Oriorekin lehia estuan, Santurtzik eraman du Eusko Label Liga, Bilboko itsasadarrean. Ligako azken lau estropadak irabazi dute Sotera ontzikoek.
Itsasoak gora egiteak mesede egin die santurtziarrei eta oriotarrei, hirugarren eta laugarren kaleetan lehiatu direlako. Lehenengo ziabogan Jon Salsamendiren gizonek traineru bat ateratzen zieten bizkaitarrei. Baina azken horiek itsasgoraz baliatu dira eta segundo bat ateratzea lortu dute.
Oriok berriz hartu dio aurrea hirugarren txanpan, eta bost segundo kendu dizkiete. Baina, berriz ere, itsasgoraz baliatu dira azkeneko txanpan. Bizkaiko Zubiaren azpitik pasatzean segundo bat kentzen zion Sotera-k Oriori.
Emozio handiko estropada izan da, beraz, azken metroetan erabaki baita. Izan ere, bizkaitarrek bi segundoko aldea baino ez diete atera gipuzkoarrei azkenean. Eginiko denbora onaren ondorioz, oriotarrek postu bat egin dute azken sailkapenean, eta hirugarren egin dute ligan, Donostiako taldea gaindituta. Azken horiek seigarren geratu dira Ibaizabalen. Hondarribiakoek zazpigarren egin dute.