Jokalariek jarri dute jokoa, eta, beraz, haiei zuzendu zaizkie foku guztiak, eta haiei atera zaizkie argazki nagusiak. Jendetza aritu da Munduko Saskibaloi Txapelketan itzaleko lanean, ordea. Haiek jarri diote saskibaloiari saskia. Sarrera saltzaileak, segurtasuneko langileak, garbitzaileak, informazio bulegoetako jendea, argiketariak... Jendetza aritu da egunotan Barakaldon (Bizkaia) eta Bilbon lehiaketa antolatzeko lanetan. Milaka pertsona. Nazioarteko Saskibaloi Federazioaren soldatapean aritu dira haietariko asko, baina boluntario modura aritu dira 450 bat pertsona. Saskibaloi zale direlako onartu dute tratua batzuek, turismo ikasketak egin ostean curriculuma sendotuko dielakoan beste batzuek, eta halako txapelketa baten barrunbeak ikusteko jakin-minak jota zeudelako egin dute beste hainbatek Bizkairako bidea. Izarren dirdiraren gerizpean aritu dira guztiak lanean, baina, hain zuzen ere, izarrak beharrezko du itzala dir-dir egiteko.
«Hiriagatik eta saskibaloiagatik egin dut». Saskibaloi jokalari izandakoa da Ester Aretxabala eta entrenatzaile aritzen da egun. Bilboko Areatzan aritu da bera boluntario txapelketak iraun duen egunetan, eta argi azaldu du bere motibazioa. «Txapelketa hartzen duten hirietan boluntariorik ez badago, oso garesti ateratzen da antolakuntzarako behar diren langile guztiei ordaintzea, eta pena litzateke horregatik lehiaketarik ez egin ahal izatea». Jokalari ohia eta entrenatzailea da Javier Rodriguez ere, eta Aretxabala ondoan izan da lanean, Areatzan. «Hau oso ona da Bilborentzat», dio. «Oso giro ona izan dugu gure artean, eta esperientzia oso polita izan da».
Labur azaldu du haien egitekoa Rodriguezek: «Ez dugu ezer zehatzik egin, baina denetarik egin dugu». Kontu praktikoei buruzko informazioa eskaini, txapelketaren babesleak lagundu, kanpotarrei metrora heltzen lagundu... Otordua jarri die antolakuntzak egunero trukean, metroa erabili ahal izateko txartelak ordaindu dizkie, arropa eman die, eta izan dute BECen partida bat edo beste ikusteko aukera ere. Pozik, Rodriguez eta Aretxabala: «Txapelketa ikustera etorri diren 8.000 finlandiar horiek berriz bisitan itzul daitezela lortu behar genuke, eta horretarako lan egin beharra dago».
Barakaldon aritu dira lanean Leila Rakib, Patricia Roman eta Eneko Palomero, kreditazio gunean hirurak, eta hirurak pozik. Hizkuntza modernoak ikasten dabil Rakib, adibidez, eta horrek ere bultzatu du BECera, baina dioenez, ongi pasatzeko asmoz eman zuen izena batez ere. «Duela bi urte izan nintzen boluntario lehenengoz, eta, hau lehiaketarik handiena denez, ikusi egin nahi nuen. Oso ongi pasatu dut, eta lagun asko egin ditut». Amaituak ditu turismo ikasketak Romanek, eta esperientzia hartu eta curriculuma osatzea izan du helburu. «Ez naiz saskibaloi zalea, baina balio izan dit halako txapelketak nola antolatzen diren ikusteko». Eta ikusitakoarekin «harrituta» gelditu dela onartu du. «Zale taldeekin, batez ere».
Hiriaren alde
Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasten dabil Palomero, eta jakin-minak eraman du Barakaldora. Horrek, eta bai bere hiriaren irudia hobetzeko gogoak ere. «Londresen Olinpiar Jokoak ikusten egon nintzen, kanpotik, eta, barruan ongi pasatu zutela jakinik, hemen izena eman nuen. Halako ekitaldiek laguntzen dute Bilboren irudia hobetzen eta munduan zabaltzen». Aipatu du arantzarik ere, ordea. «Antolaketa ongi aritu da, baina izan dira gorabehera batzuk. Ehun boluntarioren arropen neurriarekin nahasi egin dira, adibidez, eta jantzi ofizialik gabe eman dute astea».
Barakaldoko boluntarioen bulegoan aritu da Lara Sanmames. Burgoskoa da, baina Bilbon egin ditu txapelketako egunak. Turismo eta itzulpengintzako ikasketak egin zituen Sanmamesek ere,, baina nagusiki saskibaloiak eraman du BECeko bulegoraino. «Oso gustuko dut saskibaloia, jokalari izana naiz, eta, munduko txapelketa hurbil nuela ikusita, are hurbilagotik ikusi nahi nuen». Pozik esperientziarekin. «Jende pilo bat ezagutzeko aukera izan dut».
Harmailetako gora-beherak
Saskibaloi zelairako sarreran aritu da lanean David Camoira, soldatapean. Pozik lan baldintzekin, eta munduko txapelketa bertatik bertara ikusi ahal izateko aukerarekin. «Jendea ibili denean ongi egon da lana, baina mugimendu handirik gabeko tarteetan ez da oso interesgarria izan. Gainera, zenbait ordutan ez da jende askorik ibili». Argi ikusi du Camoirak ere, argazkilarien objektiboak argi erretratatutakoa. Jendetza harmailetan AEBen partidetan, finlandiar piloa Finlandiakoek jokatutakoetan, eta harmailak erdi hutsik gainontzeko lehia gehienetan. AEBetako selekzioaren presentzia dela-eta indarrean izan diren segurtasun neurri zorrotzak ere aipatu ditu Camoirak, bestalde. «Polizia ibili da leku guztietan, eta kontrol handia. AEBetako selekzioagatik izan da. Ertzainak aurrera eta atzera, eta sekretak alde guztietan».
Saskibaloia. Munduko Txapelketa
Saskibaloiari saskia jartzen diotenak
Milaka pertsona aritu da lanean egunotan Bilbon eta Barakaldon Munduko Saskibaloi Txapelketan, eta boluntario gisa aritu dira haietariko 450 inguru. Hiriari laguntzea eta giroaz gozatzea izan da haietariko askoren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu