Elkarrizketak egiten dabil Beñat Apezetxea (Goizueta, Nafarroa, 2005). Estreinakoa egingo du gaur profesionaletan, Tolosan (Gipuzkoa), eta horrek ikusmina piztu du. «Ospetsua ni? Bai zera!», esan du barrez. Umoreko dago, eta oso zoriontsu. «Ametsa bete dut».
Gaur jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz zaude?
Lasai nago. Duela bi hilabete esan zidaten debuta egingo nuela, eta nahiko luzetxo egin zait. Baina, azkenean, iritsi da eguna, eta ilusioz eta gogotsu nago.
Nola jakin zenuen?
Ez nuen batere espero. Unai Alberdik Baiko utzi berri zuen, Aspen aritzeko. 21 pilotari zeuden Aspen, eta uste nuen ez nuela debutatuko norbaiti kontratua bukatu arte. Baina Inaxiok [Errandoneak, Aspeko zuzendari komertzialak] deitu ninduen, eta esan debuta egingo nuela. Kristoren poza hartu nuen. Bizi guztia neraman dei horren zain.
Segituan esan zenien etxekoei?
Bai. Inaxiok esan zidan inori ez esateko, baina etxekoei kontatu beharra nien, haiek egon baitira beti nire ondoan garai on eta txarretan.
Zure aita, Juantxo Apezetxea, pilotaria izan zen: besteak beste, munduko txapeldun izan zen. Baina ez zen aritu profesionaletan. Nor poztu da gehien debutagatik: zu ala bera?
Askok esaten didate aita gainditu dudala, profesionaletan jokatuko baitut. Baina aitak afizionatuetan ikasi zuen guztia erakutsi dit niri. Oso argi dut hari esker iritsi naizela hona.
Haren antza omen duzu.
Kontatu didatenez, hark hanka biziak zituen, eta ni ere bizi mugitzen naiz. Baina aitak nik baino eskuin askoz hobea zuen. Ni eskuina izan arren, gusturago aritzen naiz ezkerrez.
Zer gomendio eman dizute etxean?
Lasai egoteko, eta, kantxan, barruan dudan guztia emateko.
«Ez nuen batere espero debutatzea. Kristoren poza hartu nuen. Bizi osoa neraman dei horren zain»
Oso familia pilotazalea duzu.
Bost gara etxean, eta bostak oso pilotazaleak gara. Gurasoen familia ere oso pilotazalea da. Asko bizi dugu pilota, eta, hemendik aurrera, are eta gehiago biziko dugu.
Goizueta oso herri pilotazalea ere bada: futbol zelai baten faltan, denak frontoira.
Goizuetan afizio handia dago, eta betidanik jende asko ibili da frontoian. Azken urteetan, ordea, jende dezente dabil ere futbolean, Hernanin. Ni oso babestua sentitu naiz beti: jokatu ditudan final guztietara joan da Goizuetako jendea.
Bi urterako kontratua sinatu duzu. Zer eskatu dizute?
Pixkanaka, dauzkadan gabeziak zuzentzeko. Horixe egin nahi dut nik, pilotari hobea izateko.
Nolako pilotaria zara?
Gustatzen zait erritmoa jartzea. Ez dut pilota asko luzatzen, baina gustatzen zait aurrean ibiltzea.
Zertan moldatzen zara ondoen?
Bizi jotzen dut ezker gantxoa; horrekin egiten dut min handien.
Zertan duzu hobetzeko gehien?
Eskuinez jokatzen. Hobeto jarri behar naiz pilotari eskuinez emateko.
Denbora daramazu profesionalekin entrenatzen. Zer moduz aritu zara?
Izugarri gustura aritu naiz. Txiki-txikitatik ikusi ditut telebistan, eta sekulako ilusioa pizten dit haiekin entrenatzeak. Sekulako maila dute. Nahiko ondo moldatu naiz haiekin entrenatzen. Ea orain partidetan horren pare aritzen naizen.
«Bizi jotzen dut ezker gantxoa; horrekin egiten dut min handien. Aldiz, hobetu egin behar dut eskuinez»
Pilotari kutunik izan al duzu?
Goizuetakoa izanik, Aimar Olaizola izan dut erreferente. Pilotari guztiok amestuko genukeen kirol ibilbidea egin du berak; sinatuko nuke oraintxe hark egin duenaren laurden bat egitea. Egungo pilotarien artean, berriz, Altuna gustatzen zait gehien.
Pilotan jokatzeaz gain, ikasi egiten duzu?
Bai. Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako eta lehen hezkuntzako gradu bikoitza ari naiz ikasten Deustuko Unibertsitatean. Goizetan joaten naiz klasera. Saiatzen naiz ikasketak eta pilota ahalik eta ondoen uztartzen.
Unax Landa Baikoko pilotariaren klasekidea zara.
Halaxe da. Ikaskide dut, baita laguna eta entrenamendukidea ere: goizetan, elkarrekin ikasten dugu, eta, arratsaldeetan, elkarrekin aritzen gara gimnasioan. Ordu asko egiten ditugu elkarrekin. Anaia baten parekoa da.
Hark duela bi hilabete eskas egin du debuta. Bada kasualitatea.
Bai, handia, eta oso polita. Unaxek debutatu egingo zuela kontatu eta bizpahiru egunera deitu ninduen Inaxiok, nire debutarena esateko. Izugarri poztu ginen biok.
Hura ikaragarri ondo ari da. Sinatuko zenuke horrela hastea?
Bai, noski. Unax ikaragarri ondo ari da. Afizionatuetako azken urteetan jada ikusgarri zebilen, eta profesionaletan ere halaxe dabil. Harri eta zur utzi ditu guztiak. Inork ez zuen uste horren seguru eta ondo jokatuko zuenik.
Ikasi, pilotan jokatu, eta gurasoen jatetxean zerbitzari.
Ahal dudan gutxien egin dut azken hori [barrez]. Baserria ere badugu, eta gehiago gustatzen zait hango martxa.
Hemendik aurrera zure partidak jarriko dituzte jatetxeko telebistan.
Telebistan beti dago pilota jarrita, eta pentsatzen dut hemendik aurrera nire partidak jarriko dituztela.
Sarrera asko eskatu dizkizute?
Enpresak berrehun sarrera eman zizkidan, eta segituan geratu nintzen gabe. Jende asko geratu zen sarrerarik gabe, baina Internetez erosi dituzte.
Zer kontatu dizute debuteko partidari buruz?
Opari ederra egin didate, eta kristoren partida jarri: Rezustarekin batera ariko naiz, Peio Etxeberriaren eta Bikuñaren aurka. Ni ez beste, Lehen Mailakoak dira guztiak. Jendeak esan dit lasai egoteko, eta, ahal badut, nire onena emateko, baina batez ere gozatzeko, gozatzeko eguna baita. Ea horrela den.
Gero baduzue ospakizunik?
Bai. Axier Olaizolari deitu nion, eta haren sagardotegian hartu dugu tokia.
Zintzo ibili beharko duzu, igandean bertan B Serieko buruz buruko atarikoa jokatuko baituzu Xabier Rekalderen aurka.
Nahiko partida zaila da, Rekalde oso ona baita buruz buru. Ea irabazten dudan.
Debuta egitear, norekin gogoratzen zara?
Lehen esan bezala, oso eskertuta nago aitarekin. Horrez gain, asko gogoratzen naiz aitonarekin; duela urtebete pasatxo hil zen. Asko laguntzen zidan, eta dagoen tokitik seguru lagunduko didala.
Binakako Txapelketako finala jokatuko dute aurki. Nork nahi duzu irabaztea?
Oso altunazalea naiz. Berak eta Ezkurdiak irabaztea nahi dut.