SASKIBALOIA. NBA . Detroitek Milwaukee kanporatu du, eta finalerdietan ariko da

Clevelandek garaipen bakarra falta du Washington lehiatik kanpo uzteko

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Dallas Mavericksek eta Los Angeles Clippersek beste kide bat dute NBAko finalerdietan. Detroit Pistons. NBAko txapeldunordeek atzo lortu zuten sailkapena, Milwaukee Bucksi laugarren aldiz irabazi ondoren: 122-93. Partidako emaitza kanporaketan gertatutakoaren isla da. Izan ere, Detroitek aurreikuspenak bete ditu, eta goitik behera nagusitu zaio Milwaukeeri. Hirugarren partidan, Milwaukeen, hain partida eskasa egin izan ez balu (124-104 galdu zuen), Detroitek lau partida besterik ez zuen beharko aurrera egiteko. Nolanahi ere, argi geratu da Detroit sasoiko dagoela, eta eraztuna irabazteko faboritoa dela.

Detroitek ondo amaitu nahi zuen kanporaketa, baita lortu ere. Partida gehienetan bezala, nahierara aritu zen, inolako estutasunik gabe. Richard Hamilton izan zen oraingoan onena txapeldunordeen artean. Hamiltonek 40 puntu sartu zituen, bere markarik onena kanporaketetan. Rasheed Wallacek eta Chauncey Billupsek ere lan bikaina egin zuten erasoan: 39 puntu sartu zituzten bien artean. Saskipean, nola ez, Ben Wallace izan zen berriro jaun eta jabe (14 errebote jaso zituen). Milwaukeen, berriz, Michael Reddek eman zuen maila txukuna. 23 puntu eta bederatzi errebote lortu zituen, baina ez zuen batere laguntzarik izan taldekideen artean.

Jamesek garaipena eman dio Clevelandi azken segundoan

Detroitek Cleveland Cavaliers edo Washington Wizards izango du aurkari finalerdietan. Cleveland 3-2 da aurretik, atzo bosgarren partida irabazi ostean (121-120). Emaitzak ez du zalantzarako izpirik uzten: oso partida borrokatua izan zen. Azken segundoan erabaki zen, Lebron Jamesek lau jokalariri izkin egin eta saskiraketa bikaina lortu ondoren. James ikusgarri aritu zen beste behin. Bere estatistikak ikusi besterik ez dago: 45 puntu, zazpi errebote, sei asistentzia eta bi lapurreta. Bere lana, nola ez, erabakigarria izan zen Clevelandek finalerdietan aritzeko urrats garrantzitsua egin zezan. Harekin batera, lan txukuna egin zuten Larry Hughesek eta Eric Snowek: 42 puntu sartu zituzten bien artean.

Betiko legez, Gilbert Arenas izan zen saskiratzailerik onena Washingtonen: 44 puntu. Oraingoan, ohi baino laguntza handiagoa izan zuen Antawn Jamisonek 32 puntu lortu zituen eta Caron Butlerrek 20, baina ezer gutxirako balio izan zuen Jamesen aurrean.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.