San Mames Bilboko futbol estadio berria ez da eliptikoa izango, iragarria zegoen bezala, baizik eta oboidea, arrautza formakoa. Hala jakinarazi du gaur Iñaki Azkuna alkateak.
2007ko martxoan onartu zuen Udalak estadioari buruzko aurreko egitasmoa, eta orain aldaketa batzuk egin ditu. Azkunak nabarmendu du horiekin Athleticek hamar mila metro koadro irabazi dituela. "Udala oso eskuzabala izan da", esan du. Julia Madrazo Hirigintza batzordeburua ere izan da gaurko agerraldian.
San Mames berrian kanpus teknologikoa ere egongo da, baita, besteak beste, Zabalgunea eta Olabeaga artean oinezkoentzako ibilbidea ere.
Azkunak aipatu du "lehenbailehen" hasi nahi dituztela lanak. Madrazoren esanetan, urtebete pasa daiteke tramite denak-eta bukatzerako.
Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK-k eta Athleticek osatzen dute gaur egun San Mames Barria elkarte mugatua, eta Azkunak jakinarazi du Udalak ere bertako bazkide izan nahi duela.
Athleticen zelai berriak UEFAren bost izarreko izendapena, 56.000 zalerentzat tokia eta 220 milioi euro inguruko kostua izango du. Kluba, gaur egungo 22.000 metro koadro kudeatzetik, 50.000 metro koadro kudeatzera igaroko da.
Klubeko bazkide konpromisarioen %69 proiektuaren alde agertu zen iazko martxoko batzarrean.
Futbola
San Mames berria oboidea izango da, ez eliptikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu