Hiru asteko etenaren ostean, gaur itzuliko da Eurokopara Lointek Gernika Bizkaia. Hungarian jokatuko du, Uni Gyorren pabiloian (18:00). Irabaziz gero, Mario Lopezen taldeak urrats garrantzitsua egingo du multzoko bigarren geratu eta final-hamaseirenetan egoteko atariko kanporaketa jokatzeko. Izan ere, gailenduz gero, garaipen baten aldea izango du Gernikak gaurko aurkariarekiko, eta ligaxkako azken jardunaldian Olivais hartuko du Malosten, hau da, partidarik irabazi ez duen talde bat; Gyorrek, berriz, Perfumerais Avenida liderra hartuko du. Gaur galduz gero, Gernikako taldearentzat funtsezkoa izango da puntu aldeari eustea, oso alde baitu.
Denboraldia hasi zenetik oso itxura sendoa ematen ari da Gernika. Europan Perfumeriasen aurkako bi partidak baino ez ditu galdu, eta, Ligan, jokatutako bederatzi partidetatik zazpi irabazi ditu. Valentzia eta Tenerife baino ez dira gai izan Mario Lopezen taldea azpiratzeko. Aurreko denboraldietan, bakarkako jokaldietan nabarmentzen ziren jokalariak izateagatik nabarmentzen zen Gernikaren jokoa. Sasoi honetan, berriz, talde jokoak hartu du indarra, eta defentsako lan onetik abiatuta ari da garaipenak pilatzen. Europan, adibidez, 54,5 puntu baino ez dizkiote sartu partidako.
Gaur irabazteko orain arteko bideari jarraitu nahi diote bizkaitarrek. Gernikak bezala, Gyorren bi garaipen eta bi porrot ditu sailkapenean. Baina lehen itzuliko norgehiagokan, Gernikak nagusitasunez irabazi zion Malosten: 77-41.
Defentsaren garrantzia
Etxean, ordea, talde indartsuagoa da Hungariakoa. Gernikako jokalariek ondo dakite hori, aurreko sasoian ere han jokatu eta 79-61 galdu baitzuten. Haien jokalarien artean bi nabarmendu behar dira: SandraYgueravide joko antolatzailea eta Zofia Hrusscakova pibota. Biek hamalau puntu sartu dituzte batez beste partidako txapelketan, eta erasoan haien ekarpena funtsezkoa da Gyorrenzat.
Lopez pozik dago taldea azken partidetan egiten ari den lanarekin, eta batez ere defentsan bide beretik jarraitzea eskatu die jokalariei. Gaurko partidari begira, Gernikak jokalari garrantzitsu bat faltako du: Gaby Ocete. Joko antolatzaileak, min hartu belaunean Gironaren aurkako ligako partidan, eta bi aste daramatza jokatu ezinik. Hala, azken norgehiagoketan Itziar Ariztimuño, Juana Molina eta Blake Dietrick ari dira taldea gidatzeko ardura hartzen. Lopez pozik dago egiten ari diren lanarekin. «Beste ezaugarri batzuk dituzten jokalariak dira, eta uste dut horiek ondo baliatzen ari garela partida hauetan».
Sendotasuna oinarri
Lointek Gernika Bizkaiak Uni Gyorren pabiloian jokatuko du gaur. Irabaziz gero, pauso garrantzitsua emango du Eurokopan segitzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu