Alavesek nekez izango du aukera hoberik denboraldia amaitu bitarte partida bat irabazteko. Gauzak oso alde izan ditu gaur Sevillaren zelaian, etxekoak hamar jokalarirekin geratu baitira partidaren lehen ordu laurdena bete berritan. Azkenean 102. minuturaino luzatu da partida, baina alferrik izan da: arabarrek ezin izan diote etekinik atera abantailari. Areago, esku hutsik iritsi dira atsedenera, lehen zati eskasa jokatuta. Ahalegin betean aritu dira gero, eta, susperraldiari esker, markagailua orekatu dute. Bigarren gola ere sartu dute, baina ez da balekoa izan: ez zegoen argi, baina Boyek baloia jokoz kanpo sartu duela ebatzi dute VAR-ean.
Taldearen bertsiorik lehiakorrena berreskuratzea zen Eduardo Coudet teknikariaren asmoa, Mendizorrotzan jarraian bi kolpe mingarri hartu ondoren: Realaren aurka, gasteiztarrak modu krudelean geratu ziren Kopatik kanpo, eta, jarraian, esku hutsik utzi zituen Getafek. Alabaina, etxetik kanpoko azken partidan, irudi ona emanda gailendu zitzaizkion Espanyoli. Lehia hura eredu ona izan zitekeen entrenatzaile argentinarrarentzat.
Sistema aldetik, behintzat, eutsi egin dio bi aurrelariko marrazkiari —arabarrek egitura hori izan dute ligako azken hiru partidetan—. Jokalariei dagokienez, Jonnyk ezinbestean hamaikakotik irten beharra izan du, zigortuta zegoelako, eta Yusik jokatu du haren ordez. Zelai erdian, berriz, Denis Suarezek hasieratik jokatzeko aukera izan du, Pablo Ibañezen kaltetan. Sormena sustatzea zen Coudeten helburua.
Odol hotzez hasi du neurketa Alavesek, Sevillak ez bezala. Oso sutsu zelairatu dira etxekoak; hainbeste, ezen 16. minutuan epaileak kaleratu egin baitu Juanlu, bi txartel hori erakutsita. Lehena gorria izan zitekeen zuzenean, sarrera oso gogorra egin baitio Yusiri, eta VAR-ean aztergai izan dute jokaldi hori. Onik atera da Sevillako jokalaria, baina gutxi iraun du zelaian: Yusiri beste falta bat egin, eta aldageletarako bidea hartu beharrean izan da.
Jokaldi hori mugarri izan zitekeen, baina Alavesek ez du azeleragailua zanpatu nahi izan. Baloia edukitzen eta aurkaria nekarazten saiatu da, baina mantso mugitu du, zorroztasunik gabe. Kopuruz gainetik zegoen; joko aldetik ez, ordea. Lehen zati osoan ez du atera behin ere jaurti, eta oso gutxitan artegatu du Sevilla. Etxekoak, berriz, ondo berregituratu dira jokalari bat gutxiagorekin geratu ondoren, eta eutsi egin diote energiari.
Gose zen Matias Almeydak zuzenduriko taldea, eta alboko sake bat azkar aterata sartu du 1-0ekoa, 42. minutuan. Zorigaiztoko jokaldia izan da Alavesentzat: Sowri errebotez iritsi zaio baloia, eta gisa berean zulatu du Siverak zainduriko atea. Tartean, Sevillako erdilariak eserita utzi du Tenaglia. Gola jaso berritan, beste premia batez egin du eraso Alavesek, baina berandu gabe iritsi zaie jokalariei atseden hartzeko tenorea.
Toniren burukada itzela
Susperraldiari jarraipena eman nahian, hiruko aldaketa egin du Coudetek aldageletatik itzuli berritan: Gebara, Pablo Ibañez eta Angel Perez sartu ditu Blanco, Denis eta Caleberen ordez. Ekimena bere eginda, jokoari beste abiadura bat eman diote arabarrek. Geroz eta arrisku handiagoa dute haien ahaleginek, eta, Gebararen barneraldi zorrotz baten ondotik, Toni Martinezek berdinketa berrezarri du 60. minutuan. Aurrelaria ahaltsu agertu da korner batean, eta burukada indartsu batez gainditu du atezaina.
Jarraian, Boyek aurretik ipini du Alaves, jokaldi nahasi batean, baina pozak gutxi iraun die bisitariei: epaileak eskua belarrira eraman du, VAR-ean zalantza baitzuten Boyeren kokapenaren inguruan. Itxaronaldi luze baten ondoren, baliorik gabe utzi dute argentinarraren gola. Alavesek jo eta ke jarraitu du, eta areagotu egin da tentsioa etxekoentzat. Almeydak ika-mika beroa izan du epailearekin, txartel gorria ikusi ondotik. Ez du zelaia utzi nahi izan. Etenaldiak eragina izan du luzapenean: 12 minutu gehiago jokatu dituzte. Emaitza, ordea, ez da aldatu
Sevilla: Odysseas; Azpilikueta (Carmona, 55. min), Nianzou (Ejuke, 70. min), Gudelj, Kike Salas, Suazo; Agoume (Gattoni, 81. min), Juanlu, Sow (Mendy, 61. min); Maupay (Isaac, 70. min) eta Akor Adams (Peque, 81. min).
Alaves: Sivera; Tenaglia, Garces, Pacheco, Youssef; Calebe (Angel Perez, 46. min), Denis Suarez (Pablo Ibañez, 46. min), Blanco (Gebara, 46. min), Aleña (Guridi, 84. min); Toni Martinez eta Boye.
Golak: 1-0: Sowek (42. min). 1-1: Toni Martinezek 60. min).
Sevilla: Odysseas; Azpilikueta (Carmona, 55. min), Nianzou (Ejuke, 70. min), Gudelj, Kike Salas, Suazo; Agoume (Gattoni, 81. min), Juanlu, Sow (Mendy, 61. min.); Maupay (Isaac, 70. min) eta Akor Adams (Peque, 81. min).
Alaves: Sivera; Tenaglia, Garces, Pacheco, Youssef; Calebe (Angel Perez, 46. min), Denis Suarez (Pablo Ibañez, 46. mi.), Blanco (Gebara, 46. min), Aleña (Guridi, 84. min); Toni Martinez eta Boye.
Golak: 1-0: Sowek (42. min). 1-1: Toni Martinezek 60. min).