Gurpil aulkiko saskibaloia

Bidaideak du erdigune

Bidaideak gurpil aulkiko saskibaloi taldean maila altuan aritzeaz gain, Bidaideak erakundean lan ere egiten du Asier Garciak. Sei urte kanpoan eman ostean, Bilbora itzuli zen 2012an, eta orduan hasi zen bertan.

Asier Garcia, Bidaideak enpresak Etxebarrin duen egoitzaren kanpoaldean. JON URBE / FOKU
Asier Garcia, Bidaideak enpresak Etxebarrin duen egoitzaren kanpoaldean. JON URBE / FOKU
2025eko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Kirolariak, askotan, kirolari soil gisa hartzen ditu jendeak, baina badira kirola lanarekin uztartzen dutenak ere. Horietako bat da Asier Garcia (Bilbo, 1981), gurpil aulkiko saskibaloi jokalaria; 2006tik 2012ra arte kanpoan ibili ostean, Bilbora itzuli, eta Bidaideak erakundean hasi zen lanean. Erakundeak zer funtzio betetzen duen azaldu du: «Bidaideak-ek garraiobideak eskaintzen dizkie mugitzeko gaitasuna murriztua dutenei, edozein kudeaketa egin edo eguneko egoitzara joan behar badute. Bizkaia osoan jarduten dugu».

Bidaideak erakundeak fundazio bat ere badu: Saiatu fundazioa. «Bidaideak-en barruan sortu zen Saiatu fundazioa, eta fundazio horrek kirol egokitua kudeatzen du». Garciak funtzio jakin bat betetzen du bertan: «Bidaideak saskibaloi taldea eta Saiatu fundazioa kudeatzen ditut, eta administrazioan aritzen naiz». Sei urte etxetik kanpo igaro ostean, Bilbora itzuli zen 2012an, eta orduan sortu zitzaion aukera: «2012ko Londresko Paralinpiar Jokoetan Getafeko (Espainia) taldean jokatzen nuen, eta Bilbora itzultzeko aukera eman zidaten. Itzuli eta hilabete batzuk igaro ostean, Bidaideak erakundea saskibaloi taldearen babesle nagusi bihurtu zen, eta horrela hasi nintzen». Erakundean hainbat lan egin ditu bilbotarrak: «Beti administrazioan aritu banaiz ere, garaiaren arabera hainbat funtzio betetzea egokitu zait. Azken urte hauetan, gehienbat saskibaloi taldea kudeatzen aritu naiz, baina Bidaideak-en barruan gauza gehiago ere egiten dira gaur egun».

Bidaideak-en lanean hasi aurretik, baina, saskibaloian ibilbide oparoa egina zuen Garciak: «2006an, Bartzelona klubeko gurpil aulkiko saskibaloi taldera joateko aukera izan nuen, eta bertan jokatu nuen 2009ra arte. Ondoren, bi urtez Toledon (Espainia) aritu nintzen, eta 2011-2012ko denboraldia Getafen (Espainia) egin nuen». Bidaideak-ek ehun langiletik gora baditu ere, euren artean harreman ona daukate: «Nahiz eta enpresaren barruan bakoitzak bere lana izan, Bidaideak erakunde bat da. Langileak izateaz gain, kideak ere bagara, eta erakundearentzat onena lortzen saiatzen gara beti, gizarteari laguntzeko zerbitzu publiko bat ematen baitugu».

Kanpora joan aurretik, gradu bat ikasten hasi zen Deustuko Unibertsitatean, baina ez zuen amaitu: «Ingeniaritza Teknikoa ikasten hasi nintzen, baina hirugarren ikasturtean gradua uztea erabaki nuen; izan ere, Bartzelonan saskibaloian jokatzeko aukera sortu zitzaidan. Beti gustatu izan zait informatika, baina gaur egun ez dut haren falta sumatzen». Badira bizitzan eragina izaten duten erabakiak, eta Bartzelonara joateko hautua halakoa izan zen: «Erabaki zaila izan zen Bartzelonara joatea. Nire konfort eremutik atera behar izan nuen, familiarengandik, lagunengandik eta etxetik urrun nindoan. Gradua uztearen erabakia, gainera, azkar hartu behar izan nuen, kanpora joanda ezin bainuen ikasten jarraitu. Saskibaloi jokalari profesionala izan edo ez erabaki beharra neukan. Bilbon geratu izan banintz, nire ibilbidea ezberdina izango zen, ez dakit hoberako ala okerrerako. Azkenean, saskibaloiaren alde egin nuen apustu, eta gaur egun ez naiz damutzen».

Biak uztartzeko zailtasunak

Exijentzia handia eskatzen dute hala lanak nola kirolak, eta ez da erraza biak uztartzea, horrek esfortzua eskatzen baitu. Garciak nola moldatzen den azaldu du: «Zaila da. Ordutegiak bat etortzea ez da erraza, baina lanean daramatzadan hamahiru urte hauetan bi alorrak uztartzeko aukera izan dut Bidaideak-en». Espainiako selekzioan ere aritzen da: «Hamabost urte daramatzat Espainiako selekzioan jokatzen, eta, ondorioz, udan hainbat egonaldi egin ohi ditugu. Espainiako selekzioa malgua izan ohi da, eta askatasuna uzten du joan ala ez erabakitzeko. Hala ere, gaur egun dauden teknologiei eta telelanari esker, kanpoan ere lan egin dezaket, telefonoa edo ordenagailua erabiliz. Egin daiteke, baina ez da erraza».

Hori dela eta, ez zaio erraza familiarekin egoteko denbora izatea: «Bi alaba dauzkat, eta familiari denbora eskaini behar diot. Gauza asko dira, baina beti dago denbora gustuko duzuna egiteko, eta gaur egun oso gustura nago bai erakundean, baita saskibaloi taldean ere».

«Bi alaba dauzkat, eta familiari denbora eskaini behar diot. Gauza asko dira, baina beti dago denbora gustuko duzuna egiteko, eta gaur egun oso gustura nago bai erakundean, baita saskibaloi taldean ere»

ASIER GARCIA Bidaideak gurpil aulkiko saskibaloi taldeko jokalaria

Bidaideak taldean eta Espainiako selekzioan jokatuta, askotan tokatu zaio bidaiatzea Garciari: «Bidaiatzea beti positiboa da niretzat; lekuak, mundua eta jende ugari ezagutzen duzu. Saskibaloia uzten dudanean, bihotzean eramango ditut bidaietako oroitzapenak eta ezagutu dudan jendea. Egia da urteak aurrera joan ahala astunagoa egiten dela astez aste bidaiatzea. Luze egiten da. Ekainean denboraldia amaitu eta bi hilabete geroago, Europako edo Munduko txapelketetarako egonaldietara joan behar izaten dugu. Nahiz eta nekagarria izan, gustuko duzun zerbait egiten baduzu, ez dago kexatzeko arrazoirik». 

Kirolariek entrenatu ere egin behar izaten dute, eta, goi mailan, are serioago: «Astean lau entrenamendu egiten ditugu taldean, eta saio horiek gauetan izaten dira. Eguerdietan, berriz, bakarkako saioak egin ohi ditugu. Ostiraletan izan ezik, aste barruko gainontzeko egun guztietan entrenatzen gara; ostiralean normalean kanpora bidaiatu ohi dugu, etxean jokatzen ez badugu behintzat. Horrez gain, gimnasioan ere jarduten dugu. Gurpil aulkiko saskibaloia goi mailako kirola bilakatu da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.