Leire Olaberria

Semearentzat aurreneko garaipena

Urtebete egon da lehiatu gabe, eta orain lau hilabete ama izan zen. Ikaztegietako txirrindulariak, ordea, ez du lehiatzeko grina galdu. Larunbatean itzuli zen pistara, eta udazkeneko probak ditu begiz joak.

ainara arratibel gascon
Donostia
2017ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Elkarrizketa ordubete atzeratu behar izan du, UCIko ordezkariak etxera joan zizkiolako dopinaren kontrako kontrola egitera. Txirrindularien patua. Baina telefonoa hartu bezain laster sumatzen da nola aldatu den Leire Olaberriaren bizitza azken urtean. Haren agur hitzekin batera, Javier seme txikiaren ahotsa entzuten da telefonoaren bestaldean. «Orain bera da nire egunerokoaren motorra», dio, pozez kabitu ezinik. Urtebete egon da lehiatu gabe, duela lau hilabete ama izan baitzen. Baina larunbatean jarri zuen berriro dortsala Donostiako Belodromoan, Espainiako Kopako proba batean. Pistan gutxi aldatu dira gauzak. Izan ere, betiko izaera lehiakorra erakutsi zuen, etagaraipena lortu zuen scratch proban. Semeari eskainitako lehen garaipena izan zen. Hemendik aurrera beste asko eskaini dizkio, eta begiz jota dauzka udazkeneko pistako proba nagusiak. Olaberriak argi utzi du ama izanagatik ere ez dela zertan goi mailako kirola utzi. «Beste lanbide bat da kirola, eta horretan jarrai dezakegu. Ezinezkorik ez dago».

Egun berezia izan zen larunbatekoa Olaberriarentzat. Izan ere, berriro lehian hasteaz gain, debuta egiten zuen Gipuzkoa-Ogi Berri taldearekin. Debuta ezin hobea izan zen. «Primeran sumatu nuen neure burua, nahiz eta hanketan kilometroak hartuz joan behar dudan. Hainbeste denbora lehiatu gabe eman ostean, ohikoa izaten da urduritasun pixka bat izatea. Baina Belodromoa oso ondo ezagutzen dut, eta horrek asko lagundu zidan, baita taldekideek ere». Scratch proban gailendu zen. Hasieratik lortu zuen aldea, eta hori baliatu zuen. Atzetik sailkatu zen Eukene Larrarte taldekidea, eta Ane Iriarte hirugarren izan zen. Puntuazioan ere gailendu zen, Larrarterekin batera. Talde berrian pozik dago. «Oso taldekide gazteak dauzkat. Ilusio handia daukate, eta horrek ere niri asko laguntzen dit. Ni, gainera, egon naiz haien egoeran. Kasu askotan badakit zer pentsatzen duten eta zein sentipen dituzten, nik ere bizi izan ditudalako. Beraz, laguntzen saiatzen naiz».

Behin proba hori pasatuta, errepidean lehiatzen hasiko da orain. «Errepidea beti izango da niretzat pistako probak prestatzeko modua. Espainiako Txapelketa izango dut erronka nagusia errepidean». Baina sasoiko helburu inportanteenak udazkenarekin iritsiko zaizkio Olaberriari. Orduan jokatuko dira pistako proba garrantzitsuenak, eta bete-betean iritsi nahi du horietara. Horrekin batera, datorren urteko Pistako Munduko Txapelketa du begiz joa. «Oraingoz, ordura arte jarraitu nahi dut lehiatzen, eta hortik aurrera ikusiko dut. Neure burua gaizki ikusten badut, nik neuk utziko diot lehiaketetara joateari». Dena den, amatasunarekin beste modu batera ikusten du lehia. «Esperotako emaitzak lortzen baditut, ondo, eta bestela ez da ezer gertatzen. Ez dut neure burua lehen bezala estutu nahi».

Ikasten ere, fin

Hori bai, lehiarako grina hori ez du galdu. «Urtebete honetan gehien kostatu zaidana hori izan da. Lehiatu gabe, helburu zehatzik gabe entrenatzea». Gainontzean, gustura ibili da. «Berrogeialdia igaro eta gero hasi nintzen fisikoki prestatzen, eta otsailean berriro hasi nintzen errepidean entrenatzen». Fisikoki berak espero baino lehenago lortu du sasoi onean egotea. Psikologikoki, berriz, gehiago kostatu zaio. «Ume bat duzunean, kontu handiagoz ateratzen zara errepidera entrenatzera. Istripuren edo harrapaketaren bat izateko beldur handiagoa duzu. Irtetean, beti pentsatzen duzu: 'Gero etxera itzuli behar dut'. Bakarrik joanda, gainera, denbora gehiago duzu horretan pentsatzeko».

Lehen goiz eta arratsalde entrenatzen zen; orain, ordea, saio bakarra egiten du: goizean. Hala, arratsaldean semearekin egoteko aukera dauka.Hortik harago, entrenamenduak ez ditu askorik aldatu. «Errepidean eta belodromoan entrenatzen jarraitzen dut». Elikadura egokitu egin du, umeari bularra emanda ezin baititu lehen hartzen zituen bitamina batzuk hartu, eta elikagaien bidez lortzen saiatzen da.

Umea «oso zintzoa» da, eta alde horretatik aukera eman dio itzulera behar bezala prestatzeko. «Bularra ematen diot, eta haren ordutegietara egokituz joan naiz. Biberoia ematea baino erosoagoa da kasu askotan. Orain, bera da nire lehentasuna». Gauez ere ondo lo egiten du. «Egon da gau txarren bat, baina atseden hartzen uzten digu».

Normalean, goizean goiz esnatzen da, eta ikasteko aprobetxatzen du. Izan ere, ama eta txirrindularia izateaz gain, ikasle ere bada Olaberria. Dietetika eta Elikadura gradua ikasten ari da, eta master bat egiten ari da kirol kudeaketan. «Elikaduraren munduak beti erakarri nau, eta pixkanaka ari naiz egiten gradua. Masterra, berriz, ekainean amaituko dut». Haurdun egon den bitartean, dezenteko bultzada eman die biei. «Hainbeste denbora ikasi gabe eman eta gero, kosta egingo zitzaidala uste nuen, ohitura galdu egiten baita. Baina, haurdunaldian zehar, ikasteko aprobetxatu nuen, eta berriz ere ohitura hartu dut». Txirrindularitza amaitzean, bi esparru horietako batean lan egitea nahiko luke. «Horretan ere pentsatuz joan behar dut. Egia esan, biak ditut gustuko». Dena den, oraingoz Javierri garaipenak eskaintzen jarraitu nahi du Olaberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.