Ezagunak dira batelerak. Sona handia hartu zuten aurreko hamarkadan, bete-betean aritu baitziren. 2014tik 2018ra bitartean, jokatutako bost ligak irabazi zituzten, bata bestearen atzetik, eta urte horietan guztietan Kontxako Bandera ere eskuratu zuten. Garai loriatsu horretan, ontzian zegoen Maialen Arrazola arraunlaria (Donostia, 1985): 2013tik 2017ra aritu zen traineruan. Baina olatu hark indarra galdu zuen, desagertzeraino, eta egoera aldatu da ordutik. Dena den, olatua hartu dute berriro batelerek, eta denboraldi bikaina ari dira osatzen. Aurten itzuli dira Euskotren ligara, eta, oraintxe, hirugarren postuan daude.
Etxeko arraunlari gazteez osatuta dago ontzia, baina badaude eskarmentua dutenak ere. Tartean, Arrazola bera. Mimoz oroitzen ditu geldiezinak izan zirenekoak: «Klubarentzako eta guretzako izugarria izan zen Kontxako Bandera lehen aldiz irabaztea. Oroitzapen oso polita dugu. Eta 2017ko Kontxa ere gogoan dut. Olatu handiak zeuden eta itsaso zakarra zegoen; talde moduan asko elkartu ginen. Gainera, nire lehen Kontxa izan zen entrenatzaile gisa».
San Juanek Kontxako Bandera lehen aldiz irabazi zuenean, bederatzi urte baino ez zituen Maddi Gereño arraunlariak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 2005). Haren aita zen entrenatzailea, Anartz Gereño, orain bezala. «Etxean arrauna besterik ez zen entzuten», adierazi du. Arrazolak eta Gereñok nabarmendu dutenez, herrian ilusio berezia zegoen. Hala ere, Gereñok ez zuen bere burua noizbait traineruan irudikatzen: «2014an irabazi zuten batelerek lehendabizikoz Kontxa, eta ni 2016an hasi nintzen arraunean, 11 urte nituela. Ez nintzen ezertaz ohartzen. Hor ikusten nituen, baina besterik gabe».
«Lehenengo estropadetan, bosgarren postua egundokoa iruditzen zitzaigun, eta orain ez gara konformatzen lehenengo hiruretan sartzen ez bagara»
MADDI GEREÑO Arraunlaria
Gero, 2018ko azaroan, San Juango arraunlari gehienek utzi egin zuten kluba, eta 2022an lehorrean geratu zen trainerua, harrobiko arraunlarien gutxieneko kopurura ezin iritsita. 2024an uretaratu zuten berriro ontzia, eta Gereño orduan aritu zen aurrenekoz traineruan. Nola izan zen kontatu du: «Ni eta beste bi seniorretara pasatu ginen. Batek arrauna utzi zuen, eta besteak ez zekien zer egingo zuen. Aitari esan nion: 'Nik bakarrik zer egingo dut? Jarraitu, zertan?'. Eta aitak esan zidan lortuko zuela jendea. Urrian edo hasi ginen, eta aitak zera esaten zuen: 'Badaezpada, ligan izena emango dugu, baina ea ontzia osatzen dugun'».
Osatu zuten, eta martxa onean hasi ziren arraunean. Hain ona, ezen bi urteren buruan Euskotren ligan ari baitira. Bosgarren egin zuten lehen denboraldian, eta bigarren iaz; kanporaketetan lortu zuten mailaz igotzea. Hain zuzen, iaz itzuli zen taldera Arrazola: «Iazkoa ez zuen inork espero. Anartzek uste zuen laugarren edo hirugarren ibiliko ginela. Baina banderak irabazten hasi ginen, eta eroso geunden ligan. Ezustekoz ezusteko izan zen dena. Konturatu ginenerako, goiko postuetan finkatuta geunden».
Denboraldi hasieran, inolaz ere ez zen asmoa mailaz igotzea, eta hauxe aitortu du Arrazolak: «Niri Anartzek esaten zidan ez zuela igo nahi, gauzak oso azkar ari ginela egiten». Eta Gereñok segitu du: «Eta orain ere ez du nahi. Bosgarren edo seigarren postuan geratu nahi luke. Bestela, presioa gero eta handiagoa da. Lehenengo estropadetan, bosgarren postua egundokoa iruditzen zitzaigun, eta orain ez gara konformatzen lehenengo hiruretan sartzen ez bagara».
«Ez gara izarrak. Gure artekoak funtzionatzen du, hori da gakoa. Gogoz gatoz entrenatzera, eta hori ere inportantea da»
MAIALEN ARRAZOLA Arraunlaria
Azkar ari dira bidea egiten, baina burua hotz dute. Arrazola: «Ikasten eta disfrutatzen ari gara. Talde gaztea da, eta oraindik ere badago zer hobetua. Baina ondo ari gara. Ni ez naiz etxekoa, baina etxekoa banintz bezala sentitzen naiz. Eta taldean etxeko arraunlariak bakarrik ditugu. Klubari eta taldeari meritua aitortu behar zaio».
Biek azaldu dutenez, ez zuten espero hain ondo aritzea. Baina argi esan du Gereñok: «Ilusioz ari gara, eta gero eta gose handiagoa dugu». Taldekideak izateaz gain, lagunak dira, eta haien arteko giroa funtsezkoa dela uste dute: «Arraunean konfiantza handiko harremanak egiten dira», bota du Gereñok. Eta Arrazolak gehitu: «Familia oso bat elkartu da herrikoekin, eta disfrutatzen ari gara. Ez gara izarrak. Gure artekoak funtzionatzen du, hori da gakoa. Gogoz gatoz entrenatzera, eta hori ere inportantea da».
Atzeko lana
Arraunlari ez ezik, entrenatzaile ere izandakoa da Arrazola. Lehen aldiz, 2017an aritu zen, San Juanen bertan. Eta orain, Anartz Gereñori laguntzeko asmoz itzuli da taldera: «Anartzek deitu, eta esan zidan talde gaztea zuela eta batzuetan ez zekiela zenbait gauza nola transmititu. Zaila da, ez baitago traineruan. Saiatzen naiz Anartzek esplikatzen duen hori uretara eramaten, eta sentsazioak, arraunkerak... erakusten».
Arrazolak berak entrenatzaile gisa izandako esperientziaz galdetuta, aitortu du «gogorra» egin zitzaiola. «Taldekide izaten jarraitzen nuen, baina entrenatzailea ere banintzen. Desberdina zen. Buruari buelta pila bat ematen nizkion. Nola esan gauza bat, bestea... Konplikatua da». Baietz egin du buruarekin Gereñok. Izan ere, gertu bizi du lan horrek eskatzen duen ahalegina eta sortzen dituen buruhausteak: «Asko dago kudeatzeko. Aitari entzun izan diodanez, gauak esna pasatzen ditu...». Horiek horrela, garrantzi handia eman diote entrenatzailearen lanari.
Familia arraunzalea du Gereñok: aita du entrenatzaile, eta traineruan haren ahizpa Laia eta izeba Basagaitz ere arraunlari ari dira. Arraunean aritutakoa da Arrazolaren aita ere. Etxetik datorkie, beraz, afizioa. Baina arraunak haiek ere harrapatu ditu. «Asko gustatzen zait. Iruditzen zait taldekideekin oso bat eginda egon behar duzula. Gerta liteke kide bat oso-oso ona izatea baina taldean ez funtzionatzea, eta alderantziz», esan du Arrazolak, eta Gereñok jarraitu: «Eta uste dut horrek harrapatzen zaituela. Onena izan gabe ere, zure taldearekin tokitara iristea». Larunbatean estropada berezia jokatuko dute, etxean ariko baitira.