Txirrindularitza

Scarponi garaile Giroan, eta Basso lider jarri da

Liquigas taldeak erakustaldia eman du. Arroyok etapa ona burutu du, baina ezin izan dio lidertzari eutsi. Bihar Gavia mendatea izango dute, eta igandean amaituko da Giroa, 15 kilometroko erlojupekoarekin.

2010eko maiatzaren 28a
18:13
Entzun
Michele Scarponik (Androni) irabazi du gaur 93. Italiako Giroko 19. etapa -Brescia-Aprica, 195 kilometro -. Liquigas taldeko Ivan Bassorekin eta Vincenzo Nibalirekin batera helmugaratu da, eta Bassok David Arroyori (Caisse d'Epargne) lidertza kendu dio. Espainiarra 3.06 minutura ailegatu da. Helmugan gainsariak zeudenez, 51 segundogatik galdu du maglia arrosa.

Lau mendate zituen gaurko etapak, eta horietan gogorrena eta ikusgarriena izan da azken aurrekoa, Mortirolo. Liquigas taldeak lan bikaina egin du, eta Mortirolon goiti Bassok, Nibalik eta Scarponik faboritoen taldea hautsi dute. Tontorrean haien gibeletik pasatu dira Aleksandr Vinokurov (Astana), Carlos Sastre (Cervelo), John Gadret (AG2R) eta Cadel Evans (BMC), hurrenez hurren. Arroyok, berriz, hirukotearengandik 1.55 minutu galdu du Mortiroloren gainan, helmugatik 30 kilometrora.

Espainiarrak, ordea, jaitsiera ikusgarria egin du, eta Vinokurovekin, Sastrerekin, Gadretekin eta Evansekin elkartuta hiru italiarrekiko aldea 39 segundoraino murriztea lortu dute. Hala ere, azken mendatean, Aprican, Bassok eta Nibalik gogotik egin dute lan, eta aurrenekoa lider jartzeko moduko tartea lortu dute helmugan.

Sailkapen nagusian Bassok 51 segundoko aldea ateratzen dio bigarrenari, Arroyori, eta 2.30 minutukoa hirugarrenari, Nibali taldekideari.

Azken etapa erabakigarriak

Bihar korrituko dute itzuliko 20. etapa: Bormio- Ponte di Legno Tonale (178 kilometro). Bigarren mailako mendatean bukatuko dute eta aurretik, besteak beste, lehen mailako bi izango dituzte: 72. kilometroan Di Livigno eta 148.ean Gavia ezaguna -probako gainik garaiena-.

Igandean amaituko da Giroa, Veronan, 15 kilometroko erlojupekoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.