pilota

Sebastian Gonzalez txapeldun

18-22 irabazi dio Juan Martinez Irujori lau t'erdiko finalean, Donostian. 6-0, 9-1 eta 10-2 joan da aurretik Irujo. Gonzalezek Lehen Mailako bere aurreneko txapela du, eta Iparraldeak ere bai buruz burukoan. Gaur egingo diote harrera Azkainen, 21:30ak aldean.

2009ko abenduaren 8a
19:22
Entzun
Sebastian Gonzalezek (Azkaine, Lapurdi) Lehen Mailako bere aurreneko txapela irabazi du gaur, Donostian, lau t'erdiko finalean 18-22 hartuta mendean Juan Martinez Irujo. Hala, Ipar Euskal Herriko pilotak ere Lehen Mailan buruz buruko lehen txapela du gaurkoa -binakakoan irabazita zen Panpi Ladutxerekin eta Ives Salaberri Xala-rekin-.

Kostatuta lortu du garaipena Gonzalezek, txapela oso garesti jarri baitzaio partidaren hasieran, Irujok 6-1, 9-1 eta 10-2 hartu diolako aurre. Ezinean zebilen lapurtarra, huts asko eginez, eta oso indartsu haren aurkaria. Gonzalezek pazientzia handiagoz jokatzeari ekin dio gero, luzeago jokatzen aritu da, eta fruituak jaso ditu: 12-11, 16-16 -lehen berdinketa izan da-, 18-18 eta 18-22.



Irujo nagusi hasieran

Sakez egin du partidako aurreneko tantoa Irujok, ezker gantxoz bigarrena, Gonzalezek huts batzuk ere egin ditu eta 6-0. Etenaldia eskatu du orduan Gonzalezek. Ondoren egin du honek bere lehen tantoa: txapara bota du pilota Irujok. Tanto luze eta ikusgarria jokatuta egin du honek zazpigarrena. Antzera jarraitu dute gero.

Gonzalezek partida hasieran 10-3koan baino ez du egin bere jokoa; piloteoan dominatu ondoren, bolea ederra jo du. Sakez egin du ondoren laugarrena, eta lasaiago jokatzen hasi da, seguruago arituz eta Irujoren hutsak bilatuz. Aurkariak irrist eginda lortu du 11.a Irujok. 12.a, sakez. Baina Gonzalezek ondo segitu du eta tanto batera jarri da, horma bikoa eginda: 12-11. Ez du, lortu, baina berdintzea: 14-11. Gero bai: hamaseina. Handik aurrera, erabat nagusi Gonzalez.

Gaur bertan egingo diote harrera Gonzalezi Azkainen: 21:30ak eta 22:00ak artean.

Atano III. pilotalekuan jokatu dute finala. Leporaino bete da.

Irujo lau t'erdiko txapeldun izan zen 2006an.

Gaurko partzialak

6-0 (Irujo aurretik), 6-1, 9-1, 9-2, 10-2, 10-7, 12-7, 12-11, 14-11, 14-12, 16-12, 16-16, 17-16, 17-17, 18-17, 18-18, 18-22.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.