Arrauna

San Pedrok liga estutu du, eta Kaikuk, berriz, aldea handitzen jarraitzen du

Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Galizia ez zen estropada eremu bakarra izan atzokoan. Goizean, Pasaian (Gipuzkoa) jokatu ziren KAE1 eta ETE ligako jardunaldiak, eta San Pedro eta Kaiku nagusitu ziren, hurrenez hurren. San Pedrok aise irabazi zuen etxeko estropada. Bigarrenak baino 11 segundo gutxiago behar izan zituen estropada burutzeko, eta liga estutzea lortu dute gipuzkoarrek. Uztailaren 1etik zeraman Libiak banderarik astindu gabe. Arkote izan zen bigarren, eta Lapurdi hirugarren. Joseba Fernandezen taldea Arkote baino segundo bat motelago aritu zen, baina 118 punturekin oraindik ere lider izango dira KAE1 ligako sailkapen nagusian. San Pedro hiru puntura hurbildu da —115 ditu—, eta gipuzkoarrengandik beste hiru puntura dago Arkote, sailkapen orokorreko hirugarrena. Liga amaitzeko hiru estropada baino ez dira falta. Abuztuaren 15ean, asteartea, jokatuko dute hurrengo estropada, Castron (Kantabria). Lehen bi sailkatuek kanporaketak jokatuko dituzte Eusko Label ligara igotzeko. Hori, abuztuaren 26an eta 27an izango da.

ETE ligan, berriz, Kaikuk berea egin zuen, eta lidergoa sendotzea lortu zuen Pasaiako uretan. Gainera, Zumaia, ligako aurkari nagusia hirugarren izan zen, eta bi puntu gehiagorena da orain bi ontzien arteko aldea sailkapen nagusian. Zarautz izan zen bigarren atzo. Liderrak baino lau segundo gehiago behar izan zituen estropada amaitzeko. 75 puntu ditu Kaikuk gaur-gaurkoz, eta 70, berriz, Zumaiak. Hortaz, bost punturena da, orain, Bizkaitarraren eta Telmo Deunen arteko aldea. Hauek ez dira aste barruan ariko, eta abuztuaren 19an jokatuko dute hurrengo estropada, Zarautzen (Gipuzkoa). Estropada horretaz gain, beste bi baino ez dira falta liga amaitzeko: Bilbokoa eta Erandiokoa (Bizkaia).

Azkenik, KAE2 ligan Orio B-k irabazi zuen atzo, Pasaian, eta, birtualki, KAE1 mailara igotzea lortu du horien bigarren ontziak. Donostiarra B izan zuen atzetik, sei segundora, eta donostiarrek bideratuta daukate kanporaketetan aritzeko postua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.