Espainiako Kopa

Sevilla, urrun eta gertu

Athleticek eta Realak Espainiako Kopako finalerdien joanekoa jokatuko dute gaur, San Mamesen. Historian zehar birritan aritu dira elkarren kontra Kopako finalerdietan, eta garaipen bana lortu dute.

Sergio Gomez eta Ruiz de Galarreta, lehian, San Mamesen sasoi honetan jokatutako derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Sergio Gomez eta Ruiz de Galarreta, lehian, San Mamesen sasoi honetan jokatutako derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2026ko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrun, eta, aldi berean, gertu. Halaxe dago Sevilla orain Euskal Herritik. Distantziari erreparatuta, ia mila kilometroko bidea dago batetik bestera. Sentipenei dagokienez, ordea, Athleticen eta Realaren zaleek oso gertu ikusten dute Sevillan egoteko aukera. Besteak beste, bi euskal taldeak Espainiako Kopako finalerdien joaneko partidan ariko dira gaur, San Mamesen. Itzulerakoa hiru aste barru jokatuko dute, Anoetan: martxoaren 4an. Finala, berriz, apirilaren 18ko asteburuan izango da, eta ikusteko dago zer kolorek jantziko duen Sevilla: zuri-gorriak edota txuri-urdinak. Ezbairik gabe, Athleticek eta Realak aukera bikaina dute Kopako finalerako sailkatzeko, baina zelaian irabazi beharko dute horretarako eskubidea. Denboraldi eskas samarraren erdian, biek ala biek ilusioa berpizteko helduleku bikaina lukete Kopako finalean sartzea. Kanporaketa orekatua aurreikusten da. Hasteko, San Mames lehertzeko zorian egongo da gaur.

Historiari begiratuta, Kopako finalerdietan birritan lehiatu dira Athletic eta Reala elkarren aurka, eta biek garaipen bana dute. Lehen aldiz 1923an ikusi zuten elkar bi taldeek, duela ehun urte baino gehiago, eta Athleticek lortu zuen finalerako sailkatzea. Joaneko neurketa Atotxa zaharrean izan zen, eta hutsean amaitu zen. Itzulerakoan, berriz, zuri-gorriak 2-0 gailendu ziren, eta Kopako finala jokatu zuten gero. Jokatu ez ezik, irabazi ere egin zuten, CD Europa taldearen aurka (1-0). Odolkiak ordainetan 1987an etorri ziren. Joaneko partidan hutsean berdindu zuten Realak eta Athleticek, Atotxan. Itzulerakoan, berriz, Josemari Bakeroren gol batek eman zien finalerako sailkapena txuri-urdinei (0-1). Urte horretan tituluaren jabe egin zen Reala, finalean Atletico Madril garaitu ondoren, penaltietan (4-2). Historikoa izan zen Luis Arkonada atezainaren lana.

Bada, Kopako finalerdi batzuetan hirugarren aldiz egingo dute topo bi euskal taldeek. Lau onenen artean sartu ahal izateko bide ezberdina jorratu behar izan dute orain arte. Athletici dagokionez, hiru kanporaketa gainditu behar izan ditu. Ourenseri luzapenean irabazi zion lehenbizi (0-1), Cultural Leonesa gainditu zuen gero (3-4), eta, joan den astean, Valentzia 1-2 hartu zuen mendean. Realak, berriz, bost kanporaketa igaro ditu finalerdietan egoteko. Arazorik gabe garaitu zituen Negreira (0-3), Reus (0-2) eta Eldense (1-2), hurrenez hurren. Komeria gehiago izan zituen Osasunari irabazteko final-zortzirenetan, penaltietan eskuratu baitzuen hurrengo faserako sailkapena. Final-laurdenetan, berriz, Alavesi 2-3 irabazi zieten txuri-urdinek, Mendizorrotzan.

Jokoaren inguruko irudipenei erreparatuta, badirudi Reala bolada gozoagoan dagoela azken hilabetean, baina Athletic konfiantza berreskuratuta iritsiko da partidara. Joan den asteburuan ligan Levanteri irabazteak arnasa eman dio Ernesto Valverderen multzoari, eta horrek modua emango dio Kopari bete-betean heltzeko. Entrenatzailea jakitun da Kopak sekulako ilusioa piztu ohi duela Bilbon, eta estatistikak dira horren adierazle. Izan ere, azken zazpi denboraldiak aintzat hartuta, seigarren aldiz jardungo dute zuri-gorriek Kopako finalerdi batzuetan. Valverdek beti eskaintzen du bermea halako kanporaketetan, eta gogotsu dago Realari aurre egiteko: «Haiek bolada onean daude, baina guk ere gure bertsiorik onena ematea espero dut. Ilusio handia dugu Kopa dela eta».

Denboraldi osoan bezala, Athleticek hutsune garrantzitsuak izango ditu, batez ere atzeko lerroan. Min hartuta daude Dani Vivian eta Yuri Berchiche, eta Aitor Paredesek ere ezingo du jokatu, zigortuta dagoelako. Hortaz, Iker Monreal gaztea sartuko da hasierako hamaikakoan Aymeric Laporteren ondoan. Erasoari begira, berriz, zuri-gorriek hutsune bat izango dute berriro: Oihan Sancet ez da jokatzeko moduan izango. Urtarrilaren 28an Sporting Portugalen kontra min hartu ondoren, bazirudien Valverdek nafarra deialdian sartuko zuela oraingoan, baina ez da garaiz osatu.

Matarazzo, galdu gabe

Athleticek ez ezik, Realak ere izango ditu hutsune garrantzitsuak, min hartuta jarraitzen baitute Ander Barrenetxeak, Luca Sucicek, Take Kubok eta Arsen Zakharianek. Pellegrino Matarazzok taldearen gidaritza hartu zuenetik, apartekoa izan da txuri-urdinen jarduna, oraindik ez baitute partidarik galdu. Emaitzak ez ezik, jokoa ere lagun dute. Realak erakutsi du gai dela jokoaren edozein egoeratara egokitzeko. Bikain interpretatzen ditu partidaren zati guztiak, eta, gainera, golak sartzeko erraztasuna dauka. Azken zortzi partidetan hamazazpi gol sartu ditu: batez beste 2,13 partidako. Ordea, sartu ere errazegi sartzen dizkiote golak. Azken hamazazpi lehiatan ez du lortu atea hutsean mantentzea. Bada, halako kanporaketetan garrantzitsua izan ohi da gol gutxi jasotzea.

Matarazzoren esanetan, ezinbestekoa izango dute bizi-bizi jokatzea. «Esku frenorik gabe jardungo dugu San Mamesen, nahiz eta jakin kanporaketak 180 minutu iraungo duela. Konfiantza handia daukagu gure taldearengan, eta garrantzitsua izango da Athleticen presioa ongi gainditzea. Ez dut faboritorik aurreikusten. Badakit Realak publikorik gabe jokatu zuela Kopako finala 2021ean, eta gure zaleek merezi dute arantza hori ateratzea».

Athletic-Reala

Athletic. Padilla; Areso, Monreal, Laporte, Adama Boiro; Ruiz de Galarreta, Jauregizar; Iñaki Williams, Nico Williams, Robert Navarro; eta Guruzeta.

Reala. Remiro; Aranburu, Zubeldia, Jon Martin, Sergio Gomez; Gorrotxategi, Turrientes, Brais Mendez, Soler; Guedes eta Oiartzabal.

Lekua. San Mames (53.331 ikusle).

Ordua. 21:00 (ETB1).

Epailea. Jose Maria Sanchez Martinez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA