Sarritan heltzen zaio futbolean zorte onari edo zorte txarrari gertaerak azaltzeko. Baina luzera, kasualitateak ez dira existitzen. Gauza bat sarritan gertatzen denean, zerbaitegatik izaten da. Realaren kasuan, porrota da gehien errepikatzen dena. Hamazortzi partidetatik, hamar galdu ditu, erdiak baino gehiago. Azken zortzietatik, berriz, sei. Esku hutsik gelditu da azken lau jardunaldietan. Datuek argi erakusten dute taldea bolada txarrean sartuta dagoela eta lehenbailehen moztu beharra dagoela. Izan ere, zenbat eta gehiago luzatu, jokalariek orduan eta zama handiagoa izango dute bizkar gainean. Eta datozkien norgehiagokak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula.
Sendotasun falta dago Realaren puntu eskasiaren atzean. Galdutako azken lau partidetatik hirutan aurkariari nagusitu egin zitzaion jokoan fase askotan. Hegaletatik ondo iritsi, erdiraketa asko egin, eta jokaldi politak eskaini zituen. Baina horietako bitan partidan aurreratu arren, ez zuen abantaila aprobetxatzen asmatu. Arrastorik ez da gelditzen iragan denboraldian sartutako gol bakoitzari etekin itzela atera zion taldetik. Uste baino solteago dabil taldea erasoan. Distira dario bere zelai erdiko hiruko lerroari. Baina lehiakortasunari eta sendotasunari dagokionez, asko dauka egiteko. Gabezia horiek kopontzen ahaleginduko da gaur Getafen.
«Inori ez zaio gustatzen egoera hau, baina onartu beharra dago. Aukera dugu dinamika aldatzeko, eta garrantzitsua da partidara konfiantzaz iristea», esan zuen atzo Martin Lasartek. Azken emaitzak bidegabeak ote diren eta Realak puntu gehiago edukitzea merezi ote duen galdetu zioten uruguaitarrari. «Futbolean daukazuna daukazu, eta beste guztia teoria da. Behin baino gehiagotan esaten dut, aurkariei buruz hitz egiterakoan, bideoan hartzen dudan irudipenagatik dagozkienak baino puntu gutxiago dauzkatela. Realaren kasuan ere hala da».
Oinarrizko hutsegiteak egin ditu taldeak azken boladan: «Geldikako jokaldietan bi gol sartu dizkigute, beste bi azken minutuetan… Kontzentrazio hutsak izan ditugu. Zenbait goletan aurrelaria bakarrik zegoen». Hala ere, alde onari ere erreparatu zion, eta taldearen joko eredu ausarta defenditu zuen. «Ia partida guztietan sartzen ditugu golak eta sortzen ditugu aukerak. Niretzat sari handiagoa dago irabazten saiatzen zarenean, porrota saihesten saiatzen zarenean baino. Hori da denboraldi honetarako daukadan pentsamendua. Baina irabazteko, ezin dizkigute hainbeste gol sartu».
Itxaropentsu azaldu zen entrenatzailea, taldearen okerrak «sinpleak» direla eta konponbidea dutela argudiatuta: «Ez da beharrezkoa atzelari gehiago pilatzea. Oro har, talde lana hobetu behar dugu, eta hainbeste falta eta korner ez oparitu. Erakutsi dugu sendoak izan gaitezkeela». Egutegia ere aipatu zuen: «Bagenekien partida zailak geneuzkala lehen itzuliaren bukaeran eta halako zerbait gerta zitekeela. Zorionez, aurretik egindako lanari esker, sailkapenaren erdian jarraitzen dugu». Normaltzat jo zuen sufritzea: «Besteek ere jokatzen dute, eta aurrekontu eta talde onak dauzkate. Ondo dago geure buruarekin zorrotzak izatea, baina hau goi maila da, eta ez da erraza».
Griezmann hasieratik
Griezmann izango da berritasun nagusia hamaikakoan. Sutilek lan txukuna egin zuen Sevillaren aurka, baina ez dirudi haren aldeko apustua egingo duenik. Rivas nork lagunduko duen da zalantza euskarrian, eta atzealdean, berriz, litekeena da De la Bella hamaikakora itzultzea. Itxura guztien arabera, aurki berrituko du kontratua 2015 arte. Demidov deialditik kanpo gelditu izana da ustekabe nagusia. «Partida zehatz honetan bestelako lehentasunak geneuzkan», esan zuen Lasartek. Gehien jokatu duten erdiko atzelariei egindako konfiantza keinua izan daiteke.
Lesio garrantzitsuak dauzka Getafek, hala nola Pedro Rios eta Mikurenak, baina oso talde arriskutsua da. Alai jokatzen du, eta apustu horrekin emaitza onak lortzen ari dira, Europako postuak eskura dauzkatelako. Ondo gainditu ditu Soldado eta Pedro Leonen hutsuneak. Parejok hartuko du zelai erdian Granero edo De la Reden lekukoa. Batez beste kalitate handiko jokalariak dauzka Getafek, eta horiek uztartzen asmatu du Michelek azken bi hilabeteetan, kritikak atzean utzita. Madrilen jokatu arren, giro bortitza pairatu beharrik ez du izango Realak, oso ikusle gutxi joaten baitira estadiora.
Sendo behar du
Reala segurtasuna berreskuratzen saiatuko da gaur Getaferen aurka, emaitza bolada eskasa apurtzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu