Seigarren aukera

Denboraldiko lehen garaipena lortu nahi du gaur Osasunak Almeriaren aurka; UEFA Kopako postuetatik bi puntura dago arerioa

2008ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Jose Antonio Camachorentzat oso partida garrantzitsua da gaur arratsaldekoa. Almeriaren aurkako seigarren partida du jada Osasunan, eta berak ordezkatutako entrenatzailearekin alderaketa egitea saihetsezina izango da partidaren amaieran. Jose Angel Zigandak sei partidatan zuzendu du Osasuna sasoi honetan, eta bi porrot eta lau berdinketa batu eta gero Patxi Izko presidenteak bere kargutik kendu zuen Larraintzarko entrenatzailea. Jose Antonio Camachori hasiberriei eman ohi zaien konfiantza eskaini zion Osasunako presidenteak, eta zaleak ere lasai daude oraingoz, taldeak egoera zail hau gainditzeko denen beharra izango duela badakite eta.

Hargatik, biharko egunkari guztietan azalduko da Camachok sei partidatan egindako lana,Zigandak lehen sei jardunaldietan egindakoarekin alderatuta. Lau punturekin jaitsiera postuetatik at zen Osasuna Camacho iritsi zenean. Sei jardunaldi geroago, jaitsiera postuetatik kanpo egotea ezinezkoa izango dute gorritxoek, gaur Almeria mendean hartu arren.

Eta Camachok, gehienez ere, Zigandaren puntu kopurua berdindu egingo du: sei partidatan lau puntu. Kopuru hori, baldin eta Almeria mendean hartzeko gai baldin badira. Gainerakoan, Zigandaren zenbakiak berdintzerik ere ez du izango Camachok: bost partidatan puntu bakarra lortu du Osasunak entrenatzaile espainiarrarekin. Hamabigarren aukeran sasoiko lehen garaipena eskuratzea ia ezinbestekoa da gorritxoentzat.

Entrenatzailea lasai antzean ari da lanean oraindik, eta, etorriz geroztik, Camacho errepikatu eta errepikatu ari da Osasunan denek futbola 24 orduz bizi dutela eta bere mutilak lanean bikain ari direla. Halere, emaitzak ez dira gorritxoen aldekoak, eta Camachoren hitzak indarra galtzen ari dira jardunaldiak igaro ahala. Atzo ere azken lau partiden bezperan esandakoa errepikatu zuen Camachok. Taxoareko prentsa aretoan bildutako kazetariek zer galdetu ere ez zekiten, egoera aldatzen ez denez, egin beharreko galderak eta eman beharreko erantzunak gehiegi errepikatzen baitira aspaldian: «Badakit betiko kontua dela, baina, markagailuan aurretik jartzea lortuz gero, beste Osasuna bat ikusiko da zelaian. Hori da gakoa. Espainiako Kopan Getafe menderatu genuenean argi geratu zen sartutako golei etekina ateratzen badakigula. Bi partidatan gol bakarra eginda, azken finala jokatu zuen taldea kaleratzea lortu genuen. Markagailuan aurre hartzea garrantzitsua da», adierazi zuen berriz ere Camachok, esaterako.

Hamaika jardunaldi daramatza Osasunak partidarik irabazi gabe, eta hitzak sobera daude. Puntuak behar dira une honetan, beste ezer ez. «Gure egoera zein den argi dago: irabazi beharra daukagu, bai ala bai. Mundu guztia lanean bikain ari da hemen, eta taldea egoera honetan izatea ez da normala, batik bat erasoko jokoari dagokionez. Dena dela, ea bolada txarra aldatzen den, eta zorte apur bat ere izaten dugun golak sartzeko orduan».

Hasierako hamaikakoan aldaketa bat baino gehiago izango da, eta baliteke Osasunak azkena fitxatutako jokalaria hasierako hamaikakoan ikustea. Sergio Fernandezek herenegun egin zuen taldekide berriekin lehen entrenamendua, Zaragozatik iritsita, eta atzelari espainiarrari lehiaketako erritmoa falta zaio -Zaragozarekin bi partidatan besterik ez da aritu sasoi honetan, eta azken asteetan entrenatzaileak ez zuen aintzat hartu-. Hala eta guztiz ere, Sergio hasieratik zelairatzea aztertzen ari da Camacho: «Horixe da daukadan zalantza bakarra, gainerakoan hamaikakoa erabakita daukat». Erdiko atzelaririk gabe dago Osasuna, eta San Mamesen nahikoa lan izan zuen taldeak. Krutxaga beteranoa edo Sergio zelairatzea da Camachoren zalantza bakarra.

Dena dela, ez da Sergio izango aldaaketa bakarra. Puñalek, Delportek eta Dadyk medikuen senda agiria jaso dute aste honetan, eta, jatorri afrikarreko aurrelari portugaldarra deialditik kanpo geratu zen arren, Puñal eta Delporte aukeratutako jokalarien zerrendan daude. Hasieratik jokatzeko aukera dezente dute biek ala biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.