Simoncelliren lehen aukera

Pilotu italiarrak Malaysiako Sari Nagusian laugarren izatea aski du 250 cc-ko txapela lortzeko

Erredakzioa
2008ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Munduko motoziklismo txapelketak azken txanpan sartuta daude, eta 250 cc-ko txapelketa baino ez dago argitzeke. Horrek, gainera, ez du emozio handirik, Marco Simoncellik gelditzen diren bi sari nagusietako batean laugarren izatea aski baitu aurreneko munduko txapela lortzeko. Lehen aukera bihartik aurrera izango du, Malaysiako Sari Nagusian.

Simoncellik 37 puntuko alde ikaragarria du eta matematikak alde ditu. Aurtengo munduko txapelketak bukatu dituen lasterketa guztietan sartu da lehen lauren artean, eta bi aldiz baino ez da erori. Hori gutxi ez, eta sasoi betean dago, bere motoak lorturiko errendimenduari esker azken bi probak irabazi baititu jarraian.

Hondamendi batek baino ez lioke kenduko txapela, eta aurkari bakarra baino ez du: Alvaro Bautista. Sepango zirkuitua zabala da, eta pilotuen artean gutxiago egiten dute talka. Luzeena ere bada, ordea, eta, eguraldi heze eta beroaren ondorioz, motorrek matxura gehiago izaten dituzte. Horrelako arazoren batek baino ez luke Bautistaren itxaropena puztuko, baina, hala gertatuta ere, Simoncellik beste aukera bat izango du Valentzian. Moto GPn garaipena baino ez dago jokoan, eta 125 cc-etan, sailkapeneko bigarren postua.



Sailkapenak

125 CC

1. Mike Di Meglio (Derbi) 237 pt.

2. Stefan Bradl (Aprilia) 187 pt.

3. Simone Corsi (Aprilia) 184 pt.

250 CC

1. Marco Simoncelli (Gilera) 240pt.

2. Alvaro Bautista (Aprilia) 203 pt.

3. Mika Kallio (KTM) 191 pt.

MOTOGP

1. Valentino Rossi (Yamaha) 332 pt.

2. Casey Stoner (Ducati) 245 pt.

3. Dani Pedrosa (Honda) 209 pt.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.