Kanaria uharteetan oporretan ibili eta gero, etxera itzuli berri da Maria Zaldua (Orio, Gipuzkoa, 2002). «Egin ditut egin beharreko oporrak. Orain, atseden hartu, eta familiarekin eta lagunekin egon nahi dut», azaldu du.
Bi aste pasatu dira Ro’Casarekin Espainiako Liga irabazi zenuenetik. Poza apaldu zaizu?
Txapeldun izan ondorengo lehen astean ez nuen ezer ulertzen: ez nekien non nengoen eta zer irabazi nuen; ez nintzen kontziente zer egin nuen. Orain, noizean behin gogoratzen naiz, eta zera esaten diot neure buruari: «Maria, liga irabazi duzu!». Orain badakit zein garrantzitsua den lorpen hau klubarentzat eta niretzat.
Lehen txapela duzu maila gorenean. Hori ez duzu inoiz ahaztuko.
Ez. Ro’Casara etorri aurretik bi urtez aritu nintzen Tenerifen. Zera esan nuen orduko hartan: «Ro’Casara joaten banaiz, tituluak irabaztera joango naiz». Lau urte behar izan ditut, baina prest nengoke talde honekin berriro lau urte hauek bizitzeko hau lortzeko.
Berezia izan da Bera Berari irabaztea?
Bai. Bi taldeok lehia sanoa dugu aspalditik, eta klubarentzat berezia da Bera Berari irabazi izana. Niretzat ere oso berezia da. Haurra nintzela Bera Beraren partidak ikustera joaten nintzen, eta, atsedenaldian, pistara jaisten nintzen baloi batekin jolastera. Orain, Bera Beraren aurka jokatu dut finala, eta irabazi egin diegu.
Zer oroitzapen duzu finalaz?
Lasai nengoen lehen partida jokatu baino egun batzuk lehenago. Horretarako lan psikologikoa egin nuen, neure burua konbentzitzeko beste edozein partida bezalakoa zela. Pizgarri bat genuen: irabazten bagenuen, etxean izan gintezkeen txapeldun. Baina partida gerturatu ahala, urduritzen hasi nintzen: Donostian jokatuko genuenez, ezagun asko etorriko ziren ni ikustera. Urduritasun hori, ordea, desagertu egin zen lehia hasi bezain laster. Pibotea naiz, bakarrik nago, eta bete-betean aritu behar dut, eta hustu, damurik ez izateko. Lasai jokatu nuen, eta dena ondo irten zen. Hala ere, bigarren partidari ez genion heldu lehena irabazi izan bagenu bezala. Dena eman behar genuen, ziur baikinen haiek dena emango zutela, azken aukera baitzuten. Ni neu lasaiago aritu nintzen, zaleek asko lagundu baitziguten. Azkenean, irabazi egin genuen, eta sekulako festa izan zen.
Ikusgarri aritu zineten lehen partidan, eta, horren erakusle, aurreneko zatian Bera Berak bost gol besterik ez zizuen sartu. Erabakigarria izan zen finalari horren ondo ekitea?
Bai. Inork ez zuen espero partida horrela joango zenik: oso-oso ondo hasi ginen. Gero, hurbildu egin ziren, baina ondo eutsi genion aldeari. Haien akatsetako bat izan zen hutsak etengabe egin zituztela; guk ere egin genituen, baina abantaila hartua genuen.
«Lehen urtea gogorra izan zen: umea nintzela joan nintzen Tenerifera. Sei urte igaro dira, eta merezi izan du, izugarri»
Zein izan zen gakoa finala irabazteko?
Defentsa. Ondo defenditzen badugu, lan asko dugu egina, sekulako atezainak baititugu. Erasoan ez gara aritu distiratsu, baina, defentsan ligako talderik onenetako bat izan gara. Horri esker irabazi dugu liga.
Bera Bera zen faboritoa, hark zuen presiorik handiena. Horrek mesede egin zizuen?
Biok genuen presioa, biok hasten baikinen hutsetik.
Lehen esan duzu: lau urte kostatu zaizu titulu bat irabaztea. Merezi izan du itxaronaldiak?
Tira, gustatuko zitzaidan titulu gehiago irabazi izana Ro’Casarekin, baina taldean daramatzadan lau urteetan asko ikasi dut pistan zein pistatik kanpo. Sekulako gosea nuen taldekide hauekin titulu bat irabazteko. Azken hiru urteetako multzoaz ari naiz, lehen denboralditik bigarrenera aldaketa handia egon baitzen taldean. Hiru urte hauetan talde bat sortu dugu, familia bat, eta hori igarri egin da pistan.
Beste denboraldi baterako kontratua duzu. Beraz, lortu duzuenaz disfrutatu ahal izango duzu.
Hala da. Klubarentzat oso garrantzitsua da Europako lehiaketa bat jokatzea. Denoi pizten digu ilusioa beste liga eta jokamolde batzuk ezagutzeak. Denok genuen gogo handia hau lortu eta honetaz gozatzeko.
Zazpigarren sasoia egingo duzu Kanaria uharteetan. Honezkero, hangoa ere bazara pixka bat?
Etxekoek esaten didate gaztelaniaz hitz egiten dudanean kanariar azentu pixka bat dudala [barrez]. Normala da, nire bizitzaren laurden bat igaro baitut Kanarietan.
18 urterekin joan zinen. Zer moduzko esperientzia?
Lehen urtea gogorra izan zen: umea nintzen, eta lehen aldiz atera nintzen etxetik; zertara, eta bakarrik bizitzera; non, eta irla batean; ezin duzu auto bat hartu eta etxera gerturatu. Baina asko lagundu ninduten. Sei urte pasatu dira ordutik, eta merezi izan du, izugarri.
Aldatu egin zara? Hala bada, zertan?
Jokalari gisa, izugarri aldatu naiz: lehen, niretzat nahi nuen pista osoa, eta toki guztietan defenditzen nuen; orain, aldiz, zentzuz aritzen naiz, eta badakit nola jokatu une erabakigarrietan. Lan handia egin dut, fisikoa eta psikologikoa. Aurtengo irakaspen nagusia izan da alor psikologikoa uste dugun baino garrantzitsuagoa dela.
«Nik beti nahi izango dut Bera Beran jokatu, txikitatik erreferente izan baitut: haren partidetara joaten nintzen»
Ikasketengatik ere joan zinen hara. Zer moduz daramatzazu?
Ondo. Urtebete falta zait fisioterapia bukatzeko. Bukatzen dudanean erabakiko dut Kanarietan eskubaloian jokatu eta lan egin edo beste nonbaitera joan.
Etxera itzuli, adibidez?
Bai. Jende pila batek galdetzen dit ea noiz itzuliko naizen. Bera Berari irabazi diogunez, gainera, jendeak galdetzen dit ea noiz joango naizen Bera Berara.
Eta zer esaten diezu zuk?
Lekua eta denbora egongo dela hori egiteko. Ni oso gustura nago Ro’Casan, baina ez dakit zer egingo dudan datorren urtean. Nik beti nahi izango dut Bera Beran jokatu, txikitatik erreferente izan baitut.
Inoiz izan duzu aukera Bera Beran jokatzeko?
Bai, duela lau urte, Tenerife utzi nuenean. Baina ikasketak direla eta, han geratzea erabaki nuen.
Fitxaketa aproposa zinateke, etxeko jokalari gutxi baitabil Bera Beran. Gustura hartuko lukete oriotar bat.
Ez dakit, baina nik sekulako harremana dut Imanolekin [Alvarez]. Hark utzi egin dio entrenatzeari, baina Jonekin [Begiristain] ere oso harreman ona dut: Zarautzen aritu zen, eta ni ere han aritu nintzen. Etxera itzuli nahi dut noizbait.