Bi futbol jokalariek mehatxuak eta irainak jaso dituzte azken egunetan, agiri bat euskara hutsez argitaratzeagatik. Gu Ere Bai plataformak bi jokalarien jokabidea eta euskararekiko konpromisoa eskertu ditu.

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 3a
20:12
Entzun

«Kirola euskaraz bizi nahi dugu, bizi gara eta jarraituko dugu horretan». Gu Ere Bai plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute San Mames atarian, Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria Athleticeko jokalariei babesa azaltzeko. Bi jokalariek mehatxuak eta irainak jaso dituzte azken egunetan, astelehenean sare sozialetan agiri bat euskara hutsez atera zutelako. Bertan azaldu zuten, kontratua ekainaren 30ean amaitzen bazitzaien ere, onartu egiten zutela klubak egindako eskaintza, eta taldeari laguntzen segituko zutela denboraldia bukatu arte, hil honen 19 arte, hain zuzen ere.

Idatzia sareetara igo, eta berehala hasi ziren bi jokalari zuri-gorrien kontrako mezuak. Txio batekin erantzun zien San Josek, argi utziz  halako  gauza pertsonal eta garrantzitsu bat azaltzeko nahiago izan zutela euskara erabili, eta ez zutela inor baztertu nahi izan. Halaber, ulertu ez zuten pertsonei batua.eus itzultzailea erabiltzeko gomendioa egin zien.

Ekitaldiarekin bi jokalariek euskararekiko erakutsitako konpromisoa eskertu, eta jaso dituzten irainak salatu nahi izan dituzte, maskara jantzita, eta ikurrina eskuan. Bertan izan dira, besteak besteak, euskalgintzako hainbat aurpegi ezagun: Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko burua eta Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia, esaterako.

San Mamesen egitea ez da bakarrik izan bi jokalariak Athleticen ari direlako, baita ere zelaiak euskararekin izan duen loturagatik. Gogorarazi dute  1978an eta 1998an zelai zaharrean egin zirela Bai Euskarari jaialdiak. «Askok gogoratuko dute, gainera, euskal selekzioak Irlandaren aurka jokatu zuela Bai Euskarari kanpainaren barruan, San Mamesen, eta euskal ereserkia ozen entzutea debekatu zutela, Garaikoetxea lehendakaria eta Bai Euskarari kantuan sortzaile Telesforo Monzon partida ikusten ari zirela».

Bai Euskarari jaialdietan aldarrikatuta babestu dute San Mamesen bildutakoek, eta kirol mundura eraman. «Kirol munduaren eta euskararen arteko lotura oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Euskara gure ikurra da. Euskarak egiten gaitu euskaldun, baina hizkuntzak egiten gaitu mundu ere. Zelaian erakutsi nahi dugu hori, entrenatzen eta jokatzen ari garenean gure hizkuntza erabiliz, adierazpenak euskaraz eginez...  Kirolariok, kirolzaleok, entrenatzaileok, klubetako kideok, kirol proba desberdinak antolatzen ditugunok... Mundu bat gara, eta euskaraz bizi nahi dugu».

Ekitaldiari Jon Maia bertsolariak jarri dio puntua, bertso bat abestuz. Bertan nabarmendu du euskara iraindua izan, eta salatu ezean,  «isiltasuna bihur liteke irain horien sostengu», eta berretsi du euskara dela euskaldunen «jokaldi, baloi eta mugimendu».

Garitano eta Aduriz «eredu»

Ekitaldian gogorazi dute, ez dela lehen aldia kirol munduan halako gertaera bat ematen dela. Gaizka Garitanoren eta Aritz Adurizen kasuak ekarri dituzte gogora. Eibarreko entrenatzaile zela, eta Almeriaren kontrako partidaren osteko prentsaurreko batean, Garitanok, jaiki eta alde egin zuen, kazetari bat kexu azaldu zelako ETBko Joseba Urkiola euskaraz galdetzen ari zitzaiolako. «Bere eskubideak urratuak ikusi zituen, eta ohikoa duen argitasunarekin,  joatea erabaki zuen, zuzen eta elegante. Eskerrik asko Gaizka, eredu zara, eta hemen gaudenok badakigu».

Berriagoa da Adurizen kasua.  Aurrelariak duela aste batzuk hartu zuen erretiroa, eta agur esateko hitzaldia euskara hutsean egin zuen. Kritikatua izan zen horregatik. «Zoriontzea eta eskerrak ematea besterik ez dugu, izan zuen jokabidearengatik, bai jokalari gisa, baita euskaldun gisa ere». Ekitaldia bukatzeko,  «euskaraz ari diren, aritzen diren eta aritu nahi duten» kirolarien alde txalo zaparrada bat egin zuten bertaratutakoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.