Euskal Herriko Itzulia

Sarraskia Euskal Herriko Itzulian

Roglic, Vingegaard eta Evenepoel erori egin dira Oletan behera ari zirela. Beste hamar bat txirrindulari ere jausi dira. Vingegaardek hartu du kolpe handiena, eta erietxera eraman dute. Ihesaldiko seiak bakarrik arituko dira etapa irabazteko lehian.

Euskal Herriko Itzulia. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskal Herriko Itzulia. IÑIGO URIZ / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 4a
16:50
Entzun

Lasai zihoan Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa, baina dena aldrebestu du ustekabeko eroriko batek. Oletatik behera zihoazela, dozena bat txirrindulari erori dira. Horien artean zeuden Itzulia irabazteko hiru faboritoak: Jonas Vingegaard (Visma), Remco Evenepoel (Soudal) eta maillot horia soinean zeramana, Primoz Roglic (Bora). Hirurak erretiratu egin dira. Epaileek lasterketa neutralizatu egin dute helmugaraino. Ihesaldian zeuden sei txirrindulariak soilik lehiatuko dira etapa irabazteko. Denborak ez dira kontuan hartuko, eta ez da bonifikaziorik izango. Medikuak berriz ere lasterketara noiz itzuliko zain dago antolakuntza.

Oletako maldetan behera ari zirela erori dira tropeleko lehen postuetan zebiltzanak. Mikel Landak hartu du bihurgunea lehen postuan, lasai antzean, baina haren atzetik zihoazen beste zenbait txirrindulari errepidetik irten dira, eta horietako batzuek kolpe galanta hartu ere bai. Abiadura handian hartu dute bihurgunea, eta erori egin dira.

Vingegaard erietxera eraman dute, immobilizatuta. Lepokoa jarrita eta oxigenoaren laguntzarekin sartu dute anbulantzian. Evenepoel altxa egin da, baina lepauztai inguruan min handia zeukan. Roglic ere erori da, atzo bezala. Jay Vine (UAE) ere erietxera eraman dute.

Ihesaldian zeuden sei txirrindulariek soilik jokatu dute etapa, bi euskal txirrindulari tartean zeudela: Joseba Lopez (Caja Rural) eta Mikel Retegi (Kern Pharma). Beste laurak hauek dira: Louis Mentjes (Intermarche), Mathieu Burgaudeau (TotalEnergies) Karel Vacek (Burgos-BH) eta Reuben Thompson (Groupama). Meintjesek irabazi du azkenean, bakarrik ihes egin ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.