Patri Pinedo. Itxakoko jokalaria

«Sekulakoa izan da egin dugun guztia»

Denboraldi honetan Itxakok lortu duen guztiarekin kontent da Patri Pinedo. Orain, taldeko kideen ardura bakarra Txapeldunen Ligako finalerdia dela erran du, horretan jarri behar dutela burua eta gogoa.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Bigarren denboraldia du Itxakon Patri Pinedok (Amurrio, Araba, 1981). Txapeldunen Liga jokatzeko aukerak ekarri zuen Nafarroara aurreko sasoian. Taldeak ez zuen zorte handirik izan, eta lehen fasean txapelketatik at gelditu zen. Egoera aldatu da sasoi honetan, ordea: finalerdietan da Lizarrako taldea. Nahi gabe bada ere, finalari so egiten diola aitortu du. Gyori talde gogorra dela badaki, baina Hungariako klubak ere Txapeldunen Liga inoiz irabazi ez izanak bi taldeak, neurri batean, baldintza berean jartzen dituela azpimarratu du. Denboraldi honetan jada lortutakoa azpimarratu du Itxakoko jokalariak. Eta amets egiten jarraitu nahi duela.

ABF liga esku-eskura duzue.

Egoera ezin hobean gara. Edozeinek ezin du erran Liga amaitzeko hainbat partida falta direnean txapela irabazita duela. Pozik gaude. Taldeak lan handia egin du, eta hori igartzen da sailkapenean.

Bera Beraren aurka irabaz dezakezue Liga, datorren asteartean. Zer deritzozu?

Berezia da niretzat. Nire taldea izan da Bera Bera, hamar urtez egon nintzen han, lagun pila bat dut han, eta ezin hobeto ospa dezakegu han txapela, haiekin batera.

Denboraldiko hirugarren txapela izanen litzateke.

Orain arte egin dugun guztia oso ondo egin dugu. Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi genituen lehendabizi, baina Liga beste modu bateko txapela da. Ligak saritzen du erregulartasuna, eta taldea oso ondo aritu da.

Denboraldi osoko lana saritzen duen txapela izanda, garrantzitsuagoa da?

Ezberdina da. Baina txapela guztiak dira politak. Ligan, nik uste dut asmatu dugula partidaz-partida aurrera egiten. Partida bakoitza final baten modura hartu dugu, beste ezertan pentsatu gabe, eta horrek utzi digu Liga esku-eskura jada.

Itxakora etorri zinenean, azaldu zenuen arrazoi nagusietako bat zela Txapeldunen Ligan aritzeko aukera izatea. Zer moduzkoa izan da, orain arte, sasoi honetako esperientzia zuretzat?

Aurreko sasoian pena izan zen lehen fasean txapelketatik at gelditzea. Baina denboraldi honetan sekulakoa izan da egin dugun guztia. Taldeak oso ondo erantzun du, eta finalerdietan gara jada. Esan dezakedan gauza bakarra da bizi izan dudan guztia ona izan dela taldearentzat.

Finalerdien atarian, zure taldekide Nerea Penak erran du ez zaretela faborito. Presioa gainetik kentzeko modu bat da hori?

Guk badakigu oso talde gogorra dela Gyori, eta zaila izango dela irabaztea. Baina, guk bezala, haiek ere ez dute inoiz irabazi Txapeldunen Liga. Alde horretatik, baldintza berean eginen diogu aurre kanporaketari. Badakigu jokalari oso onak dituztela, baina guk ere lan ona egin dugu orain arte, finalerdietan gara, eta, beraz, dena dugu irabazteko.

Nolako partida espero duzu gaur?

Oso orekatua, hasieratik. Kanporaketa bi partidatan erabakitzen denez, argi dugu lehen minututik ondo jokatu behar dugula, kontzentratuta atera behar dugula pistara. Han jokatuko dugu itzuliko partida, eta ez dakigu epaileek han nola jokatuko duten, zaleak nola ariko diren. Beraz, hasieratik azken unera arte sasoi betean aritu behar dugu.

Finala gertuago ikusten duzue, edo ez duzue horretan askorik pentsatu nahi?

Nahi gabe ere pentsatzen dugu finalean aritzeko aukera hor dagoela. Baina oraindik bi partida oso gogor jokatu behar ditugu finalera ailegatu ahal izateko. Finalerdietan gaude, eta orain hori da gure ardura bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.