Segundo bat gorabehera

San Pedrok irabazi du Gipuzkoako Traineru Txapelketa Getarian, Hondarribiari segundoa baino gutxixeago atera eta gero

Aitor Manterola Garate.
Getaria
2009ko uztailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Denbora neurtu egiten da, zehatza da, baina gero, bakoitzak ematen dio balioa. Hala, segundo bat, segundo bat da, baina batzuentzat asko izan daitekeen bezala, besteentzat oso gutxi izan daiteke. Kirolaz ari garela, garailearentzat asko da tarte hori, eta galtzailearentzat, oso gutxi. Edo alderantziz. Atzo, horixe gertatu zen Gipuzkoako Traineru Txapelketan. San Pedrok segundo bateko tarteaz iabazi zion Hondarribiari. Pasaitarrentzat nahikoa eta gehiegi, edota gutxiegi. Hondarribiarrentzat oso gutxi, edo ikaragarri pila.

Ikaragarrizko lehia izan zuten bi ontziek hirugarren txandan. Orio zen beste ontzia, eta lehiatik kanpo ibili zen. Oso azkar dabiltzalako egun moreak eta berdeak. Lehen luzean ia parean ziren biak. Ohikoa da aurreneko zati horretan alde gutxi izatea, eta inor ez zen harritu. Bigarren luzean, San Pedrok muturra erakutsi zuen pixka bat, baina harrotasun handirik gabe. Hondarribia ere bikain zetorren hirugarren kaletik. Parean heldu ziren bigarren ziabogara. Mikel Orbañanosen taldea zertxobai aurretik zen, ordea. Hirugarren luzean erabakitzen dira estropada asko, eta hortxe zeuden biak. Elkarren alboan. Eskutik helduta joango balira bezala. Baina ziabogara heltzerako, aurrea hartu zuen San Pedrok, eta lau segundo aurretik zela eman zuen buelta.

Azken luzea gelditzen zen. Getarian bildutako zale gehienek garailetzat jo zuten Libia trainerua, igandeko erakustaldia gogora ekarrita, ziurrenik. Baina ezustean, inork espero ez zuena gertatu zen. Hondarribia tartea jaten hasi zitzaion. Gero eta gertuago zeukan aurkaria. Baita balizak ere bi ontziek. Brankaz branka zetozen biak. Edozein izan zitekeen garailea, baina azkenean, San Pedrok irabazi zuen. Bien azkeneko txanpa ikusgarriak bientzat merezi zuen saria, baina pasaitarrek eraman zuten bandera. Hamabi urteren ondoren. Eta Getariako eremuko marka berria jarrita, gainera. Beste erakustaldi bat emanda, sasoiko hirugarren bandera irabazi zuten Aitor Baldaren arraunlariek atzo, eta ez da azkena izango.

Orio izan zen hirugarren, eta sailkapen nagusian ere postu horretan bukatu zuen. Zarautz izango da Gipuzkoa ordezkatuko duen laugarren ontzia Euskadiko Txapelketan hilaren 31n, Hondarribian. Aise menderatu zituen Pasai Donibane eta Zumaia bigarren txandan. Nabarmentzekoa da pasaitarrek aurrea hartu izana zumaiarrei. Telmo Deunekoek denboraldiko estropada txarrena egin zuten atzo. Lehen txandan, Kaiarribak ez zuen aurkaririk izan, eta aise irabazi zien Trintxerperi eta Hibaikari.





Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.