Arrauna. Euskotren liga

San Juanek bigarren aldiz jarraian irabazi du etxean

Zazpigarren bandera du Pasaiako taldeak aurtengo Euskotren ligan, jokaturiko guztiak. Arraun bakarrik geratu da hirugarren lekuan

San Juango arraunlariak, atzoko estropada bukatu berritan, neke eta poz aurpegiak tartekatuz. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
San Juanen baitan bada asmo bat: Euskotren ligako estropada guztiak irabazi nahi dituzte. Ez da harrokeria, lor dezakeela ari baita erakusten astea joan, astea etorri. Atzo zen zazpigarren jardunaldia, Pasaian, eta zazpigarren bandera ere etxean utzi zuten batelerek.

Ohi baino ziaboga bat gehiago eman behar izan zuten traineruek, eta bestetan baino luze bat gehiago egin, baina, aldaketak aldaketa, San Juan botako duen aurkaririk ez da oraingoz azaldu.

Bigarren aldiz jarraian irabazi zuen etxean atzo. Orio bigarrenari sei segundo sartu zizkion. Lan ona egin zuten oriotarrek beste behin ere, baina oraingoz ezin dute ligako nagusia gainditu.

Hasi eta buka, erreferentzia guztietan izan zen aurrena etxeko taldea, eta aitzakiarik gabeko garaipena lortu zuen. Sailkapenean, zazpi puntuko koska kentzen dio Oriori, eta bihar, Orion bertan (11:45, ETB 1), ligaren bigarren erdian jarriko da abian.

Hirugarren lekuan Arraun Lagunak sartu zen atzo, Hondarribiari zazpi segundo sartuta, eta, orain, bakarrik geratu da sailkapenean Donostiako taldea.

Donostiarra garaile Orion

ETE ligako hirugarren estropada puntuagarria jokatu zuten atzo goizean, Orion, eta Donostiarrak lehen jardunaldian egindako emaitza bera lortu zuen, garaile izan zelako. Azken txandan ziren gipuzkoarrak, Deustu, Hibaika eta Tolosaldearekin batera, eta, lehen luzean aurkariei muturra sartu eta gero, ez zuen lehen postua utzi. Deustuk egin zuen bigarren, bederatzi segundora, eta bigarren txandako garaile Kaikuk hirugarren, hamabira.

Sailkapen nagusian, Donostiarrak hiru puntu ateratzen dizkio Deusturi, eta lau Hibaikari. Gaur, Pasaian izango da ETE ligako estropada, 15:30ean, eta erlojuaren aurka, ibaia eta itsasoa uztartzen dituen eremuan. Ez da atzo Euskotren liga jokatu zen eremua, zaharra baizik, betikoa, eta ziaboga bakarrera izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.