Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak (Bergara, Gipuzkoa, 1993) arnasa hartu zuten joan den larunbatean Logroñon (Espainia) markagailua 21na zegoela Julen Martijak pilota gora bota zuenean. Horri esker, bigarrenez irabazi zuten binakako txapelketan. Garaipen horrek itxaropenari eusteko balio die: azkenak dira, bi garaipenera dute seigarren sailkatua, eta bost jardunaldi falta dira jokatzeko.
Zer arrasto utzi dizue azken partida irabazteak?
Oraindik ere oso-oso zaila dugu, baina irabazteak on egin digu burua apur bat lasaitzeko, galdu eta galdu ibili baikara. Aste honetan beste aldarte batean gaude.
Gauzak beste modu batera ikusten dituzue?
Ez da gustukoa sailkapenari erreparatzea eta ikustea zuk nekez irabazten duzula eta beste bikoteak ihes egiten ari direla. Baina sentipenak ere garrantzitsuak dira, eta galdu ditugun zenbait partida gogor borrokatu ditugu. Azkena irabazi egin dugu, atzetik joan ondoren, eta hori garrantzitsua da. Garaipen horri segida eman behar diogu, zuloa baitago oraindik ere.
Beste era batera erreparatzen diozue sailkapenari?
Peiok eta biok elkarri agindu diogu ezin diogula gehiegi erreparatu sailkapenari. Partida onak eta osoak egiten saiatu behar dugu, huts gutxiago eginez eta bikote gisa hobeto arituz. Batzuetan oso gustura aritu gara, eta hori egiten ahalegindu behar dugu.
Azken lau partidetan lortu dituzue bi garaipenak. Susperraldi txiki baten isla da?
Kosta egiten da 22ra iristea. Askotan, partidaren erdira arte gogor borrokatu gara, baina huts batzuk egin, eta aurkariek alde egin digute. Ondo aritu garenean zera egin dugu: gogor aritu, erritmoa sartu eta aurkariei lanak eman. Hori egin behar dugu.
Zer uste duzue: garaiz suspertu zaretela edo agian berandu dela?
Irudipena dugu aurkariek alde egin digutela, urruti daudela. Baina bukaeraraino borrokatuko gara, eta nahiz eta aukerarik gabe geratu, ahalik eta itxura onena ematen ahaleginduko gara.
Txapelketa hasieran baino hobeto ari zarete.
Bai. Hasieran aritu ginen okerren: lehen partidan bostean geratu ginen, eta, hurrengo bitan kostata egin genituen tantoak. Azken partidak, ordea, nahiko estuak izan dira.
Zertan hobetu duzue?
Hasieran, zenbait partida azkar joan ziren, eta, orain ere, gure hutsik handiena hori izan da: une erabakigarrian, partida gogor dagoenean, huts batzuk egin, eta lehiak ihes egin digu. Hobeto ari gara, baina hori zuzendu behar dugu.
Irabazteko premiaren ondorioz, presaka aritu zarete?
Apur bat bai. Tantoak egin nahi izanagatik edo aurkariari min nahi izanagatik huts batzuk egin, eta partidek ihes egin digute.
«Ondo aritu garenean zera egin dugu: gogor aritu, erritmoa sartu eta aurkariei lanak eman. Hori egin behar dugu»
Nola daramazue egoera?
Nahi barik buruari buelta batzuk ematen dizkiozu, gauzak ez baitira ateratzen ari. Hala ere, bizi izan ditut garai okerragoak, eskuetatik gaizki eta txinpartarik gabe. Ez naiz gaizki sentitzen: ondo ditut eskuak, eta uste dut pilota jotzen dudanean min egin dezakedala. Ahalik eta ondoen entrenatzen eta partidetara ahalik eta ondoen iristen jarri behar dugu arreta osoa.
Iaz txapeldun izan zinen Joseba Ezkurdiarekin, eta, orain, sufritzen ari zara. Kosta egin zaizu aldaketa barneratzea?
Iaz, askorik espero gabe oso ondo hasi ginen, eta amaieraraino eutsi genion. Horrela arituta errazagoa da dena. Aurten, ordea, kontrakoa bizitzen ari naiz: zuloan, eta astez aste irabazi ezinda. Aldea dago, baina nik oso argi dut urte batetik bestera gauzak asko aldatzen direla, urtero bikote oso indartsuak daudela, eta sasoi betean ez bazaude, ez dela batere erraza goian ibiltzea.
Atzelarien txapelketa nagusia da binakakoa. Amorru gehiago ematen du ezinean aritzeak?
Bai, beti nahi baitugu binakakoan ondo aritu. Oso zaila da txapela irabaztea edo finala jokatzea, baina gutxienez, nahi izaten dugu amaieraraino goikoen lehian aritu. Aurten, ordea, zaila dago hori. Ez dut prestaketa aldatu, eta ez dut neure burua oso ezberdin ikusten, baina askotan, xehetasun txikiek zeresan handia dute.
Peio Etxeberriak lau eta erdikoa irabazi berritan ekin zion binakakoari. Horrelakoetan gertatu izan da txapelduna hustuta iristea txapelketara. Hori gertatu zaio hari?
Neuri ere gertatu izan zait txapelketa bat bukatu eta gorputzak behera egitea. Kosta egiten da gero gorputzari buelta ematea, pilatutako nekeagatik eta tentsioagatik. Ez zoaz berdin frontoira. Baina kontrakoa gerta daiteke: txapelak lasaitasuna ematea. Ez dago jakiterik. Baina zera dago argi: ezinezkoa da urte osoan bete-betean aritzea, are gehiago aurrelariek, dena jokatzen baitute, askotan gelditu gabe.
Etxeberria ezinean aritu zen iaz Martijarekin. Zer dio? Amorrua ematen dio berriro horrela aritzeak?
Elkarrekin jokatu genuen aurreko aldian ere ez ginen ondo hasi, baina, gero, lortu genuen borrokan sartzea [kanporaketa jokatu zuten]. Udan ere gustura aritu izan gara elkarrekin. Horregatik, ilusio handia piztu zidan harekin jokatzeak. Oraingoz, gauzak ez dira nahi bezala irten, baina nire ikuspuntua ez da aldatu: gustura jokatzen dut harekin. Ea hobeto aritzen garen.
Egoerak ez du kikildu Etxeberria: sartu eta sartu dabil.
Hori da bere jokamoldea, baina lagundu ere asko egiten du. Egoera honetan beste pilotari batek gordetzera egingo luke, baina Peio asko sartzen da, eta, nire ustez, gauzak ondo edo gaizki atera, hori egin behar du, aktibo sentitzeko eta niri laguntzeko.
Igandean duzue hurrengo partida, final kutsukoa, Mungian, Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka.
Bai, eta gustura joango naiz jokatzera: partida ederra da, eta beteta egongo da frontoia. Partida garrantzitsua da. Lehen itzulian, hasieran estu hartu genituen, baina huts batzuk egin, eta ihes egin ziguten [22-14 galdu zuten].
Zer egin behar duzue ondo irabazteko?
Josek min egiten du, eta Aitor oso ondo ari da aprobetxatzen hori errematean min handia egiteko; hori eragozten saiatu behar gara, baita haien tartean min egiten ere, Peiok boleaz, eta nik erritmo handia ezarriz. Baina, lehenik, partida gogortu behar dugu.