Kostata, baina lortu du Santurtzik ligako estropada batean ontzirik azkarrena izatea, eta nola, gainera. Sotera aise gailendu da gaur Hondarribian, ligako bederatzigarren jardunaldian. Hamahiru segundo atera dizkio Urdaibai bigarren sailkatuari. Euskotren Ligan, berriz, Oriok nagusitasun osoz irabazi du, eta joan den asteburuan Euskadiko txapelketan hartu zuen kolpea zertxobait leuntzea lortu du. Donostiarra heldu da bigarren, garailearengandik sei segundora.
Iragarrita zegoen haizeak ipar-mendebaletik joko zuela eta olatuek ere norabide beretik. Aurreikuspenak bete egin dira. Hala, Jaizkibel mendiaren babesa zuten hirugarren eta laugarren kaleko ontziek. Orio joan da kanpoko kaletik, eta Santurtzi hirugarrenetik. Donostiarrari bigarren kalea egokitu zaio, eta Urdaibaik, bestalde, Bidasoa ibaia itsasoratzen den lekuaren ondotik arraun egin behar izan du, hots, lehenengotik.
Ohorezko txandakoek, lehen luzean, behintzat, haize gutxiago izan dute bigarren txandan nagusitu den Hondarribiarekin alderatuta. Eusko Label ligako oilarrek minutu eta erdiko lana egin ostean, segundo baten barruan ziren laurak. Handik aurrera, baina, Santurtzik hartu du estropada burua, eta inolaz ere ez du utzi lehen postua. Lehen ziabogan, lau segundoko abantaila zuen Oriorekiko, eta sei Donostiarra eta Urdaibairekiko. Bou Bizkaia ontziak, lehen kale horretatik, aurkariek baino gehiago sufritu du. Bestalde, Santurtzik lehen luzean soilik zortzi segundo atera dizkio Hondarribiari.
Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai nahikoak ontzia bultzatzeko. Bigarren luzean, Iker Zabalaren kuadrillak aurkariei tartea zabaldu die. Urdaibai eta Orio zazpi segundo atzetik ziren Sotera ontzitik. Donostiarra, berriz, bederatzira zen. Bigarren ziaboga azkarra eta itxia egin dute Asier Zurinaga eta arraunlariek, eta beste taldeekiko zuten aldea nabarmena izan da. Zazpi segundora heldu da Urdaibai maniobrara, bederatzira Orio, eta hamabostera Donostiarra. Santurtziko arraunlariak, brankaz, sufritzen baino gehiago gozatzen ari ziren, arraunaren pala uretan ongi pasatuz. Horiek horrela, bermeotarrei hiru minutuan bost segundo atera dizkiote, denera, ia lau ontzia aldea ateratzen ziotela. Ordurako, Hondarribiko banderaren makila Santurtzin zen.
Zabalak Zurinagari ematen zizkion datuak onak ziren, eta nabaritzen zen ontziaren txopan gustura zegoela. Azken ziabogan, Sotera-k hamahiru segundoren aldea zuen Urdaibairekiko. Orioko San Nikolas ontziak, bestalde, Santurtzi baino hamazazpi segundo motelago egin du azken maniobra, eta bost motelago Donostiarrak. Azken bi ontzi horiek lehia estua izan dute Hondarribiarekin, zeina bigarren txandan aritu baita.
Azken luzean, lau ontzitako patroiek laugarren kalera jo dute, olatuak bilduagoak etortzen baitziren, nonbait. Iker Zabalaren kuadrillak ez du burua galdu, bai baitzekien garaipenak ez ziola ihes egingo. Bou Bizkaia ontziko arraunlariak, berriz, nola edo hala, tartea murriztu nahian zebiltzan, baina egindako ahalegina hutsala izan da. Santurtzi izan da gaurko lehena, ligan aurrenekoz. Urdaibaik hamahiru segundo gehiago behar izan ditu lanak bukatzeko. Orio, berriz, Hondarribia baino segundo bat motelago heldu da, eta hala, laugarren postua eskuratu du. Donostiarrak, aldiz, bihar, bigarren txandarik aritu beharko du bosgarren eginda, garailearengandik 26ra.
Oriok gertuago du liga
Euskotren liga amaitzeko hiru estropada falta direla kontuan hartuta, Oriok lehiaketa bideratuta utzi du, gaur denboraldiko zazpigarren garaipena erdietsita. Sei segundo atera dizkio Donostiarra bigarren sailkatuari. Arraun Lagunak-ek eta Hondarribiak, bestalde, lehia oso estua izan dute azken paladara arte. Donostiarrak sailkatu dira hirugarren, eta segundo bat besterik ez diote atera etxeko ontziari.
Orio irten da indartsuena. Zerbaitegatik da egungo Euskotren ligako liderra. Bigarren minuturako, Xanti Zabaletaren taldeak ontzi baten aldea ateratzen zien Donostiarrari eta Hondarribiari. Arraun Lagunak-i, berriz, kosta egin zaio lehen txanpan arraunketa hartzea, eta bost segundo atzetik zen. Oriok ongi baliatu du kai muturrak ematen zion babesa, baita aldeak luzatu ere. Nadeth Agirreren gidaritzapean, arraunlariek presarik gabe egin dute arraun, ubera pasatuz. Ziabogara oriotarrak iritsi dira lehenak; bost segundo atera dizkiote Donostiarrari, zazpi Arrauni eta zortzi Hondarribiari.
Maniobraren ostean, estropadak bere hartan jarraitu du. Agirre patroiak Txiki ontzia estropadaren eremuaren erdialdera zuzendu du, olatuak eta haizeak lehenengo kalera jotzen baitzuten. Oriotarrek ongi kudeatu dute brankaz lortutako aldea. Bien bitartean, Arraunek eta Hondarribiak lehia estua zuten, asko jokatzen ari baitira azken postua saihesteko. Une batez, Ama guadalupekoa ontzia tosta pare bat aurretik jarri da, baina azkar eman dio buelta Lugañenek.
Oriori ez dio inolaz ere garaipenak ihes egin. Denboraldiko zazpigarren garaipena erdietsi dute, eta liga oso ondo bideratua dute. Donostiarrak sei segundo geroago zeharkatu du helmuga. Hirugarren postua, berriz, Arraunekoek lortu dute, garailearengandik hamaika segundora. Azken metroetan, donostiarrak izan dira Hondarribia baino indartsuago, eta segundo baten aldea atera diote.
Bihar, Ondarroan (11:40) ariko dira Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziak.