Eusko Label liga

Santurtzik irabazi du Eusko Label Liga

'Sotera'-k Portugaleteko bandera ere irabazi du, zeregin gutxi izan duen Hondarribiaren kalterako. Zarautz izan da nagusi sailkatze estropadan, eta onenekin jarraituko du datorren urtean; Tiran ere igo da.

Santurtziko arraunlariak atzo, Portugaleten (Bizkaia), ligako garaipena ospatzen. LUIS TEJIDO / EFE
2020ko irailaren 21a
14:16
Entzun

Hondarribiarekin buruz buruzko lehia izan du, baina azkenean Sarturtzik eskuratu du bere lehendabiziko Eusko Label Liga. Atzo lortu zuen, Portugaleteko (Bizkaia) uretan, eta txapeldunari dagokion moduan: azken bandera ere bereganatuz. Hondarribia bosgarren izan zen estropadako sailkapenean; larunbatean kolpea hartu zuen Kontxako irabazleak —26 ehunenengatik gainditu zuen Santurtzik—, eta atzo laugarren kaletik joateak gehiegi baldintzatu zuen Ama Guadalupekoa-ren lana.

Santurtzik hirugarren kaletik egin zuen arraun, eta, hura ere kalerik onena ez zen arren, izugarrizko estropada egin zuen Sotera-k. Garaipenak berretsi zuen ligak kolore morea zuela; egiari zor, bizkaitarrak izan dira ontzirik erregularrena ligan, eta Hondarribiak ezin izan ditu gainditu, behetik gora zetorren arren. Datu batek erakusten du Santurtzik izandako erregulartasuna: bederatzigarren jardunaldian irabazi zuen lehen bandera, baina ordurako ligako liderra zen. Azken hiru banderak ere Iker Zabalaren mutilek irabazi dituzte.

Sailkapen nagusiko beste lehiaren protagonistak Urdaibai eta Orio izan ziren. Puntuetan berdinduta zeuden bi ontziak, hirugarren postuan, eta Orio estropadan aurretik joan zen arren, azkenean bermeotarrek aurrea hartu zieten. Izugarria izan zen azken metroetako lehia, eta elkarren palak ere ukitu zituzten bi taldeek. Epaileek hiru segundoko zigorra ezarri zieten biei, eta azkenean bi segundo eskas atera zizkion Bou Bizkaia-k Mirotza-ri; nahikoak ligako podiumean sartzeko.

Zarautz eta Tiran, TKEn

Eguneko beste bi irabazleak Zarautz eta Tiran izan ziren. Eusko Label Ligako estropadaren aurretik jokatu zuten sailkatze estropadaren bigarren jardunaldia bost ontzik, eta lehen jardunaldian aurreneko bi postuetan izan zirenek lortu zuten helburua: Zarautzek, Eusko Label Ligan mantentzea, eta Tiranek, mailaz igotzea. Ur-lasterra oso indartsua zen Nerbioi ibaian, eta ontziek arazo handiak izan zituzten ziabogak hartzerakoan.

Ziabogetan onena Zarautz izan zen, eta estropada ere hark irabazi zuen. Tarteak, ordea, estuak izan ziren, aurreko egunean bezala. Inoizko sailkatze estropadarik berdinduenetakoa izan da aurtengoa. Enbatak hamar segundo atera zizkion bosgarrenari, Samertolameuri, eta bigarrena, hirugarrena eta laugarrena, berriz, segundo eta erdian sartu ziren. Laugarren izan zen Tiran, baina, larunbateko emaitzei esker, San Pedrok eta Pedreñak baino bi puntu gehiago eskuratu ditu asteburuan, eta onenekin lehiatuko da 2021. urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.