«Sasoi betean iritsiko naiz»

Xala lan fisiko gogorra egiten hasi da, eta ziurtzat jo du uztailaren 3ko buruz buruko finalera erabat indartuta iritsiko delaPrestatzaile fisikoa «harritu» du, eta partida bat jokatu nahiko luke finalaren aurretik

Xala eta Justo Lillo Aspeko prestatzaile fisikoa, lasterka, atzo goizean, Tolosako Usabal kiroldegi alboko futbol zelaian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Harrituta utzi nau, benetan. Nik apurka indartzeko plana eginaneukan, eta dena pikutara joan da. Orain, helburua ez da apurka indartzea, helburua finalera puntu-puntuan iristea da». Justo Lillo Aspeko prestatzaile fisikoak kostata sinets zezakeen atzo goizean Xalak egin berri zuen entrenamendu fisikoa. «Oso ondo nago, eta sasoi betean iritsiko naiz finalera», gehitu zuen pilotariak, prentsaurrean eginiko agerpenean. «Hemezortzi egun ditut aurretik, eta ez dut baztertzen hurrengo astean partida bat jokatzearen aukera. Ez da txantxa».

Xala bere burua probatzera joan zen atzo Tolosako Usabal kiroldegira, apendizitis ebakuntza egin ziotela hamar egun paseak zirenean. Proba behar zuena, baina, entrenamendu «nahiko gogor» bilakatu zen. «'Justo, hau ez da probatzea' esan dit, baina beroketan nola zegoen ikusita, atzo hamabi minutuko saio bat egin zuela jakin ondoren, eta nola mugitu eta makurtzen zen ikusita, ez zuen zentzurik ez estutzeak», azaldu zuen Lillok.

Lekuinekoak ordu eta erdi pasako saioa egin zuen, eta Tolosako kiroldegiko gimnasioko makina guztiak probatu zituen, giharren batean minik sentitzen zuen ikusteko. Gero futbol zelaira irten ziren, eta 40 korrika serie egin zituen, hamabost, berrogei, hirurogei eta ehun metrokoak. Denak ahalegin betean.

Gaur hasiko da pilotaleku entrenamenduekin. Miarritzera abiatuko da, goizean, eta saio leuna egingo du. Astelehenean, berriz, Bilbora joango da entrenatzera. Hurrengo astean bi aldiz joango da pilotalekura, eta lan hori saio fisikoekin uztartuko du. «Denetarik landuko dugu, koordinazioa, indarra, malgutasuna eta baita abiadura ere. Gaur keinu bortitz asko egin ditugu, eta ondo dagoenez, karga sar daiteke», aurreratu zuen Lillok.

Egun gogorrak

Azken bi asteak ez dira gozoak izan Xalarentzat. Apendizitis ebakuntza egin ziotenetik, polemika eta zalaparta baino ez da egon bere inguruan. Herenegun, ordea, bere eskaerak fruitua eman zuen, eta «amesgaiztoa» itxuraldatu egin zen. «Dena kolpetik aldatu zen, irla ilun batean giltzapetuta nenegoen, eta beste paradisiako batera igaro nintzen, itsaso garbi eta librean igeri egiteko aukerarekin». Aldartea erabat aldatu zaio Lekuinekoari, atzoko agerraldiak zer ikusi gutxi izan zuen astelehenean Irunen egindakoarekin. Hori bai, agerikoa du argaldu egin dela, «bi kilo inguru», prestatzailearen irudiko.

Atzera begira jarrita, azken egunetan «oso gaizki» pasa duela aitortu zuen Xalak, baina ez zuela itxaropenik galdu. «Ipar Euskal Herriko pilotari batzuk ebakuntza egin eta hamar egunetara jokatzen hasiak zirela banekien, eta 3an jokatzeko gai izango nintzela. Nire medikuek gauza bera zioten, eta nire finala zen. Uztailaren 3an ezin badut jokatu, ez da apendizitisarengatik izango». Pilotaria Baionako ospitaleko medikuarengana joan beharko du hurrengo astean, ebakuntza osteko ohiko errebisioa pasatzeko.

Eta bidean jarri zen, borrokan. «Nik banekien finala jokatuko nuela, baina egunak pasa ahala gauzak zail ikusten nituen, denbora bukatzen ari zelako». Enpresak ez zuen bere deia erantzun, eta afera abokatuen esku utzi zuen. Haiek epaitegietara joateko prest zeuden. «Nik igande honetan jokatu behar zen finala gelditu nahi nuen, ez zedila jokatu. Abokatuak epaitegietara joan ziren, eta oso zaila izango zela esan zidaten. Hor, baina, enpresako pilotariak nirekin zeuden, eta presio hori oso garrantzitsua izan zen». BERRIAk herenegun azaldubezala, asteazken goizean Aspeko pilotariek asteleheneko oharrean azalduriko jarrera berresten zutela jakinarazi zioten enpresari. Agerraldian Xalak behin baino gehiagotan eskertu zien Aspeko pilotariei agerturiko jarrera, baita Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak izandakoa ere.

Asteazken eguerdian bildu zen Fernando Bidarte Aspeko buruarekin, eta enpresariak iritziz aldatu zuen. Xalak esan zuenez, txostenei esker. «Nik nire medikuen txostenak erakutsi nizkion, 3rako jokatzeko prest egongo zirela ziotenak, eta normala da enpresak iritziz aldatu izana, posible zelako nik finala jokatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.