Simon Clarkek (Israel) irabazi du Frantziako Tourreko bosgarren etapa, egun guztia taldean ihesean aritu eta gero. Eguna begiz jota zeukaten talde guztiek, eta askok amets gaiztoak ere izango dituzte etaparekin. Jumbo-Vismari dena atera zaio gaizki. Jonas Vingegaardek matxura izan du, eta Primoz Roglic erori egin da. Esloveniarrak sorbalda dislokatu du, eta bere lekuan jarri behar izan diote. Tadej Pogacarrek (UAE) hori baliatu du tropeletik ihes egin eta atzera begiratu gabe eraso egiteko. Lehenak hamahiru segundo besterik ez ditu galdu azkenean Pogacarrekiko, baina Roglic harengandik bi minutu pasatxora sartu da helmugan. Hala ere, Woud Van Aertek (Jumbo-Visma) jarraituko du lehen postuan.
Lilletik (Frantzia) irten datropela. Eguneko ihesaldian sartzea garesti zegoen, eta, azkenerako, sei laguneko talde batek egin du aurrera. Tropelean, urduritasuna nabarmena izan da une oro, harbideetan ondo kokatuta sartzeko. Espero bezala, zorteak ere garrantzi handia izan du bertan.
Aurreko etapan talde estrategiarekin erakustaldia eman eta gero, Jumbo-Visma izan da kaltetuena harbideetan. Vingegaardi gurpila zulatu zaio, eta atzean gelditu da, hainbat taldekiderekin batera. Zenbait faborito ere Vingeegaarden taldetxoan gelditu dira moztuta. Hori gutxi ez, eta Roglic taldeko liderra erori egin da, eta sorbalda dislokatu du. Iaz gertatu bezala, denbora asko galdu du oraingoan ere. Gorabehera hori Bora taldeak baliatu du, tropelean erritmo bortitza ezartzeko, Aleksandr Vlasov liderraren mesedetan.
Pogacar ere tiraka aritu da Borako txirrindulariekin batera, eta gero Jasper Stuyvenekin (Trek Segafredo) ihes egitea lortu du, etapa garaipenaren bila. Indarrez hustu diren arren, ez dute lortu ihesean zegoen taldetxoarengana iristea, eta, atzean, Jumbo-Vismak lan bikaina egin du Vingegaardek ahalik eta denbora gutxien galdu zezan. Roglic, berriz, beste bi taldekiderekin batera gelditu da, atzerago, eta ezin izan dira tropelarengana heldu.
Etapa esprintean erabaki da, ihesean zeuden txirrindularien artean. Azkenerako, Clarkek irabazi du, helmugako argazkian. Urtarrilera arte kontraturik gabe zegoen Australiako txirrindularia, eta gaur zerua ukitzea lortu du, Arenbergen (Frantzia). Atzetik sartu da Pogacar, Stuyvenekin batera, eta harengandik hamabi segundora tropela, Vingegaardekin eta gainontzeko liderrekin. Roglic 2.08ra ailegatu da Pogacarrengandik, eta Ben O´Connor (Ag2r) 3.21era