Sentipen haien bila

Realak gaur berrekingo dio lehiari, Mallorcaren aurka jokatuta. Momo Cho deialdian sartu du Imanolek; aldiz, Odriozola zerrendatik at utzi du

Realeko jokalariak Athletici sartutako goletako bat ospatzen, Anoetan jokatuko azken partidan. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Reala gozo aritu zen ligaren etenaren aurreko asteetan, eta ordukoak berritu nahi ditu orain. Atletico Madrilen aurka galdu arren, bilakaera onean ziren txuri-urdinak, eta halaxe segitu nahi dute aurrerantzean ere. Asmo horiekin, Mallorca jasoko dute gaur Anoetan, hiru puntuak eskuratzeko eta sailkapenaren goiko postuetan sendotzeko asmoz. Lehiari berrekiteko aukera ona da, historiari erreparatuz gero behinik behin.

Izan ere, Herrialde Katalanetako taldea pattal aritu ohi da Donostian. Orain hurrena, Mallorcak duela bi hamarkada irabazi zuen Amarako estadioan, eta etxekoak gailendu egin dira hurrengo bederatzi aldietan. Donostian elkarren aurka aritu diren 28 aldietatik 21etan irabazi du Realak.

Nolanahi ere, Imanol Alguacilek ez du ohiko zuhurtzia alboratu partidaren atariko agerraldian: «Nik ez dut zalantzarik; partida ez da erraza izango, beti izaten baitira zailak. Mallorcaren kontrako azken-azkenengoak oso zailak izan dira beti. Gure bertsiorik onena azaldu beharko dugu».

Txapelketaren lehen laurdena igaro berritan, Mallorca sailkapenaren beheko erdian dago kokatuta 15. da—, eta azken bi saikatuak kenduta, gol gehien jaso duen taldea da: 15. Gainera, Javier Aguirre teknikariak ezin izan du atzeko lerroa inoiz errepikatu.

Horri dagokionez, aurkariaren defentsako lerroaren osaera posible baten inguruan mintzatu zen Imanol: «Aldatzen aritu dira. Egia da azken bi partidetan lauko lerroarekin jokatu dutela, eta bostekoa egiten dutenean ere, baloiarekin laukora itzultzen dira erasorako. Lau jokalarirekin edo bostekin aritu, prest egon beharko dugu».

Realak aste gorabeheratsua izan du, selekzioen arteko partiden eta lesioak dituztenen artean. Andre Silvakmin hartu du berriz ere, eta aldi batez zelaietatik kanpo izango da. Alvaro Odriozola ere ez da erabat osatu, eta Imanolek deialditik kanpo utzi du. Aldiz, Momo Cho zerrendan da, arazo fisikoak gainditu ostean.Teknikari oriotarrak 23 jokalariko deialdia osatu du; Odriozolaz eta Silvaz gain, Kieran Tierney soilik dago deialditik kanpo.

«Mallorca soilik»

Realak norgehiagoka asko jokatuko ditu datozen asteetan: 21 egunean zazpi. Asteartean, esaterako, Benficaren aurka jokatuko du Lisboan, Txapeldunen Ligan: «Horretan pentsatzea nahastea izango litzateke. Mallorcan soilik pentsatu behar dugu». Teknikari txuri-urdinak argi du zein den helburua; partidaz partida, geldialdiaren aurretik zeuden bezala sentitzea.

REALA-MALLORCA
Reala. Remiro; Aritz, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Barrenetxea, Brais; Oiartzabal, Zakharyan eta Carlos Fernandez.
Mallorca. Rajkovic; Giovanni, Nastasic, Valjent, Lato; Samu, Antonio, Mascarell; Rpdriguez, Muriqi, eta Abdon.
Epailea. Figueroa Vazquez.
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle)
Ordua. 14:00 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.