Sevilla jomuga

Hiru puntuak batuta andaluziarrei sailkapenean aurrea hartzea da gaur Osasunaren helburua

ASIER LEGARDAR-EREÑO IRUñEA
2008ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Sevilla sailkapeneko postu gozoenetan ikustera ohitu dira futbolzaleak azken urteetan, baina sailkapeneko bederatzigarren postuan egonagatik, une honetan jaistekoa postuetatik UEFAko postuetatik baino gertuago daude Manolo Jimenezen jokalariak. Iragan asteburua arte jaisteko postuetan zen Osasunak eskura du Sevilla sailkapenean. Hiru punturen aldea besterik ez dago sailkapenean gorritxoen eta Sevillaren artean, eta Sanchez Pizjuanen irabaztea lortuz gero, Sevillari aurre hartuko diete nafarrek sailkapenean, bien arteko partidetako emaitzak aintzat hartuz gero gol alde hobea izango bailuke Jose Angel Zigandaren taldeak. Sevilla jaisteko postuak saihesteko lehian dabilela eta Osasunaren aurkari zuzena dela esatea asko esatea izango da agian. Baina sailkapenak argi erakusten du errealitatea: une honetan gorritxoen jomuga da Sevilla, kalitateagatik gorritxoengandik urrun egon bazitekeen ere.

Sevilla aurkari zuzena den ala ez den pentsatu ere ez du egin Osasunako entrenatzaileak, dena dela. Aurkariaren maila aintzat hartu gabe, irabaztera zelairatu nahi du Jose Angel Zigandak: «Sailkapenari eta puntu kopuruari erreparatuz gero, oso alde txikia dago bi taldeen artean, baina Sevillak gora egitea da gauzarik normalena. Aurkari zuzena den edo ez den ez dut pentsatzen, puntuak batzea da nire kezka bakarra. Iragan sasoiko UEFAko kanporaketan ere ez dugu pentsatzen, Ligan jarrita daukagu arreta guztia eta helburua argi dago. Athleticen aurkako finala irabazi genuen, eta bide beretik jarraitzea da helburua», adierazi zuen Larraintzarko entrenatzaileak atzo.



EPAILEA ERE EPAITZEN DUTE SEVILLAN. Gaur gaueko norgehiagokan Iturralde Gonzalez izango da epaile lanetan ariko den gizona, eta euskal epailea gertutik zainduko dute Sevillako zaleek. Iragan sasoiko azken-aurreko jardunaldian Mallorca-Sevilla partida erabakigarria zuzendu zuenetik, Iturralde Gonzalezen ibilbidea ez da Sevillarenarekin nahastu. Real Madril eta Bartzelonaren hanka sartzeak baliatuz Liga amaierarako jardunaldi baten faltan lider jartzeko moduan zen Sevilla Mallorcan irabaziz gero, baina 1-1 amaitu zen norgehiagoka, eta Sevillako jokalariek epailearekin sutan amaitu zuten lehia. Haien ustez, bi penalti argi egin zizkion Mallorcak Sevillari partidaren azken txanpan, baina Iturralde Gonzalezek ez zuen bat bera ere adierazi. Liga lapurtu zietela salatu zuten Sevillan.

Lopez Nieto epaile ohiak aste honetan aditzera eman duenez, Mallorcakoaren erruz sasoi honen lehen itzuli osoan Iturraldek ez du zuzendu Sevillaren partidarik. Espainiako Kopako finala Iturraldek zuzendu behar zuela baina badaezpada epailea aldatu zutela ere eman du aditzera epaile ohiak (Kopako finalean Getafek amaitu zuen epailearekin haserre, eta Sevillak irabazi zuen Kopa). Eta Lopez Nietoren hitzek hautsak harrotu dituzte Sevillan: Liga lapurtzearen truke Kopa oparitu zietela ere ondorioztatu dute batzuek. Kontuak kontu, gaur Sevillaren bidean gurutzatuko da berriz Iturralde, eta argi dago harmailetatik zorrotz zainduko dutela haren lana.

Epaile bilbotarrak eskarmentu handia dauka, eta presioak ez dio eragingo erabakiak hartzerakoan. Baina Sevillan epailearen aurkako susmoa suspertu nahi izan dutenek kontrakoa nahi zuten, zalantzarik gabe. «Epaileei buruz ez diezadatela ezer esan, sasoi honetako gure partidekin bideo ikaragarria egin genezake eta!», adierazi zuen atzo Zigandak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.