Euskal selekzioaren izenaren inguruan futbolarien eta Euskadiko Futbol Federazioaren inguruan sortu den ika-mika dela eta, azken hitza eta erabakia Federazioarenak direla adierazi du Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburuak. "Jaurlaritzaren iritzia da Federazioari dagokion erabakia dela, haren menpeko baita selekzioa. Historian, 70 urtez, selekzioaren izena Euskadi izan dela gogoratzera mugatzen naiz", esan du ETBn egin dioten elkarrizketan.
Hain zuzen ere, Euskadi izenak erabateko zilegitasuna duela iritzi dio Azkaratek, batetik, historikoki hala izan delako, eta, bestetik, izen horrek ere zazpi herrialdeak biltzen dituela uste duelako. "Baditugu selekzioak Euskadi izenarekin jokatzen dutenak,Euskal Herriarekin, Euskal Selekzioarekin, errubian Euskarians izenpean... Beraz, zazpi herrialdeak Euskal Herriak bakarrik ordezkatzen dituela esatea, uste dut ez dela egia".
Ildo horretatik, euskal gizartearen gehiengoaren nahia zazpi herrialdeetako jokalariz osatutako selekzioak ikustea dela onartu du Azkaratek, eta Euskadi hori gauza litekeela berretsi du: "Dudarik gabe daukagun selekzio historikoa da, duela 70 urte Agirre lehendakariaren borondatez sortua, eta Euskadi izan du izen historikoa".
Jaurlaritza ez dela auzian sartuko erantsi du Azkaratek, eta Federazioari dagokiola erabakia hartzea. Nolanahi ere, egunotan aipatu da Federazioak EAJren eta Jaurlaritzaren presioak jasan dituela izenaren inguruan jarrera gogortzeko. Futbolarien idatziak ere presioak izan direla iradokitzen du.
Selekzioak
Selekzioaren izen historikoa 'Euskadi' dela azpimarratu du Azkaratek, eta Federazioari dagokiola erabakia hartzea
Euskal gizartearen gehiengoaren gogoa zazpi herrialdeetako jokalariz osatutako selekzioa ikustea dela erantsi du Jaurlaritzako bozeramaileak, eta 'Euskadi' izenak ez diela zazpi herrialdeei uko egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu