Carlos Sastrek (Leganes, Espainia; 1975) irabaziko du bihar Frantziako Tourra, Cadel Evansek ezin izan baitio lidergoa kendu gaur erlojupekoan (Cerilly-Saint Amand Montrond, 53 kilometro). 1.34ra zegoen Evans, eta gaur 29 segundo baino ez dizkio atera hari. Etapan hamabigarren izan da liderra, 2.34ra.
Beste erlojupeko batzuekiko, beraz, alde txikia kendu dio Evansek. Esaterako, itzuliko aurreko erlojupekoan (Cholet-Cholet, 29,5 kilometro, laugarren etapa), 1.16ko aldea atera zion Sastreri.
Honek gaurko etapa hasi aurretik Frank Schleck bigarren sailkatua 1.24ra zeukan eta Bernhard Kohl hirugarrena 1.33ra. Gaur Schlecki 3.02 kendu dio eta Kohlek berari hamahiru segundo.
Sailkapen nagusian, Evansek bukatuko du bigarren –1.05era-. Kohlek hirugarren –1.20ra-.
Etapa Stefan Schumacherrek irabazi du. Itzuliko beste erlojupekoko garaipena ere hark eskuratu zuen. Gaur 21 segundoko aldea atera dio bigarrenari: Fabian Cancellarari.
Ondo itzuli handietan
1997an egin zuen debuta profesionaletan Sastrek, ONCErekin. 2002tik CSC taldean dago.
Tourrean askotan geratu da hamar lehenen artean: 2006an hirugarren, 2007an laugarren, 2004an zortzigarren, 2003an bederatzigarren, 2002an hamargarren. Aurten aurrena.
Horretaz gain, hiru etapa irabazi ditu Frantziako itzulian: 2003an, 2006an eta aurten -Alpe d’Huezen-.
Espainiako Vueltan ere postu onetan bukatu izan du; iaz eta 2005ean bigarren, adibidez.
Bihar bukatuko da Tourra, 21. etaparekin: Etampes-Paris (143 kilometro). Liderrarentzat gozatzeko etapa izan ohi da.
Hurrengo itzuli handia abuztuaren 30ean hasiko da: Espainiako Vuelta. Italiako Giroa Alberto Contadorrek irabazi du aurten -honek lortu zuen iaz Tourra-.
txirrindularitza
Sastrek irabaziko du Frantziako Tourra
Lidergoari eutsi dio gaur, oso erlojupeko ona eginda. Evansek bukatuko du bigarren -1.05era-, Kohlek hirugarren -1.20ra-. Gaurko erlojupekoa ere Schumacherrek irabazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu