Ez da gauza bera denboraldiaurrerako entrenatzea eta denboraldiak iraun bitartean entrenatzea: helburuak ezberdinak dira, eta intentsitatea eta nekea ere bai. Entrenamendu horiek kudeatzeko ardura izaten dute taldeetako prestatzaile fisikoek. Beñat Larrinaga (Bilbo, 1991) Deustuko Unibertsitateko Jarduera Fisikoa eta Kirola ikertaldeko kidea da, eta baita Kaikuko prestatzaile fisikoa ere.
Nolakoak izaten dira denboraldiaurreko entrenamenduak?
Neguan gehiago aritu ohi dira ergometroan, eta indar entrenamendu gehiago ere egiten dituzte; erosoagoak dira, edonoiz egin baitaitezke, eta bakoitzaren lanarekin uztartu. Entrenamendu luzeagoak izaten dira, alderdi mitokondriala eta gaitasun aerobikoa lantzeko ezinbestekoa baita asko entrenatzea eta indarra garatzeko pisu handiarekin aritzea. Beti mugatuta, arrauna ez baita txirrindularitzaren parekoa, eta, arraunean, ordu eta erdiko entrenamendu bat luzetxoa egiten da jada, daukan karga mekanikoa dela medio. Horregatik, prestatzaile fisikook beste kirol batzuk ere txertatzen ditugu entrenamenduetan: korrika, txirrindularitza, ergometroa... Neguan ez da dena traineruan izaten.
Zergatik?
Azkenean, estropadetarako prestaketa ez da izaten hogei minutuko ala hamar minutuko tarte horietarako soilik, baizik eta denboraldi osoan irauteko. Hau da, larunbatetako eta igandeetako estropadak egiteko, horien ostean indarberritzeko eta, gainera, astero lehiatzeko moduan egoteko. Bi hilabete oso-oso gogor izaten dira, eta entrenamendu oso aerobikoa behar izaten da hori guztia jasateko.
«Estropadetako prestaketa ez da izaten estropadetako tarte horietarako soilik,
baizik eta denboraldi osoan irauteko»
Eta denboraldiak iraun bitartean?
Estropadak intentsitate handikoak dira, baina, arraunak daukan espezifikotasun hori lortzeko, kadentzia entrenatu behar da, hots, erritmoa. Denboraldia aurrera doan heinean, entrenatzaileak saiatzen dira uretan denbora gehiago pasatzen, eta lan askoz ere espezifikoagoa egiten, estropadetara bideratuta. Baina ezin da estropada aste barruan berriro egin; bestela, arraunlariak oso kargatuta helduko lirateke aste bukaerara. Gakoa horixe da: zenbateko intentsitatean entrenatu asteburuko estropada kontuan izanda. Astelehenean eta asteartean, asteburuko ahaleginaren ostean indarberritzeko lana egiten da, asteazken eta ostegunean intentsitate apur bat sartu ohi da, eta ostiralean-edo, hurrengo estropada prestatu. Kargari dagokionez, ez dago ia tarterik intentsitate handiko entrenamenduetan pisu handiekin ibiltzeko.
Noiz daude arraunlariak sasoirik onenean?
Sasoirik onena, normalean, estropadak bukatu baino apur bat lehenago lortzen dute: Kontxako estropadaren garaian edo. Lehian eta estropadetan aritzeko espezifikotasun horrek oso kalitate oneko entrenamenduak ematen ditu. Izan daiteke, ordurako watt-ak apur bat jaistea, baina traineru barruko sentipenak askoz hobeak izango dira irailean, estropaden hasieran baino; traineruak azkarrago doaz irailean, ekainean baino. Arazoa izan liteke denboraldia gaizki joan bada psikologikoki eta fisikoki motibazioa galduta heltzea irailera.
«Denboraldi hasieran-edo psikologo batek eginiko hitzaldi batek taldeen errendimendua
hobetuko luke»
Noiz behar dute arraunlariek laguntza psikologiko gehien?
Gure hipotesia da denboraldi hasieran presioa handiagoa dela. Orduan izaten da aldirik garrantzitsuena zuzendaritzako norbaitekin edo taldeko kapitainarekin hitz egiteko, edozein arazo aipatzeko... Baina lanketa aurretik egin beharko litzateke. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, ikertzen gabiltza arraunlariek zelako presio psikologikoa jasaten duten pisua galtzeko denboraldiko zenbait garaitan. Gehiago aztertu beharko litzateke gaia, baina oso osasuntsuak ez diren metodoak erabiltzen dira pisua galtzeko eta arraunlariei presio hori sortzeko.
Halere, ez da ohikoa taldeek psikologoa edukitzea.
Talde tekniko ia gehienetan prestatzaile fisiko bat dago, mediku bat [TKE ligan ezinbestekoa da], eta baita nutrizionista bat ere, azkenaldian. Baina psikologoa oraindik ez da sartu arraun taldeetan. Egongo da psikologoarenera joaten den arraunlariren bat, baina bere kabuz. Denboraldi hasieran-edo psikologo baten hitzaldi bat izateak taldeen errendimendua hobetuko luke, gutxienez.
Emakumeak eta gizonak ezberdin entrenatzen dira?
Berez, entrenamenduak antzekoak izaten dira. Egia da emakumeek, edozein kiroletan, indar gutxiago sortzen dutela; beraz, indar entrenamenduari garrantzi handiagoa ematen zaio. Aldi berean, oso garrantzitsua izaten da esperientzia. Ohikoa izaten da emakume hasiberriak eta hamabost urte daramatenak egotea traineru berean. Hasiberriek teknika ikasi behar izaten dute, eta, gainera, ez dute izaten gaitasunik entrenamenduak aguantatzeko ere, eta horretarako prestatu behar dute lehenik.
Eta patroiak nola entrenatzen dira?
Patroiek, oinarrian, esperientzia behar dute, eta ziurgabetasun egoeretan ahalik eta denbora gehien egotea: itsaso biziarekin, olatua alboz datorrela, kontra, alde... Aulki mugikorrean ez bezala, traineruetan patroiak ziabogak eman behar ditu, olatuetan eraman behar du ontzia, eta horrek gaitasun fisiko handiagoa eskatzen du. Ondoren, oreka, koordinazioa eta sorbaldetako indarra landu daitezke, ziabogetarako. Baina entrenatzaileek nahi izaten dute patroiaren pisua gutxieneko horretatik ahalik eta gertuen egotea [55 kilo]. Seguruenik, batzuek osasuntsuak ez diren teknikekin galtzen eta irabazten dute pisua. Beharbada arautegia aztertu beharko litzateke, pisu horiek ondo dauden ala ez erabakitzeko.