Urte luzeetako ohitura hautsi ondoren, iazko egutegian ez zuen tokirik izan Euskal Herriko Sega Txapelketak, partaide faltak eraginda. Historikoki, Ohiko sega deituriko aldaerak indar handia eduki izan du Euskal Herrian, eta izen handiak ageri dira garaipen zerrendan. Ordubeteko lanean belar gehien nork ebaki epaitu ohi da txapelketa horretan, eta, besteak beste, Julen Gabirondo, Bixente Mitxelena eta Joxe Gabirondo ageri dira onenen artean. Bada, partaide ezak eraginda txapelketari jarraipena eman ez ziotelako, hausnarketa fasea ireki zuen Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak, eta, horren harira, egitasmo bat jarri berri du martxan, Gipuzkoako Aldundiarekin batera: Sega Gazte Ibilbidea.
Sega belaunaldi berrietara gerturatzea dute xede proiektuaren bidez, eta, horretarako, klase teoriko eta praktikoak uztartuko dituzte. Oraingoz, zortzi gazte ari dira jardunean, sei neska eta bi mutil, eta segaren etorkizuna bermatzea nahi dute federazioko ordezkariek.
Izaskun Arruti da Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidentea, eta, iazko egoerari konponbidea jarri asmoz, hausnarketa fasea ireki zutela aitortu du. «Sega munduan beherakada handia zegoela antzeman genuen, eta ohartu ginen modalitatea galtzeko arriskuan zegoela. Bilera baterako deialdia egin, eta sorpresa galanta hartu genuen». Izan ere, gazte dezente azaldu ziren bilerara, gurasoek lagundurik. Guztiak Gaztelukoak (Gipuzkoa) ziren.
«Ustekabea izan zen ikustea nola gazte horiek lehendik ere segan aritzen ziren, Joxe Gabirondorekin. Beste herri batzuetan futbol edo pilota eskolak dauden bezala, Gaztelun segan jarduten zuten hainbat gaztek, eta gogotsu agertu ziren bilerara federazioarekin elkarlanean aritzeko. Ezusteko pozgarria izan zen guretzat gazte horien berri izatea, motibazio iturri bat, eta pentsatu genuen zerbait egin beharra zegoela».
Testuinguru horretan, Gipuzkoako Aldundiaren atea jo zuten federazioko ordezkariek. «Proiektu bat idatzi ondoren, garbi adierazi genuen segaren etorkizuna bermatzea zela gure lehentasuna. Ohartu ginen beteranoak bagenituela, baina gazteak, oso gutxi, eta proiektua asko gustatu zitzaion Aldundiari». Gipuzkoa osora zabaldu zuten izen emateko aukera. «Oraingoz, Gazteluko zortzi gazte horiek eman dute izena, baina gure asmoa da proiektu honek jarraipena izatea datozen urteetan ere eta jende gehiagok jotzea guregana. Edonork ditu ateak zabalik».
«Oraingoz, Gazteluko zortzi gazte horiek eman dute izena, baina gure asmoa da proiektu honek jarraipena izatea datozen urteetan ere eta jende gehiagok jotzea guregana»
 IZASKUN ARRUTI Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidentea
Klase teoriko eta praktikoak uztartzen dira programan. Lehen jardunaldia ekainaren 14an egin zuten Ezkio-Itsasoko belardietan (Gipuzkoa). «Lehenbizi, gazte horiei teoria apur bat irakatsi zien Joxe Gabirondok. Zer sega mota dauden azaldu zien, gure kirolaren historia zein den, belarraren egoera nolakoa den, zer aldetatik moztea komeni den, belardiaren eremuak nola banatzen diren eta abar. Azalpen ugari jaso zituzten». Ondoren ailegatu zen dena praktikan jartzeko ordua. «Segalari bakoitzak 35 metro koadroko bi sail ebaki behar izan zituen, eta ikusi genuen maila altuko neska-mutikoak ditugula».
Euskadikoa, aurten bai
Bigarren jardunaldia uztailaren 11n egingo dute, arratsaldez, Asteasun (Gipuzkoa). Gainera, biharamunean, Gipuzkoako Sega Txapelketa Nagusia jokatuko da bertan, eta gazteentzat «ohorea» izango da belardi horietan jarduteko aukera izatea. Arrutiren esanetan, belaunaldien arteko topaketa ere garrantzitsua da. «Sega kirol modalitate bat baino zerbait gehiago da. Gure historiaren eta kulturaren parte da; gure ondarea, alegia. Ezagutza teknikoak erakutsi nahi dizkiegu gazteei, baina baita balioak ere: esfortzua, errespetua, taldean lan egitea eta naturarekiko zaintza».
Gipuzkoako txapelketaren ondotik, aurten bai, Euskadiko Sega Txapelketa Nagusia jokatuko da uztailaren 19an. «Albiste ona litzateke hurrengo urteetan ere antolatzea. Gazteak behar ditugu segan, eta guk jarraituko dugu formula berriak topatzen».