Javokhir Sindarovek (Taskent, Uzbekistan, 2005) irabazi du Hautagaien Torneoa. 20 urte besterik ez du, eta harrituta utzi ditu xakearen zaleak. Garri Kasparovek eta Magnus Carlsenek gazteak zirenenean egiten zuten moduan irabazi baitu. «Oso berezia da egiten ari dena», esan zuen, hain zuzen, Carlsenek, Sindarovek egindako torneo hasierari buruz hitz egin zuenean. Lehen zazpi partidetatik bost irabazi zituen, eta bi berdindu. Carlsenek kontatu zuen emazteak galdetu ziola ea berak halakorik egin ote zuen noizbait, eta ezetz erantzun behar izan ziola. «Sindarovek ez du ia hutsik egin».
Kasparovek ere eman du iritzia. Uzbekistanen xakearen inguruan egin den lana nabarmendu du munduko txapeldun ohiak, eta Sindarovek «beldurrik gabe» jokatu izana goraipatu du. Peter Svidler maisu handiak Sindaroven jokoaren beste alderdi bat azpimarratu du: denboraren kudeaketa. «Mugimendu onenak egiteaz gain, erlojuaren aurka ere munduko onenak gainditzen ari da». Beste edozein jokalarik baino partida gehiago irabazi ditu, Hautagaien Torneoaren txapelketa eredua aldatu zenetik. Hala, faborito da Munduko Txapelketako finala irabazteko. Gukesh Dommarajuren aurka jokatuko du final hori.
Carlsen dago oraindik ere munduko zerrendako lehen postuan. Baina Munduko Txapelketa jokatzeari uko egin zionetik, ez dago argi nork har dezakeen haren tokia. Ian Nepomniaxtxik egingo zuela zirudien. Izan ere, 2021ean finala jokatu zuen Carlsenen kontra, eta 2022an Hautagaien Torneoa irabazi zuen. Baina 2023an Ding Lirenen aurka galdu zuen. Ding ere ez da sendo aritu. Txapeldun izan ondoren gutxi lehiatu zen, eta 2024an galdu egin zuen Gukeshen aurka, huts larri bat egin ondoren. Ordutik ia ez du jokatu, eta neurri batean erretiratuta dagoela uste da. Gukeshekin ere bazegoen itxaropena, baina haren emaitzak ez dira esperotakoak izan. Txapeldun denetik, ez du torneo handirik irabazi, eta 2025eko Grand Swissean 41. postuan geratu zen. Jakina da, Carlsen ez egonda ere, gaur egungo munduko txapelduna ez dela jokalaririk onena.
Sindarovek irabaztea ez da ezustea izan. Aspalditik zetorren goraka. 2005ean jaio zen, eta txikitatik erakutsi du talentu handiko jokalaria dela. 2021eko Munduko Kopan jauzi handia egin zuen, eta, ordutik, etengabe egin du gora. Ausart jokatzen du, eta sortzailea da. Konplikazioen bila aritzen da. Gainera, gero eta sendoago ari da. 2023an eta 2024an, emaitzei begiratuta, egonkor aritu zen, eta 2025ean, 19 urterekin, aurrerapauso erabakigarria eman zuen: Munduko Kopa irabazi, 2.700 Elo puntuen muga gainditu eta elitean finkatu zen. Torneo hori irabazi duen historiako jokalaririk gazteena da. Hautagaien Torneoan egindakoarekin berretsi du talentu handiko jokalaria dela, eta egindako lanak fruitua eman diola. Presioarekin lehiatzeko gai dela ere erakutsi du, eta, aipatu bezala, munduko txapeldun izateko hautagai argia da.
Gero eta gazteagoak
Munduko Txapelketan lehian arituko diren jokalariak oso gazteak dira. Izan ere, Sindarovek 20 urte ditu, eta Gukeshek, 19. Gauzak aldatu egin dira arlo horretan. Garai batean, finalistek 40 urte baino gehiago izaten zituzten. 1894an, Wilhelm Steinitzek 57 urterekin jokatu zuen finala. Galdu egin zuen, Emmanuel Laskeren aurka. Hark 25 urte zituen, eta garai hartarako gaztea zen finalean aritzeko. Finalisten batez besteko adina 40 urtetik gora mantendu zen urte askotan. Izan ere, gazteek ez zituzten baliabideak gorenera iristeko. Partida oso zailak irabazi behar zituzten, eta, horretarako, asko entrenatu behar zuten. Torneoak ere askoz luzeagoak izaten ziren.
1970eko hamarkadan hasi zen batez besteko adin hori behera egiten, xakea profesionalizatu zenean. 1972an Bobby Fischerrek (29 urte) eta Boris Spasskyk (35 urte) hamar urte jaitsi zuten batezbesteko hori, eta ordutik 31 urtetik behera mantendu da. Salbuespena 2012ko finala izan zen. Bertan Han Vishvanathan Anand (42 urte) eta Boris Gelfand (43 urte) aritu ziren elkarren aurka. 2024ko finalean finalistek 25 urte zituzten, batez beste.
Maisu handiak gero eta gazteagoak dira, eta xakea gazteentzako kirola bihurtzen ari da. Exijentzia, prestakuntza eta partiden erritmoa ez dira berdin kudeatzen adinean aurrera joan ahala. Hori kontuan hartuta, FIDE Nazioarteko Xake Federazioak, adibidez, torneoak egokitu egin ditu adinaren arabera; baita beste hainbat federaziok ere. Adibidez, 20 urtez azpiko kategoria ia desagertu egin da, eta 18 urtez azpikoa dago orain. Beteranoen txapelketak ere moldatu egin dituzte. Garai batean, beteranoen txapelketak jokatzeko, 60 urte baino gehiago izan behar zen. 2014tik aldatu egin da hori. Gaur egun, 50 urte izan behar dira horietan lehiatzeko.