Sarrerak bezain garesti
Ligan ezusteko nagusietako bat izaten ari den taldearen zelaian irabaztea gura du gaur Athleticek
Ligan ezusteko nagusietako bat izaten ari den taldearen zelaian irabaztea gura du gaur Athleticek
haritz gallastegi
Bilbo
Athletic zaleek gustuko duten irteeretako bat dute gaur: Santanderko Sardinero futbol zelaian dute hitzordua. Eguraldia lagun, leku paregabea da egun-pasa joateko: Kantabriako hiriburua polita da, hondartzaz gozatzeko aukera dago, jan-edanerako ez da tokirik falta eta Bilbotik salto batera dago. Ez dago askoz gehiago eskatzerik. Eta behin eskatzen hasita, faborito gisa zelairatzea eska daiteke. Denboraldi askotan hori ere bete da. Racing eta Athletic elkarren aurka aritu direnean, zuri-gorriak izan dira faborito. Gehienetan talde hobea izan du, eta Kantabriakoei egokitu zaie biktimaren rola. Logika bete denean, eta sarritan bete da, zuri-gorriak, gutxienez, puntu batekin bueltatu dira etxera. Beraz, Racingi bisita egiteko eguna gerturatu ahala, jarraitzaileak ere hasi dira euren osteratxoa prestatzen. Urteroko argazkia izaten da Sardineroko harmailaren zati handi bat elastiko zuri-gorriz beteta ikustea. Ikusgarria bisitari diren jokalarientzat. Etsigarria, beharbada, etxeko taldeko futbolarientzat.
RACING FABORITO GARBIA. Hala ere, baliteke gaur beste argazki bat ikustea. Ez dago argi eguraldiak lagunduko duen. Adituak ezezkotan daude. Zaleek nola erantzungo duten ere ez dago argi. Athleticeko jokalariak ez baitira zale zuri-gorrien babesa eta presentzia eskertzen duten bakarrak. Racingeko agintariek ere estimatzen dute Bizkaiko jarraitzaileen ahalegina. Athleticeko zaleentzat sarrerak garestitzen dituzte, klubak ahalik eta diru gehien irabazteko. Eta aurton ere aprobetxatzeko asmoa agertu zuten. Sarrera merkeena 60 eurotan eta garestiena 140 eurotan ipini zituzten. Baina, azken bi denboraldiotan ez bezala, aurton txapelketaren lehen zatian bisitatuko du Athleticek Sardinero. Beraz, ez da hil edo biziko partida. Euren apustuak eskari gutxi izango zuela konturatutakoan merkatu dituzte sarrerak Racingeko zuzendaritzako kideek.
Eguraldia eta jarraitzaile kopurua zehatz-mehatz asmatzerik ez badago ere, gauza bat aldatuko dela ez dago zalantzarik: partidako faboritoa. Oraingoan ez da Athletic izango. Azken denboraldi bietako merituak kontuan hartuta, Racing izango da faborito garbia. Racingek talde lana egiten du egun: defentsan sendo eta aurrean aukera duenean ez du galtzen. Ez entrenatzaile aldaketak, ez Zigicen salmentak, ez fitxaketa gutxi egin izanak ez du eraginik izan Munitis buru duen taldean. Marcelinoren eskutik une gozoak bizitzen ari da. Athletic, berriz, egin bariko taldea da. Alde guztietan ditu zirrikituak.
Ligako lehen 17 jardunaldietako zirrikituak lehenbailehen konpontzen ahaleginduko da Athletic. Beste taldeetan ez bezala, daukanarekin zuzendu beharko ditu akatsak Joaquin Caparrosek -jokatzeko aukerarik ez dutenei irteera aurkitzea izan daiteke teknikariak izan dezakeen albiste onena-.
Hala ere, Caparrosek badauka oraingo taldeari etekin handiagoa ateratzeko aukera. Asmatuko duen jakitea falta da. Racingen aurka proba gehiago egiteko aukera izango du. Izan ere, hasierako hamaikakoan ohikoak diren bi jokalarik ezin izango dute jokatu: Ocio zigortuta dago, eta min hartuta Etxeberria. Okerrik ezean, Ustaritzek ordezkatuko du erdiko atzelari gasteiztarra. Ez du lan handia izango azken neurketetan Ociok egindako jokoa hobetzeko. Etxeberriaren hutsunea betetzeko arazo gehiago izan ditzake teknikari zuri-gorriak: batetik, elgoibartarra taldeko jokalaririk onenetakoa izan delako; bestetik, bigarren aurrelariaren postuan jokatzeko aukera asko eta oso ezberdinak dituelako. Caparrosek aukeratzen duen jokalariak talde guztiaren jokoa baldintza dezake. Aduriz eta Llorent aurrelari petoek jokatzen badute, Athleticek joko zuzenaren alde egin beharko du. Jaurtiketa luzeen ondorioz bi jokalari horiek sortzen dituzten bigarren jokaldiak baliatzen ahalegindu beharko du.
Erdilari aurreratu bat zelairatuz gero, jokoak landuagoa izan beharko luke. Yeste da postu horretan jokatzeko aproposena. Azken metroetan argia ikus dezakeen jokalari bakarra da. Egun, ordea, joko antolatzaile lanetan dabil. Garmendiak Yesteren antzeko ezaugarrriak ditu, eta Espainiako Kopan erakutsi zuen jokalari baliagarria izan daitekeela. Hirugarren aukera jokalari langile bat zelairatzea izan daiteke: Javi Martinez, alegia. Erdilari nafarrak egiten duen presioak trabatu egingo du Racingen erasoko jokoa. Hiru asmo, hiru helbururekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu