Bartzelona. Huertas (10), Oleson (7), Rabaseda (6), Wallace (7), Tomic (13) —hasierako bostekoa— Sada (8), Navarro (4), Ingles, Lorbek (12), Todorovic (5) eta Mavrokefalidis (16).
Uxue Bilbo Basket. Zizis (4), Grimau (14), Mumbru (9), Hervelle (17), Hamilton (9) —hasierako bostekoa— R. Lopez, S. Sanchez, Moerman (7) eta Samb (2).
Markagailua. 27-15, 49-35 (atsedenaldian); 68-46 eta 88-62.
Epaileak. Hierrezuelo, Araña eta Cortes. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 4.793 ikusle Bartzelonako Palau Blaugranan.
Pixka bat estutzeko ere ez zen gai izan Uxue Bilbo Basket. Tira, bai; Grimau eta Hervelleren lehen bi saskiraketekin, 0-2 eta 2-4 aurretik jarri ziren bizkaitarrak, baina, gaur-gaurkoz, Bilbo Basket baino askoz talde handiagoa da Bartzelona. Jawai eta Mickeal gabe, kataluniarrek sufritu egin dute denboraldiaren hondarrean, baina Huertasen gidaritzapean, atzo sistema guztiak dotore amaitu zituzten etxekoek. Kanporaketetarako fitxatu zuten Loukas Mavrokefalidis pibota, eta dotore erantzun zuen greziarrak. 11 puntu saskiratu zituen lehen bi laurdenetan, hamasei denera, eta Ante Tomic ondoan zuela —hamahiru puntu denera—, ezerezean utzi zuen bilbotarren saskipeko lana.
Partidako 71,65 puntu jasota, ligako bigarren defentsarik onena da Bartzelonarena, baina defentsan bakarrik ez, erasoan ere asko asmatu zuten atzo etxekoek. 27 puntu lehen laurdenean, 49 atsedenaldian... 13-10ekotik 27-13kora igaro ziren kataluniarrak lau minutu eskasean, eta hortxe amaitu zen partida. Ohi duten moduan, 35 puntura mugatu zuten Bilbo Basketen lehen zatiko jarduna, eta entrenamendu on gisa egin zituzten azken bi laurdenak, minutuak ondo banatuta.
Saskipeko lana funtsezkoa izaten da gehienetan titulurako kanporaketetan, eta erreboteetako datua aztertu besterik ez dago alderik nabarmenena non egon zen ikusteko. 39 errebote etxekoek; 27 bilbotarrek. Biko jaurtiketetan %71 Bartzelonak eta %45 Bilbo Basketek; 120 puntuko balorazioa kataluniarrek eta 49koa bizkaitarrek... Arlo guztietan ibili zen ezinean Uxue Bilbo Basket. Etxekoen aldetik, Mavrokefalidis izan zen saskiratzailerik onena, hamasei punturekin, eta Uxue Bilbo Basketen aldetik Hervelle, hamazazpirekin.
Igandeko greba eztabaidagai
Azken egunotan sortu den korapiloa askatzen saiatuko dira gaur Madrilen Saskibaloi Kluben Elkartea (ACB) eta Saskibaloi Jokalari Profesionalen Elkartea (ABP). Bi aldeekin bilduko da Miguel Cardenal Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko presidentea, 11:00etan. Asteartean jokalarien sindikatuak ohartarazi zuen moduan, gaurko bileran akordiorik lortu ezean, igandetik aurrera greba mugagabeari ekingo diote jokalariek; titulurako kanporaketetako bigarren partidei eragingo lieke erabakiak. 1993tik indarrean den lan hitzarmena negoziatu nahi du jokalariek. Besteren artean, gutxieneko soldata igotzea da eskarietako bat; 25.000 eurokoa da gutxiengo hori egun.
Bartzelona 88. Uxue Bilbo Basket 62
Saskipean amore emanda, egurra jaso du Bilbo Basketek
Lehen laurdenean bertan hautsi da partida (27-15), eta bizkaitarrek gero ezin izan dute baretu etxekoen grina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu