Berea zuen errekorra, eta bereago du orain. Marka guztiak gaindituta, zortzigarren aldiz irabazi du Euskal Herriko Sega Txapelketa Julen Gabirondok (Urnieta, Gipuzkoa, 1989). Joan den igandean jokatu zen finala Hernanin (Gipuzkoa), eta faboritoak ez zuen hutsik egin. Guztira 1.334 kilo belar ebaki zuen; bigarren sailkatu zen Oier Urkola, 1.301,5 kilo ebakita, eta hirugarren izan zen Mikel Lizartza, 1.294,5 kilo bilduta. Estua izan zen finala, eta gogorra; besteak beste, luze doan beroaldiak eraginda, ebakitzeko belar gaiztoa topatu baitzuten segalariek. Oraindik 37 urte besterik ez, eta segaren historiaren liburuan kapitulu distiratsuak idatzi eta idatzi ari da Gabirondo.
Belarraren egoera zela eta, gogorra joan zen finala. Erabat errekuperatu al zara?
Guztiz ez, baina nahiko ongi nagoela esango nuke. Fisikoki final gogorragoak jokatu izan ditut, baina egia da orain dela urte batzuk baino gehiago kostatzen zaidala gorputzari buelta ematea. Hori bai, irabazita errazagoa da nekeari aurre egitea. Ospakizunak ere izan genituen finalaren ondoren, eta horri buelta ematea zailagoa zait.
Nolako belarra topatu zenuten?
Lehorra eta ebakitzeko zaila. Azken boladako beroak denean du eragina, eta belarrari ere kalte handia egin dio. Sega kolpe bakoitzeko zaila zen belar asko ebakitzea, eta nahi eta ezin ibili ginen ordubeteko lanean. Sail batetik bestera aldeak ere bazeuden, eta azkenera arte ez nengoen ziur irabazi ote nuen.
Izan ere, soilik 33 kiloren aldea atera zenion Urkolari.
Sailari dagokionez, ikusi nuen belar gehiago ebaki nuela. Alegia, metro karratuei kasu eginda, bistakoa zen lan handiagoa egin nuela nik. Hori bai, gero belar hori guztia pisatu egin behar izaten da, eta beldur nintzen Urkolak ebakitako belarrak pisu gehiago ez ote zuen izango. Irudipena nuen hark ebakitako sailean belar goxoagoa zegoela, pisu gehiagokoa. Azkenean nik irabazi nuen, eta sekulako ilusioa egin zidan txapela janzteak.
Astebete lehenago Gipuzkoako txapela zerorrek jantzi zenuen, aurkari beren aurka. Faborito izateak eragin al zizun?
Ez, zeren eta banekien beste bi partaideetako edonork ere irabaz zezakeela. Guztiok prestatzen gara fin halako lan bati aurre egiteko, kirolean jai baitago prestatu gabe. 33 kiloren aldea oso gutxi da; gutxi gorabehera, hogei bat sega kolpe. Ikusi zen beste segalariek ere maila handia dutela. Txapel bat janztea beti da zaila. Egia da zortzi baditudala dagoeneko, baina bat bera ere ez da izan erraz lortutakoa.
«33 kiloren aldea oso gutxi da; gutxi gorabehera, hogei bat sega kolpe. Ikusi zen beste segalariek ere maila handia dutela»
Zer esan nahi du zuretzat zortzi txapel edukitzeak?
Segan hasi nintzenean ez nuen halakorik imajinatu ere egingo. Ni segan ikasitakoa naiz, ez baitut txikitatik horretarako afiziorik izan. Hasiera haietan nahiko lan bagenuen lotsagarri ez geratzen. Nire helburua izaten zen lanak amaitzea, baina, urteen poderioz, ikusi nuen nahiko ongi moldatzen nintzela. Hobetuz joan nintzen, eta begira noraino iritsi naizen. Konfiantza irabaziz joan naiz urte hauetan guztietan, neure buruarengan sinetsiz, eta sekulako ohorea da zortzi txapel izatea.
2015etik soilik bitan garaitu zaituzte. Ez daukazu kontrariorik.
Hori esatea gehitxo esatea izango da. Emaitzek motibazioa ematen didate entrenatzen jarraitzeko, baina egia da gero eta gehiago kostatzen zaidala entrenatzea. Familia, lana... Ez da erraza dena uztartzea. Halere, ilusioz nago aurrera jarraitzeko. Noizbait iritsiko zait galtzeko garaia, eta hori albiste ona izango da segarentzat. Adibidez, lehen lehia sanoa izaten nuen Jokin Etxeberriarekin, eta hark irabazten zidanean mina sentitzen nuen. Gero, hotzean pentsatuta, ulertzen nuen segarentzat ona dela txapeldun ezberdinak egotea.
Urrutira joan gabe, iaz ez zen txapelketarik jokatu partaide faltagatik.
Halaxe da, eta hori bai dela tristea. Nik beti ezagutu izan dut ohiko sega: ordubeteko lanean belar kilo gehien ebakitzen duenak irabazten duen modalitatea. Dena den, badirudi gazteak datozela beste modalitate batzuetan. Oraingo gazteak azkartasunean eta sega sail modalitateetan aritzen dira gehienbat. Horrek balio baldin badu gazteak segara erakartzeko, ongi etorria izan dadila. Esan dudan bezala, ni beti izan naiz ohiko segaren aldekoa, baina segaren onerako baldin bada, ez nuke arazorik izango txapelketak beste modalitate batean jokatuko balira. Edozertara egokitzeko prest nago. Ni segan hasi nintzenean dozena bat partaide izaten ginen Euskal Herriko txapelketan, eta berriz ere horrenbeste izateak emango lidake poza.
Emakumerik ba al dabil segan?
Bai, baina aurten ez da Euskal Herriko txapelketarik jokatu, partaide faltagatik. Dena den, nola Almitza elkartea hala federazioa lan handia egiten ari dira etorkizunari begira, eta hainbat neska gazte ari dira segan. Hortaz, etorkizuna ziurtatuta ikusten dut emakumeetan ere.
Zuri dagokizunez, aizkoran murgilduko al zara aurrerantzean?
Hori da nire asmoa. Aizkoran ere 30 urterekin hasi nintzen, eta kosta egiten zait egun onak izatea, baina Euskadiko Txapelketan lehen mailan nago, eta mailari eutsi ahal izateko entrenamenduetan zentratuko naiz. Gainera, Donostiako Urrezko Kopako gonbidapena ere jaso dut abuztuaren 15ean Trinitate Plazan aritzeko. Sekulako ilusioa daukat.
Asteburuan pentatloiko finala erabaki da, baina zure izena falta da. Itzuliko al zara noizbait pentatloira?
Ez dakit. Kanporaketa joan den larunbatean izan zen, eta bertan izan nintzen, Beñat Telleriaren laguntzaile izan nintzen. A zer inbidia pasatu nuena! Askotan berotzen zait burua, baina egia da nire gorputzak sekulako behartua hartzen duela pentatloian. 80 kilo inguruan ibiltzen naiz, eta oso ondo prestatu behar izaten dut besteei aurre egiteko. Bigarren postuan bitan sailkatua naiz, eta arantza hori barruan iltzatuta daukat.