San Mamesen jokatzen diren derbietan nagusi izaten jarraitzen du Athleticek. Ernesto Valverderen taldea Reala baino askoz hobeto zelairatu da, lehen ordu erdian ezinean aritu dira txuri-urdinak, eta orduan heldu da Sanceten gola. Bisitariek ezin izan dute markagailua irauli gero. Sailkapen nagusian bost puntuko tartea dago orain bien artean.
Hamaikakoetan ezusteko gutxi izan da. Athleticen Alvaro Djalo izan da berrikuntza nagusia, eta Realean, Brais Mendez aulkian geratu izana. Bi entrenatzaileek zekiten partida garrantzitsua zela, eta jokalariek ere hala erakutsi dute zelaian: intentsitate handia izan du lehiak.
Aurreneko minutuetan bere armak erakutsi ditu Athleticek: baloia berreskuratzeko presio bikaina eta joko zuzena. Realak ez du ia zelai erdia pasatu ere egin. Eta saria merezita heldu zaio etxeko taldeari. Nico Williamsek egin du jokaldia hegaletik, kostata, baina eraman du baloia, erdiraketa loratua bidali du bigarren zutoinera, eta han, buruz, Sancet Javi Lopezi nagusitu zaio.
Lehen zatiko azken minutuetan hobera egin du Realak, arriskua sortzen hasi da Kubo, baina gola sartzeko abagune argirik ez du izan.
Aukera gutxi
Bigarren zatian bide beretik segitu du norgehiagokak. Reala hobeto aritu da, baloiaren jabetza handiagoa izan du, eta nahi zuen erritmoa jarri dio partidari. Gol aukera argia, ordea, bakarra izan du Alguacilen taldeak, Sucicek ezker hegaletik egindako erdiraketa batean. Gutxigatik ez da heldu Zubimendi.
Athleticek ere izan du aldea handitzeko parada, baina Sanceten jokaldi zoragarri bat ezin izan du behar bezala amaitu Pradosek. Azken minutura arte egin dute borroka bi taldeek, baina saria, azkenean, etxekoentzat izan da.