Sevillaren txakalaldia baliatzera

Sevillak ligako azken bost partidak galdu ditu, eta Osasunak aukera ona du gaur etxetik kanpoko lehen garaipena lortzekoSanchez Pizjuanen irabaziz gero, gorritxoek Sevillak adina puntu izango dituzte

Iruñea
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Azken denboraldietan, Nou Campen edo Santiago Bernabeun bezainbeste kosta izan zaie ligako talde guztiei Sanchez Pizjuanen puntuak batzea, eta Osasunak ere porrot mingarri ugari jaso ditu azken hamarkadan Sevillaren futbol zelaian. Hargatik, sasoi honetan Sevillak ez du ikararik eragiten. Antonio Alvarez entrenatzaile kargutik kendu eta Gregorio Manzanori eman zioten espainiarrek taldea zuzentzeko ardura, baina Mallorcako entrenatzaile ohiaren etorrerarekin ere burua altxatu ezinda dabil Sevilla. Ligako azken bost jardunaldietan bost partida galdu dituzte andaluziarrek, esaterako. Gainera, bost partida horietatik hiru Sanchez Pizjuanen jokatu ditu Sevillak, eta azken denboraldietako sendotasuna desagertu egin da. Hori baliatzen ahaleginduko da Osasuna gaur iluntzean, baina Osasunak berak ere ez du beldurrik ematen etxetik at: hamaika hilabete eta bi egun igaro dira gorritxoek Nafarroako Erresumatik kanpo azken garaipena lortu zutenetik. 2010a negargarria izan da etxetik urrun jokatutako partidetan nafarrentzat. 2011. urtea beste era batera hasi nahi dute Jose Antonio Camachoren jokalariek. Eta Sevillaren bolada txarrak itxaropenari eusteko balio duela argi dago.

Azken hilabete eta erdian Almeria (1-3), Getafe (1-3) eta Mallorca (1-2) Sanchez Pizjuan futbol zelaian irabazteko gai izan dira. Eta Osasunak ere gauza bera egin nahi du gaur iluntzean. Camachok badaki ez dela norgehiagoka erraza izango, baina Sevillaren txakalaldia ikusita, itxaropentsu dago Osasunako entrenatzailea: «Sevillak bolada txarra amaitu nahiko du, logikoa da, baina guk ere behingoz etxetik at irabazten ahalegindu beharra daukagu. Ez da erraza izango, baina irabaziz gero, aurrerapauso itzela emango genuke, eta ea behingoz aukera baliatzen dugun. Etxean hiru partida jarraian galtzea ez da normala, ez Sevillarentzat, ezta ligako beste talde guztientzat ere. Postu gozoetatik sailkapenaren erdialdera igaro dira, eta zalantzak eta urduritasunak agertuko zitzaizkien. Suspertu egin nahiko dute orain, baina datuek argi erakusten digute Sevillaren zelaian irabaztea posible dela, eta horretan ahaleginduko gara».

Irabaziz gero, Sevillak adina puntu izango ditu Osasunak<-> —orain Manzanoren taldeak 20 puntu ditu, eta Camachorenak, 17—, eta horixe da asmoa. Halere, Osasunak jokalari garrantzitsuak faltako ditu gaur iluntzeko partidan: Monreal, Pandiani, Camuñas eta Ruper min hartuta daude, eta Masud eta Nekunam irandarrek urtarrileanAsiako Kopa jokatuko dute, Irango selekzioarekin. Ruper izan ezik, beste bost jokalariak titulartzat jo daitezke gaur egungo Osasunan. Eta hasierako hamaikakoan ohiko bost jokalari faltatzea buruhauste handia izango da Camachorentzat, zalantzarik gabe. Ezker hegalean, esaterako, proba bitxia egin beharko du entrenatzaile espainiarrak, sasoi hasieran eskuin hegaleko atzelari posturako lehian ari ziren bi jokalarirekin beteko baitu ezker hegala: Oier ariko da atzelari lanetan eta Damiak zelai erdian jokatuko du. «Sasoiko une zail batean gaude, jokalari garrantzitsu asko falta zaizkigu eta hori inoiz ez da albiste pozgarria izaten. Hargatik, datorren astean zenbait jokalari berreskuratuko ditugu beharbada eta zailtasunak gaindituko ditugu», adierazi zuen teknikariak atzo, hutsuneen inguruan galdetu ziotenean. Ezkortasunaren erdian baikortasun printzak aurkitu nahi ditu Osasunako entrenatzaileak, eta datorren astean Getaferen aurka etxean jokatu beharreko partidarako Camuñas eta Pandiani prest izan ditzakeela badaki Camachok. Nekunamen hutsunea Puñalek beteko du, eta aurrealdean Lekicek Arandari utzi beharko dio tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.